Gipuzkoako Foru Ogasunak 45 langile gehiagorekin indartuko du zerga iruzurraren aurkako jarduketa
Gipuzkoako Foru Ogasunak 45 langile gehiagorekin indartuko du zerga iruzurraren aurkako jarduketa
Alorreko diputatuak, Jabier Larrañagak, eremu hau “estrategikoa” dela gogoratu eta “hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia” dela adierazi du
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuak helburu estrategikotzat du iruzur fiskalaren kontrako jarduketa eta, gaur iragarri duenez, “apustu” eta “esfortzu nabarmena” egitera doa eremu honetako giza baliabideak indartzeko: legealdi honetan bertan, 45 langile berri hartuko ditu zerga ihesaren aurkako borroka sendotzeko. Hauetatik 13, gainera, urte honetan bertan hartzea aurreikusten ditu foru departamentuak, prozedurak martxan baitaude, eta besteak “ahal dugun bezain laster”, 2019 bitarte. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da”, esan du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak.
Larrañaga eta Ogasuneko zuzendari nagusia, Jokin Perona, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu dira gaur, 2016ko Zerga Egiaztapenerako Plana gizarteratzeko. Lehen aldiz, ekimen honen aurkezpen formala egin du Ogasunak eta, “asmoetatik haratago”, “neurri zehatzak” mahai gaineratu dituela nabarmendu dute foru departamentuko arduradunek. “Iruzurraren aurkako jarduketa helburu estrategikoa da Foru Aldundiarentzat, Kudeaketa Planean jasotzen den bezala, eta arlo hau indartzeko benetako apustua egiteko garaia iritsi da”, esan du Larrañagak.
Giza baliabideei dagokionez, Ogasuneko langileen hazkundean eta egonkortzean, bietan eragin nahi dute Larrañaga eta Peronak. Horrela, 45 langile gehiago hartzeaz gain, lan poltsak abian jarri dira erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko. Zentzu honetan, 2006 urtetik lehenengoz, urte hasieran iragarritako Lan Publiko Eskaintza (LPE), gutxienez 15 teknikari plaza izango dituena, iragarri da. “Hiru ekimen hauekin, Ogasuneko lan taldea epe luzera sendotu eta egonkortu nahi dugu”, esan du Peronak.
Kutxa erregistratzaileak, multinazionalak…
2016rako Zerga Egiaztapenerako Plana lau ardatz nagusiren inguruan antolatzen da. Lehena, iruzurra saihestu eta jarraitzea, eta horretarako kutxa erregistratzaileen kontrol sistema ezartzeko lehen pausuak emango dira. Multinazionalen arloan, erakunde hauek zergak ekiditeko erabiltzen dituzten estrategiei aurre egin ahal izateko OCDEren BEPS[1] proiektua bultzatuko da. Erakundeari begira, iruzurraren aurkako mahaia sortuko da, esparru honetan Ogasuneko atal ezberdinak hobeto koordinatzea jomuga.
Bigarren zutabea giza baliabideen eta materialen hobekuntza litzateke, antolaketaren ikuspuntutik. Arlo honetan kokatzen da giza baliabideen hazkunde eta egonkortzearen aldeko apustua. Hirugarren ardatzak, bere aldetik, herritarrekin harremanak hobetzearen alde egiten du, bide elektronikoen norabidean sakonduz. Puntu honi dagokionez, pasa den hilaren 1etik aurrera lurraldeko subjektu juridiko gehienek bide elektronikok bakarrik erabil ditzakete foru Ogasunarekin duten harremanean, eta helburua zerbitzu telematiko hauek esparru gehiagotara hedatzen joatea da.
Planaren laugarren hanka informazioaren tratamenduan eta trukaketan hobekuntzak txertatzean datza. Foru departamentuko ordezkariek azaldu dutenez, jada lurraldeko udalerrien %95 baino gehiagorekin datu trukaketa hitzarmenak berritu dira, eta arlo informatikoan Big Data teknologien ezarpena eta erabilera areagotuko da. “Mota honetako erreminta informatikoei esker datu kantitate itzelak kudeatu ditzakegu, eta honek asko errazten digu informazioa erkatu edo parekatzea, oinarrizko ariketa iruzur fiskalaren aurkako jarduketan”.
Azkenik, Larrañagak gai honen inguruan pedagogia eta kontzientziazioa ariketak egitearen garrantzia nabarmendu du. Gogoratu duenez, Aldundiaren aurtengo aurrekontuaren ia erdia gizarte politikara bideratzen da eta, Jaurlaritzaren kasuan, Osasuna eta Hezkuntza dira diru-partida handienak dituzten sailak. “Gizarte bezala, barneratu beharra daukagu iruzurragatik galtzen dugun euro bakoitza erietxeei, ikastolei edota gure adinduen zaintzari kentzen diogun euroa dela”, azpimarratu du foru diputatuak: “Kontzientziazioa hau ezinbesteko dugu, gizarte aurreratua izan nahi badugu behintzat”.
[1] BEPS: ingelesez, Base erosion and profit shifting, hau da, zerga oinarriaren higadura eta irabazien lekualdatzea. Zenbait enpresak irabaziak zerga-sistema lagungarriagoak dituzten lurraldeetan ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategiak.
3683