Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Eibarren bildu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Eibarren bildu da

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Jon Iraola alkate eibartarrak lan-bilera bat egin dute udalerriaren erronkak aztertzeko; ondoren, foru diputatuek asteroko bilera egin dute Armeria Eskolan, Gipuzkoan aitzindaria eta erreferentea den Lanbide Heziketako zentroan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Eibarren bildu da gaur, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien esparruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitzeko, baita herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeko ere. Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin batera, asteroko ohiko topaketa egin dute Armeria Eskolan. Horrela, lurralde osoarekin lotutako zenbait neurri eta erabaki onartzeaz gain, hurbiletik ezagutu ahal izan dute Lanbide Heziketako ikastetxe horren lana, aitzindaria eta erreferentea baita Gipuzkoan eta Euskadin.

Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Jon Iraola Eibarko alkateak lan bilera egin dute, hirian lantzen ari diren erronka eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.

Diputatuen Kontseiluaren ondoren, foru diputatuek, alkatearekin batera, Armeria Eskolaren instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, Imanol Urreisti zuzendariaren eskutik. Jada ehun urte dituen ikastetxe publiko eibartarra erreferente da, prestakuntza eskaintza zabalarengatik ez ezik, inguruko enpresa ehunaren eraldaketetara eta berrikuntzetara etengabe egokitzen delako. Zehazkiago, gaur egun lantzen ari diren proiektu aurreratuetako bat ezagutu ahal izan dute: aulki robotizatu autonomoa garatzea, garun-paralisia eta mugikortasun arazo larriak dituzten adingabeen bizi kalitatea hobetzeko.

"Helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere", azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Eta gaineratu du: "Gipuzkoa osora irekita ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez. Eibar lurraldeko ekintzailetasun eta gizarte ekimeneko gune garrantzitsuenetako bat da, eta, beraz, topaketa honek aukera ematen digu udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakontzeko". Diputatu nagusiak honako konpromiso hau hartu du: "ildo berean aurrera egiten jarraitzea, lankidetza estutuz eta pertsonen ongizate integralean eragina duten proiektuak babestuz".

Gainera, Kontseiluaren bilkura Armeria Eskolan egin denez, diputatu nagusiak azpimarratu du Lanbide Heziketak “funtsezko” funtzio bat duela gure gizartearen ongizaterako, ez bakarrik “gazteak ogibide batean” prestatzen dituelako, baizik eta “berritzailea” delako eta “gizarte eta ekonomia sarearekin etengabeko harremana” duelako. Hori dela eta, in situ ezagutu ahal izan dutena bezalako proiektuak sortzeko gaitasuna du formazio sare honek, “aurrerapen teknologiko eta soluzio berriak” eskaintzen dituztenak, pertsonei zuzenean mesede egiten dietenak. "Aurrean ditugun gizarte, teknologia eta ingurumen aldaketei berme osoz aurre egiteko, gure lurraldean eta herrian daukagun zutabe sendoenetako bat da Lanbide Heziketako sarea ", gaineratu du.

Eibarko alkate Jon Iraolak Lanbide Heziketak gizartearen garapenerako duen garrantzia azpimarratu du, baita udalerriak funtsezko irakaskuntza horrekiko duen konpromisoa ere. "Gazteak berme osoz lan merkatuan sartzeko prestatzeaz gain, lanean ari diren pertsonei prestakuntza ematen eta industriaren eskaera berrietara egokitzen jarraitzeko aukera ematen die", adierazi du. Zentzu horretan, erreferentziazko hiru ikastetxeren zeregina nabarmendu du: Armeria Eskola, industria sektorearekin duen lotura sendoarekin; Uni Eibar-Ermua, enpresa ehunari lotutako prestakuntza dibertsifikatuaren alde egiten duena; eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua, irakaskuntza praktiko eta zuzena eskaintzen duena. Alkateak ostegun honetan Untzagan egingo den Ikasenpresa azokan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Azoka horretan Euskadiko 2.000 ikasle bilduko dira, eta "enpresa proiektu berritzaileen bidez haien sormena eta espiritu ekintzailea ezagutzeko aukera bikaina" izango dela azpimarratu du.

Ildo berean, Armeria Eskolako zuzendariak, Imanol Urreistik, azpimarratu du "lerrokatze garrantzitsua" dagoela Aldundiaren, Udalaren eta Armeria Eskolaren beraren ildo estrategikoen artean, bai Lanbide Heziketak "prestakuntza eta garapen industriala bultzatzeko" izan behar duen rolean, baita "ongizate emozionalaren arloan sentsibilizaziotik eta autoezagutzatik abiatuz lan egiteko konpromisoan ere, lagungarriak izango baitira lan eta gizarte ingurune osasungarriagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko garaian". Zuzendariak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari egindako bisitagatik eta Eibarko zentroaren eta Lanbide Heziketaren proiektua ezagutzeko agertu duen interesagatik, baita zentroa Eibarren eta Gipuzkoan erreferente izaten jarraitzeko duen dinamika eraldatzaileagatik ere.

  

4572