Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako I+G+B ekosistemari emandako babesa finkatu du Aldundiak, laguntzetarako 4,3 milioi xedatuz

Gipuzkoako I+G+B ekosistemari emandako babesa finkatu du Aldundiak, laguntzetarako 4,3 milioi xedatuz

Ikerketa zentroei eta erakundeei laguntzeko programak konputazio kuantikora zuzendutako lerro berri bat barne hartuko du.

Aurten, Foru Aldundiak 4.315.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareari laguntzeko programara. Horren helburua da bertako erakundeek I+G+B proiektuak garatzeko eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioak egiteko egiten duten ahalegina babestea. Programak lau lan-ildo ditu: enpresetako I+G unitateen proiektuak (1 milioi euro); Gipuzkoa Next laguntzak (315.000 euro); ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetan egindako inbertsioa (800.000 euro); eta I+G proiektuak (2,2 milioi euro).

          Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak eta Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak aurkeztu dituzte iazko zuzkidura ekonomikoari eusten dion deialdi baten xehetasunak; betiere, Aldundiak, diru-sarrerak gutxitu arren, lehiakortasunera eta sare ekonomikoaren eraldaketara bideratutako programa nagusiak sendotzeko eta indartzeko hartutako konpromisoaren barruan (Ekonomia Indartuz Planean islatutakoa). "Inoiz baino larriagoak eta ugariagoak diren egoeraren araberako beharrei erantzuteaz gain, etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozialei erantzun behar diegu. Lanean ari gara bateragarri egiteko, batetik, krisiak gehien kaltetutako pertsonei eta sektoreei ematen zaien laguntza eta, bestetik, gure enpresen eraldaketa lehiakorra eta lurraldeko apustu estrategikoen sustapena. Berrikuntza eta ikerketa funtsezko palankak dira hori lortzeko", azpimarratu du Larrañagak. 

          Deialdiak hainbat berritasun ditu, eta horien artean dago Gipuzkoa Next izeneko laguntza lerro berri bat, 315.000 eurokoa, zeinaren bidez bultzatuko diren berreskuratzeko, eraldatzeko eta erresilientziarako euskal apustuan (Euskadi Next) jasotzen diren arloetako proiektuak.   Aurten, laguntza lerro horretara aurkeztu ahal izango dira konputazio kuantikoari lotutako proiektuak, informazioaren prozesamendua iraultzen ari den esparrua eta aplikazioak dituena energia-sareen optimizazioan, aireko zirkulazioan, mugikortasunean, adimen artifizialean, zibersegurtasunean, iruzurraren detekzioan, inbertsio-zorroen optimizazioan eta baita botika berrien garapenean ere. Lerro horretaz gain, Aldundia Gipuzkoa Quantum proiektua garatzen ari da, eta DIPC eta Multiverseren parte-hartzearekin, mekanika kuantikoan oinarritutako teknologien erreferente gisa kokatu nahi du lurraldea.

Bereziki baloratuko dira, halaber, Euskadi Next programaren arloetako inbertsio proiektuak, bai eta EAEko 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak ezarritako arloetako I+G proiektuak ere. Eusko Jaurlaritzaren ekintzekin eta laguntzekin ahaleginak lerrokatzeko helburu berberarekin, zenbatekoak deialdiko laguntza lerroen artean banatzeko orduan, haiekiko osagarritasuna bilatu da. Gainera, zentroen finantzaketa errazteko, Aldundiak laguntzen aurrerakinak egiteko aukera ematen du. Deialdiari buruzko informazioa eskuragarri dago  Aldundiaren dirulaguntzen atarian (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak), eta eskabideak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

          Iaz, Aldundiak 54 proiektu babestu zituen deialdi horren bidez, 31 unibertsitate-zentro, -fakultate eta -erakundek eta I+G unitatek egindakoak: enpresetako I+G unitateek gidatutako 10 proiektu, inbertsioko 16 proiektu eta I+G+Bko 28 proiektu.  Arlo nagusiak biozientziak eta osasuna, fabrikazio aurreratua, energia berriak, ekonomia zirkularra, adimen artifiziala eta mugikortasun berria izan ziren.  Unibertsitateei emandako laguntza onartutako laguntzen % 25 baino gehiago izan zen, eta lagundutako zentroen artean daude, halaber, Cidetec, Lortek, Tekniker, Ideko, Tecnalia, Vicomtech, Azti, Elhuyar, MPC edo CIC BiomaGUNE, baita enpresetako I+G unitate hauek ere: Creatio, Eipc RC, Edertek, Koniker, Hispavista Labs, Orona, Ametzagaiña, Cetest, Ikor Tc eta Ikergune.  Diruz lagundutako proiektuen % 37 baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira.

Gipuzkoa nabarmentzen da I+G+Bko euskal ekosistemaren barruan duen sendotasunagatik; izan ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 133 eragileetatik 70ek lurraldean garatzen dute beren jarduera.  11 zentro teknologiko, ikerketa kooperatiboko 2 zentro, 4 bikaintasun zentro (BERC), ikerketa biosanitarioko institutu bat, I+G sanitarioko 2 erakunde, enpresetako I+Gko 28 unitate eta lau unibertsitate ditu, besteak beste. 

Larrañagak ekosistema horren "dinamismoa" eta "aniztasuna" azpimarratu ditu. "Honaino iristeko, ahalegin kolektibo jarraitua egin behar izan da denboran zehar, konbikzio garbi batekin, ikerketa ez baita inprobisatzen. Inbertsio handiak egin behar dira puntako ekipamendu eta azpiegituretan, etengabe eguneratu eta berritu behar direnak egunean egoteko, teknologia aurreratuenetako proiektuak ere egin behar dira, eta pertsonen prestakuntzan eta haien talentuan inbertitu.  Programa horri esker, urteak daramatzagu ezagutza sortzen, garatzen eta enpresen eta gizartearen zerbitzura jartzen diharduten Gipuzkoako zentroak babesten. Lurralde eta herrialde gisa egiten dugun etorkizuneko apustua da".

Gipuzkoako egoerari buruzko azterlana

Era berean, foru arduradunek gaurko deialdian azaldu dituzte Aldundiak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloan lurraldearen erradiografia lortzeko bultzatutako azterlanaren ondorio nagusiak. Jon Gurrutxagak zehaztu duenez, I+Gko gastua handitu egin da azken urteotan, eta 2019an iritsi da maximo historikora: 642 milioi euro. Gipuzkoako I+Gko gastuaren maila 500 eta 600 milioi euro artean mantendu zen 2008-2018 aldian. BPGrekiko I+Gko gastuaren ehunekoa (% 2,40 2019an) 2013ko mailen azpitik dago (% 2,44), baina Euskadiko batezbestekoa (% 1,86) eta Europakoa (% 2,11) baino handiagoa da, eta estatukoa (%1,24) baino bi aldiz handiagoa da.  Nolanahi ere, Suedia, Austria, Alemania edo Danimarka bezalako herrialde liderren azpitik dago oraindik. Lider diren herrialdeen eta Gipuzkoaren arteko aldea areagotu egin da 2012tik,

Gipuzkoak 2012an lortu zuen BPGrekiko I+G gastuaren ehuneko handiena, eta, ondoren, 2016ra arteko jaitsiera izan zuen, BPGaren susperraldiaren eta I+Gko gastu gero eta handiagoaren ondorioz, baina BPGarena baino txikiagoa betiere. Lurraldean 12.216 pertsonek egiten dute lan sektore horretan.

          Berrikuntzako gastuari dagokionez, Gipuzkoak beherakada izan zuen 2008-2014 aldian, eta -% 1eko urteko tasara iritsi zen krisiaren ondorioz. 2008an 927 milioi euroko gastua izatetik 2014an 824 milioi eurokoa izatera igaro zen. Hala ere, azken urteetan urteko % 3,5eko erritmoan berreskuratu da, eta 2019an 978 milioi eurokoa izan da, "hau da, 2008ko krisiaren aurreko mailen gainetik". Susperraldia gorabehera, krisiaren eragina "oso handia" izan zela esan du zuzendariak, eta enpresa berritzaileen kopuruan "beherakada bortitza" eragin zuela: "Gehiago kostatzen ari zaigu suspertzea, indikadore horretan". Jaitsiera hori bereziki nabarmena da berrikuntza prozesuan duten enpresen kasuan, eta ez hainbeste produktu-enpresetan, horien kopurua berreskuratzea lortu baita krisi aurreko kopuruekin alderatuta.

Azterlanak aipatzen duen beste joera orokor bat da berrikuntza gero eta gehiago kontzentratzen dela berrikuntzan oso intentsiboak diren enpresen talde txiki batean. Enpresa horien esfortzua "oso handia" dela azpimarratu du Gurrutxagak. Horrela, lurraldeko enpresen intentsitate teknologikoa (jarduera berritzaileetako gastua, negozio-zifra osoaren gainean) % 4,92koa izan da 2019an, Estatuko batezbestekoa (% 1,94), Europako batezbestekoa (% 2,69) eta Euskadikoa (% 4,69) baino askoz ere handiagoa, baita herrialde lider gehienena baino handiagoa ere, hala nola Alemania (% 3,80) edo Suedia (% 3,95).

Enpresa horiek "batez bestekoa baino tamaina handiagoa" dute. Hala, jarduera berritzaileetarako gastu osoaren % 66 50 langile baino gehiagoko konpainietan biltzen da ( % 53k 100 langile baino gehiago ditu plantillan). Txanponaren beste aldean, 5 eta 50 langile bitarteko 4.200 enpresako kolektibo bat identifikatzen du azterlanak, eta ez du berrikuntzarik egiten, baina badu horretarako gaitasunik: "Daukagun erronka handienetako bat da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan kultura eta berrikuntza-prozesuak zabaltzea, horiek baitira horretarako ahalmena duten gehienak. Are gehiago gure sare ekonomikoan eta industria-sektorean duten pisua kontuan hartuta ".

Hobekuntza arloak

Jabier Larrañagak adierazi duenez, azterlanak egiaztatzen du Gipuzkoak "kokapen nabarmena duela" esparru horretan, baina, era berean, identifikatzen ditu gure potentzial guztia ateratzeko "hobetu beharreko arloak". Ez gara konformatzen daukagunarekin, eta gelditzera eramango gaituen autokonplazentziazko irakurketarik ere ez dugu egin nahi. Herrialde liderrek izan behar dute gure erreferentzia. Pandemiak agerian utzi du osasun arloan ikerketak duen garrantzia. Baina, beharrezkoa da ere produktu berriak sortzeko, enpresa berriak sortzeko, enpleguari eusteko eta kalitatezko enplegu berria sortzeko, gizarte-arazoei edo ingurumen-erronka berriei aurre egiteko. Horregatik, lehentasunezkoa da ikerketa eta garapena indartzea, Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko".

Hala, Aldundiak azterlanaren ondorioetako batzuk sartu ditu gaur aurkeztutako laguntza deialdiaren baremoetan, eta hainbat lan-ildo ezarri ditu: I+G sistemaren indarguneak baliatzea emaitzak enpresa-ehunera transferitzeko, Etorkizuna Eraikizeko erreferentzia-zentroen zeregina indartuz; enpresetan berrikuntzako kultura sistematiko bat orokortzea, eta horretarako, laster aurkeztuko duen ekintzailetzako proiektu pilotu bat garatuko du; ikertzaile gazteen ekintzailetza goiztiarra babestea, eskuratutako ezagutzak produktu edo prozesu berritzaile bihurtzeko eta baita "spin-off enpresa" bihurtzeko ere; eta enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatzea, Europako funtsetatik erator daitezkeen proiektu traktoreen bidez, eta datozen asteetan aterako duen enpresen eraldaketa digitala sustatzeko laguntza deialdi berri baten bidez.

  

2298