Gipuzkoako HUb turistikoak enpresen arteko lankidetza bultzatuko du
Gipuzkoako HUb turistikoak enpresen arteko lankidetza bultzatuko du
Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia alkateak proiektu berriaren gunea irekitzen parte hartu dute.
Foru Aldundiak Gipuzkoako HUB turistikoa aurkeztu du gaur, lurraldeko sektoreko enpresen lehiakortasuna, berrikuntza eta nazioartekotzea hobetzeko lankidetza jarduerak bultzatuko dituen ekimena. Markel Olano diputatu nagusiak, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak parte hartu dute proiektua hartzen duen espazio berriaren irekieran, Donostiako hiriburuaren erdigunean (Camino kalea, 3). HUBak –Etorkizuna Eraikizen 35 proiektu esperimentaletako bat– ibilbidea hasten du asmo sendo batekin: sektorearen lankidetza publiko-pribatua dinamizatzea eta kalitatezko enplegua sortzen duten, Gipuzkoa posizionatzen duten eta lurraldera ekimen eta proiektu berriak erakartzen dituzten enpresa berritzaile berrien garapena bultzatzea.
HUBaren lan-ildo nagusien artean, 4 helburu nagusi nabarmentzen dira: lehenik eta behin, Gipuzkoan turismoaren sektorearen balio katea osatzen duten jarduera-azpisektoreetako enpresen arteko topaketa, lotura eta harremana, ideia berriak, proiektu berriak eta produktu berriak sortzeko; bigarrenik, berrikuntza eta gaikuntza bultzatzea, enpresek beren erronkei erantzun ahal izan diezaieten, batez ere digitalizazioari eta iraunkortasunari lotuta; hirugarrenik, joeren identifikazioa eta turismoaren, merkatuaren eta nazioarteko praktika onak identifikatzea, Gipuzkoako Turismo Behatokiaren jarduerak osatuz; eta, azkenik, negozioaren euskarri zerbitzuak, enpresen egunerokoari laguntzen diotenak, eskuratzea.
Olanok HUBa kokatu du Aldundiaren apustuan sektore guztietan jarduera ekonomikoa indartzeko, gure gizarte ongizatearen eta desberdintasunak murriztearen giltzarri den aldetik: “urtez urte, turismoa gero eta garrantzitsuagoa da, batez ere Gipuzkoan. 2019an gure BPGaren % 8 ekarri zuen, EAEko turismo-gastu osoaren % 42,2; 35.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu, eta 850 enpresa inguru ditu. Era berean, COVID-19aren krisiak gehien zigortu duen jarduera izan da, murrizketak eta bisitari-kopuruak behera egin baitu azken hamarkadetan ikusi ez den bezala".
Ildo horretan, Aldundiak sektorearekin duen "konpromisoa" azpimarratu du, "krisiaren eragina arintzera" bideratutako neurri koiunturaletan islaturik dagoena, hala nola laster gauzatuko den eta 500 eskaera jaso dituen 1,6 milioiko laguntza-ildoa; bai eta "etorkizun hurbila ikuspegi eraldatzailean prestatzera" bideratutako beste batzuk ere, HUBa kasu. "Proiektuaren lehentasuna turismoa industria eta sektore ekonomiko gisa egituratzen laguntzea da, eta horretarako funtsezkoa da lankidetzan aritzea eta ezagutza partekatzea: berritzeko, eskalako ekonomiak garatzeko, negozio-eredu berriak sortzeko, jasangarriagoak izateko, digitalizazio-prozesuari aurre egiteko… HUB honek prozesu horiek dinamizatuko ditu, suspertzea bizkortuko du, eta sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako, autonomoentzako eta profesional autonomoentzako laguntza izango da, gero eta lehiakortasun eta eskakizun handiagoa duen merkatu baten aurrean".
Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du jarduera turistikoa BPGaren % 15 inguru dela hiriburuaren kasuan, eta, beraz, ezinbestekoa dela botere publikoek pisu ekonomikoa duten beste sektore batzuetarako erabiltzen diren parametro berberekin jardutea. Gipuzkoako ostatu enpresen %51 eta turismo zerbitzuetako eta bitartekaritzako enpresen %41 Donostian daude. Ildo horretan, sektoreak modernizazioa, teknifikazioa eta kontaktu-lana erraztuko duten tresnak behar dituela adierazi du: "turismoaren nodo hori espezializatuko den zerbait da, eta laster erreferentzia bihurtuko da jarduera horretan diharduten eragile guztientzat".
Goiak gogorarazi du Donostiako turismo jasangarriaren estrategia Nazio Batuen Munduko Turismo Elkarteak (UNWTO) saritu zuela 2019an, "eta horrek sektore osoaren jardun ona aitortzea ekarri zuela". "Hala ere –gaineratu du–, egokitu beharrean, modernizazioan eta lurralde osoarekiko sare-lanean urratsak egiten jarraitu behar dugu, mundu-mailan erreferentziazko posizioari eusteko".
Aurreikusitako jarduerak
OUBko erabiltzaileek alta eman ahal izango dute lokalean bertan edo www.gipuzkoaturismoa.eus/hub webgunearen bidez, eta aukera izango dute beren sektorean aholkularitza espezializatua izateko, bai eta beren beharrak eta ekarpenak jasotzeko eta beren intereseko sareetara, beste eragile batzuetara edo beste erakunde batzuen baliabideetara hurbiltzeko ere. Programazioa webgunean bertan egongo da eskuragarri. Udako hilabeteetan, proiektua eragile turistikoen sozializazioan oinarrituko da, eta irailean izango du intentsitate berezia agendak.
Aurreikusitako jardueren helburua enpresen arteko topaketak bultzatzea da, bai jarduera turistikoko azpisektore berekoekin edo sektore berekoekin, bai eta turismoaren aldameneko beste sektore batzuekin ere, negozioa sortzeko helburuarekin. Adibidez, berrikuntza-jarduerak garatuko dira produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, abangoardiako prestakuntza-jarduerak, enpresei eta negozio berriei aholkularitza aditua emateko jarduerak, merkatuaren bilakaeraren eta arrakasta izan duten nazioarteko esperientzien jarraipena egiteko jarduerak, eta helmugan dauden eskualdez gaindiko proiektuak babesteko jarduerak.
Espazio berriak 110 metro koadro ditu, hainbat lan eremutan banatuta. Alde batetik, informazio turistikoa kontsultatzeko gailu ukigarriak dituen sarrera edo harrera eremu bat du, bai eta Gipuzkoa Turismoaren tresna digital nagusiak ere: Arantxat laguntzaile birtuala, "Gipuzkoa Passport" aplikazio mugikorra eta www.gipuzkoaturismoa.eus webgune berria. Bestetik, bilera-gela bat du, topaketa telematikoetara bideratutako ikus-entzunezko sistema batez hornitua, eta erabilera anitzeko espazio zabal bat duen goiko gune bat, non erabilera jarraituena proiektu puntualetarako lan-espazioa izango den, aurkezpenetarako eta prestakuntzetarako, egonaldiaren buruan dagoen formatu handiko pantaila aprobetxatuz. Gune guztiak sektore turistikoko enpresen eskura egongo dira, eta beren sisteman soilik alta eman beharko dute.
Eskualdeko turismo eragileekin, turismoaren balio katea osatzen duten azpisektoreekin eta beste erakunde eragile batzuekin (eskualde garapeneko agentziak, sektore elkarteak, Donostia Turismoa, Basquetour, Deustuko Unibertsitatea…) lankidetzan eta koordinatuta sortu da HUBa. Prozesu horretan BIC Gipuzkoaren aholkularitza ere izan da, Gipuzkoan ekintzailetza bultzatzeko erreferentziazko eragilea den aldetik, eta haren babesa izango du bere jardunean. Hura diseinatzeko, erreferentziazko nazioarteko hainbat proiektu aztertu dira, bai HUB globalak, bai turismoarekin lotutako beste batzuk (Norvegia edo Singapur, adibidez).
HUBa Gipuzkoako Turismoaren Bulegoa berrorientatzeko eta eboluzionatzeko prozesu baten emaitza da. Bulegoaren jardueraren ardatz nagusia ez da jada informazio turistikoa, baizik eta sektorearen barruan konexioa eta sarea sortzeko jada hasita dauden beste lan-alderdi batzuei heltzea, horiek indartuz eta zabalduz, Foru Aldundiko Turismo Departamentuaren 2021-23 plan estrategikoaren eta BEGIKA estrategiaren barruan.
2884