Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan, aurten, 165 plaza berri zabalduko dituela iragarri du Olanok

Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan, aurten, 165 plaza berri zabalduko dituela iragarri du Olanok

Diputatu Nagusiak Errenteriako SanMarkosene egoitzako instalazio berriak bisitatu ditu

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Errenteriako Sanmarkosene egoitzara egindako bisitan,   gizarte zerbitzuetan aurten zabalduko dituen 165 plazen berri eman du. Olanok iragarri du Aldundiak bi milioi euro bideratuko  dituela plaza berri hauek zabaltzera eta azaldu du Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen mapan aurreikusitakoaren arabera, lehentasunak finkatuz, egingo dutela plaza berrien irekiera. Aldundiak legealdiko kudeaketarako finkatutako plan estrategikoan jasotako bederatzi ekimenetako bat da Gizarte Zerbitzuen mapa eta lau urteotan Gipuzkoan gizarte zerbitzuen alorrean  izango diren beharrak jasoko dituen erraminta izango da. “ Mapa honi esker, Gipuzkoan ditugun gizarte premiak antzeman eta  lehentasunak ezarri ditugu. Behin mapa garatuta, lurralde oreka ekarriko du Gipuzkoara, eta  hemendik lau urtera, eskualde guztiek  adinekoentzako, desgaitasunerako edo besteak beste, buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako behar besteko plaza eskaintza  izatea ahalbidetuko du”, argitu du Diputatu Nagusiak. Plaza berrien irekiera, urtero Aldundiak 50 milioi euro bideratzen dituen Ekonomia suspertzeko planaren barnean txertatutako beste neurri bat da eta Olanoren hitzetan,  “gizarte zerbitzuetan dagoen eta egon daitekeen eskariari egoki erantzutea du helburu”.

Sektoreka, Diputatu nagusiak azpimarratu du plazen gehiengo handia adineko pertsonen arretara dagoela bideratuta: “Adineko pertsonen egoitzetan eta eguneko zentroetan 96 plaza berri zabalduko dira aurten. Soraluzeko eguneko zentro berria zabaltzeko lanean ari gara eta Donostialdean, eguneko zentroetan plaza eskaintza gehitzearekin batera egoitzetako eskaintza ere zabalduko dugu, Goierri eta  Debagoiena eskualdeetan bezala. Olanok argitu du, aurten adinekoentzat aurreikusitako plazen herena baino gehiago, 35, dagoeneko zabalik daudela.

Desgaitasuna duten pertsonak artatzeko eskainiko dira beste 19 plaza berri. Baina plaza berrien irekierarekin batera,  Olanok  azpimarratu du “ egun,  dauden baliabideak urtean egun gehiagotan zabaltzea ere erronka dela, erabiltzaileei eta euren familiei sortzen ari zaizkien  behar berriei erantzuteko beharrezkoa delako”.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen arretarako  beste 27 plaza aurreikusten ditu Gizarte Zerbitzuen mapak; Urola Kostan eta Donostialdean zabalduko dituzte plaza hauek. Eta 2016. Urterako aurreikusitako gainontzeko plazak, gaueko harrera zentroetarako eta gizarteratzeko   erabiliko dira, eta zentzu horretan, Diputatu Nagusiak aurreratu du, Foru Aldundiak ahalegin berezia egingo duela lurraldeko bi muturretan, ekialde zein mendebaldeko eskualdeetan, bazterkeriari aurre egiteko  baliabideak indartzeko.

 

Sanmarkoseko lanak

Sanmarkosene egoitzan, propio egindako inbertsioez, Olanok azaldu du Foru Aldundiak 525.000 euro bideratu dituela egoitza berritzeko lanetara; aurrekontu osoaren % 35 eta harro esan du, “lan hauei esker, egoitza legeak behartzen duenera egokitzeko moduan izango dela”. Errenteriako egoitzan egindako lanei esker, aurrerantzean gutxienez logelen %25a banakakoa izango da; orain arte egoitzan ez zegoen komun geriatrikoa izango dute eta legeak behartzen duen behar beste espazio egongo da  erabilera komuneko espazioetarako. Legea betetzeaz gain, lanei esker,  egoilarrek gozatu ahal izango duten terraza irekia ere eraiki dute.

Bisitan, Diputatu Nagusiak elkarlan publiko eta pribatuaren arteko garrantzia azpimarratu du: “Erakundeok, hirugarren sektoreko elkarteen eskutik egin behar dugu bidea. Honen adibide da gaur gu hona, Gureak Taldearen eskutik etorri izana. Hirugarren sektorea Gipuzkoan oso indartsu dago eta Gipuzkoak hori baliatu behar du, erabiltzaileen beharrei egoki erantzuteaz gain, gipuzkoarrok ditugun beharrei erantzun egoki eta bereizia eskaintzeko”, itxi du Olano Diputatu Nagusiak. 

  

3016