Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak mendekotasuna duten adinekoen bizi-kalitatea neurtzeko azterlan bat egingo du

Gipuzkoako Foru Aldundiak mendekotasuna duten adinekoen bizi-kalitatea neurtzeko azterlan bat egingo du

· Azterlanaren helburua da mendekotasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitatearen pertzepzioa ezagutzea, bai haien etxeetan, bai lurraldeko egoitza-zentroetan. · Inkesta 13.000 adinekori egingo zaie, eta Aldundiak lurraldeko bizi-kalitatearen eskaerei zuzenean erantzungo dieten estrategiak diseinatu ahal izango ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez, mendekotasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako bizi-kalitateari buruzko inkesta bat jarri du abian, bai etxe partikularretan, bai lurraldeko egoitza-zentroetan. Helburua da herritar horien beharrak eta iritziak hobeto ezagutzea, eta, emaitzetatik abiatuta, Gipuzkoako zaintza-zerbitzuak indartzea eta egokitzea, zerbitzuetan oinarritutako eredu batetik pertsonarengan oinarritutako eredu baterako trantsizioa bizkortzeko.

Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez: "Gure lurraldean bizi diren pertsonen bizi-kalitatea da Aldundiaren kezka nagusietako bat. Ikerketa honi esker, ikuspegi integrala izango dugu adin horretako gipuzkoarrak nola sentitzen diren eta haien ongizatearen zer alderdi lehenetsi behar ditugun jakiteko".

Inkestari esker, adinekoen bizi-kalitatearen indizea eta Gipuzkoako adinekoen bizi-kalitateari buruzko ikuspegi orokorra aztertu ahal izango dira. Era berean, lurralde-mailako azterlana izanda, emaitzak ez dira udalerrika banakatuko, ezta egoitza-zentroka ere.

Udalen eta egoitzen lankidetza

Peña diputatuak udalen lankidetzak ikerketa honetan duen garrantzia azpimarratu du: "Udalen lankidetza funtsezkoa da, adinekoei aukera emango baitie ikerketa ofiziala dela baieztatzeko, parte hartzeko moduari buruzko zalantzak argitzeaz gain. Udalek eta haien gizarte-zerbitzuek eskaera bat jaso dute ekimen hau zabaltzeko eta parte-hartzaileei inkesta erantzuteko prozesuan laguntzeko".

Bestalde, egoitza-zentroek ere berebiziko garrantzia izango dute. Aldundiak hauen laguntza eskatu du egoiliarrek galdetegia betetzeko erraztasuna izan dezaten, eta behar izanez gero, laguntza emateko.

Inkesta irisgarria izateko diseinatuta dago, eta bi modutan erantzun daiteke: QR kode baten bidez edo gutun pertsonalizatu baten bidez jasoko duten web estekari erantzunez; era berean 900-670-771 doako zenbakira deitzeko aukera ere izango da, eta bertan, profesionalek zuzeneko laguntza eskainiko dute galdetegia betetzeko.

Emaitzak eta aurkezpena

Azterlana amaitutakoan, emaitzak egoitza-zentro bakoitzarekin eta udalekin partekatuko dira, modu konfidentzialean. Gainera, aurkezpen publikoak antolatuko dira egoitza-zentroetan eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan, zuzendariek, profesionalek, egoiliarrek eta haien familiek emaitza orokorrak balioan jarri ahal izan ditzaten eta lurralde osoan adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko gomendioak identifikatzen eta proposatzen parte hartu ahal dezaten.

"Espero dugu gizarte eta udal eragile guztien babesa izatea azterlan garrantzitsu honetarako. Lortuko dugun informazioa funtsezkoa izango da Gipuzkoako adinekoen zaintzarako eta laguntzarako etorkizuneko politikak definitzeko" gehitu du Maite Peñak. Era berean, azpimarratu du helburua ongizate integraleko eredu baterantz aurrera egitea dela, adinekoek bizitza duina, segurua eta etapa bakoitzean dituzten beharretara egokitua izan dezaten.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 900-670-771 doako zenbakira dei dezakete interesdunek.

  

1459