Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euro bideratuko udalerrietara, lurralde antolaketa eta kohesioa sustatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euro bideratuko udalerrietara, lurralde antolaketa eta kohesioa sustatzeko

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 25.000 euro bitarte emango dizkie 7.000 biztanletik beherako udalerriei, gizarte kohesioa hobetzeko hirigintza tresnak zuzkitzeko.

Rafaela Romero diputatu sozialistak gaur goizean aurkeztu ditu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 7.000 biztanletik beherako Gipuzkoako udalerriei emango dizkien laguntzak, plangintza indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzeko.

 

2020rako laguntza planaren paketea 150.000 eurokoa da guztira, eta, horri esker, udalek legeriara egokitu ahal izango dute beren plangintza, eta hiri eremua nola jokatu, egokitu eta hobetu aztertu ahal izango dute —betiere lur gehiago hartu beharrik gabe— kolektibo kalteberenek espazio publikoa segurtasunez erabili ahal izango dutela ziurtatuz. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 25.000 euroko laguntza emango dio udal bakoitzari, eta horren bidez hirigintza jasangarria, inklusiboa eta osasungarria sustatzen lagunduko du, hain zuzen ere hirigintza ekintzaren bidez, gizarte desberdintasunari aurre egiteko.

 

Hori nabarmendu du Romero diputatuak, eta COVID-19aren pandemiak aurrekontuetan eragindako murrizketen testuinguruan udalerri txikienak bakarrik ez uztearen garrantzia azpimarratu du. «Udalak gure lurraldearen oinarrizko zutabe dira, eta, orain, inoiz baino gehiago, pertsonengan pentsatutako hirigintza bat nahi dugu, ingurumenaren jasangarritasuna, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta kohesio soziala lehenesten dituen eredu bat oinarritzat hartuta, jarduketa integral baten bidez».

 

Laguntza plan hau aurreko legealdian berreskuratu zen, zehazki 2017. urtean, eta aurreikusitako zenbatekoa agortu zuen 2019an. Guztira 10 udalerriri eman zizkien dirulaguntzak: Ibarrari, Amezketari, Aramari, Errezili, Zestoari, Aizarnazabali, Alegiari, Antzuolari, Alkizari eta Ordiziari, besteak beste. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, aurten ere aurrekontua agortu egingo da.

 

Hirigintza plangintza funtsezko tresna da lurraldean jarduteko; izan ere, hiri antolamendu ororen oinarria da, eta lurralde espazioa aldez aurretik ezartzeko balio du. Zehazki, udalerri bakoitzaren egitura orokor eta organikoa zehazten ditu, lurraldea lurzoru mota ezberdinetan banatuz.

  • Ekoizpen eta bizitegi guneak non kokatuko diren zehazten du.
  • Ingurumena zein paisaia babesteko neurriak ezartzen ditu, baita hiriguneak zein gune historikoak babestekoak ere.
  • Espazio libreak eta berdeguneak zehazten ditu.
  • Bide publikoak eta komunikabideak zehazten ditu.
  • Eta, azkenik, interes publikoko zentroak eta zerbitzuak zehazten ditu.

 

Rafaela Romero foru diputatuaren hitzetan: «Gure helburua da lan egitea, gure herri eta hiriak leku bizi eta jasangarriak izan daitezen, pertsona guztiok horietaz modu seguruan gozatu ahal izateko diseinatuta egon daitezen; horretarako, ezinbestekoak dira estrategia konbinatu eta erakundeen arteko adostasuna».

 

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren laguntzek diruz lagunduko dituzte udal plangintza orokorreko hirigintza tresnak berrikusi edo egokitzeko gastuak, eta zuzenean lagunduko dute Gipuzkoako lurralde kohesioa eta oreka lortzen.

 

EHUren udako ikastaroak

 

Irailean EHUk udako ikastaro bat egingo du, "Hirigintzaren erronkak: hiri inguruneko desberdintasuna" izenekoa, eta gai horietan guztietan sakonduko du. Ikastaroa Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Departamentuak antolatu du, hirigintzako adituen laguntzarekin, eta hiri-ingurunea pertsona guztien beharretara egokitzeko erronka berrietan sakonduko du.

Izan ere, Erdi Arotik hona, hiriak ez dira argazki finko bat, etengabe eboluzionatzen ari dira eta erronka berriak sortzen dira jasangarritasunaren, mugikortasunaren, immigrazioaren, biztanleen zahartzearen, genero berdintasunaren, hiriaren (marketin eta kontsumo gisa), espekulazio inbertsio globalaren eta abarren inguruan.

 

Iastaro honetan, hirigintzak, hiria eta lurraldea eraikitzeko eta antolatzeko tresna gisa, aurre egin behar dien erronkei buruz hausnartuko da, bi gako erabakigarritan oinarrituta: zahartze demografikoa eta genero berdintasuna.

  

1647