Gipuzkoako I+G+B sarea bultzatuko da, laguntzetara 4,3 milioi bideratuz
Gipuzkoako I+G+B sarea bultzatuko da, laguntzetara 4,3 milioi bideratuz
Ikerketa zentroei eta erakundeei laguntzeko programak Adinberrirekin lotutako narriadura kognitibora zuzendutako lerro berri bat barne hartuko du.
Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko dirulaguntza programaren 2022ko deialdia onartu du gaur goizean. Guztira, 4.315.000 euro bideratuko dira honetara, lerro hauetan banatzen direnak: enpresetako I+G Unitateen proiektuetarako dirulaguntzetara 1.000.000 euro; Gipuzkoa Next dirulaguntzetara 315.000 euro; ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetan inbertitzeko proiektuetarako dirulaguntzetara 800.000 euro; eta, azkenik, I+G proiektuetarako dirulaguntzetara 2.200.000 euro. “Inoiz baino larriagoak eta ugariagoak diren egoeraren araberako beharrei erantzuteaz gain (pandemia lehenengo, gerra ondoren), etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozialei erantzun behar diegu. Berrikuntza eta ikerketa funtsezko palankak dira hori lortzeko, ezinbestekoak”, azpimarratu du Eider Mendoza, Aldundiaren bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, Gipuzkoa ondo kokatuta dago berrikuntzaren arloan. Eustaten azken datuen arabera, lurraldean 12.500 lagun aritzen dira I+Gri lotutako jardueretan, horietatik 8.369 dedikazio osoarekin eta, gainera, Gipuzkoa da EAEko lurraldeen artean BPGd-aren ehunekorik handiena bideratzen duena I+Gra, 2020an % 2,63raino iritsita. Aipatzekoa da, halaber, gipuzkoarrak direla EAEn ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten lau eskualdeak (Goierri, Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdea).
Mendozan ustetan, Gipuzkoak, urteetan zehar egindako ahaleginaren ondorioz, ikerketaren eta berrikuntzaren eremuan lan egiten duten zentro, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta pertsona ugari ditu. Zentro horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) sartuta daude. “Aldundi honek badaki Gipuzkoak industria lehiakorra, erreferentziako ekosistema teknologikoa eta prestatutako gizartea izatearen arrazoietako bat denboran zehar I+G+Bn egindako inbertsioa dela. Kontuan hartuta etorkizuna lanean eta baliabideak eskaintzen jarraitzearen mende dagoela, jarduera horri jarraipena eman nahi diogu. Hortik gaur deialdi hau onartu izana 2022rako beste deialdi batekin”, aldeztu du.
Gehitu duenez, aurreko urtearekin alderatuta, laguntzetara bideratutako aurreontue lerroak mantendu egiten dira. Nobedade bezala, Gipuzkoa Next izeneko laguntza lerroa aipatu daiteke, pasa den urtean ireki zena lehen aldiz: orduan, konputazio kuantikoarekin lotutako proiektuak laguntzera bideratu zen; aurten, berriz, narriadura kognitiboaren prebentzioan oinarrituko da, Adinberri estrategiarekin eta zahartze osasungarria lortzeko helburuarekin lotura zuzena duen ekimena.
Pasa den urteko emaitzei erreparatuta, guztira 53 proiektu lagundu ziren, 28 eragileren eskutik. Batetik, 8 enpresen I+G unitateek bultzatutako proiektuak, arlo oso anitzetan: hasi parke eolikoetako ekoizpena monitorizatzetik; jarraitu adimen artifiziala trenbideko ibilgailuari aplikatzearekin; eta 3D diseinu eta inprimaketa estrategiak sentsorika integratuaren bidez aztertzeraino. Bestalde, 12 inbertsio proiektu lagundu ziren, esaterako, saiakuntza-banku bat hidrogeno berdea sortzeko, Teknikerrena. Hirugarrenik, I+G+B arloko 29 proiektu finantzatzen lagundu zen. Mendozak Berc Polymat, egoera solidoko baterietarako materialen diseinuarekin lotutako ekimena aipatu du, eta nabarmendu du proiektuen ia % 50ek osasunarekin lotutako gaiak jorratzen zituztela, eta ehuneko berdin batek industria adimendunaren garapenarekin lotutako gaiak. Azkenik, beste lau proiektu lagundu ziren Gipuzkoa Nexten bitartez, aipatu bezala, denak ere konputazio kuantikoaren arloan.
Errepidetan esku hartzeak
Bestetik, Bide Azpiegituretako departamentuan, bi esku hartzea berri onartu dira gaurko Diputatuen Kontseiluan. Batetik, Getarian, N-634 errepidean, luizien aurkako babesak jartzeko proiektua onartu da, 943.000 euro bideratuz honetara. Bestetik, Legazpin GI-2630 errepidean zoruaren egitura birgaitzeko proiektua atera da, eta kasu honetan aurrekontua 671.136,43 eurokoa da. “Inbertsio hauek guztiak gure errepide sareko erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta erosotasuna hobetzera daude bideratuta”, nabarmendu Aldundiko bozeramaileak.
Lehenengo esku hartzea N-634 errepidean egingo da, Getarian, 24,420 eta 24,550 kilometro puntuen artean. Eremu horretan, 2003an bi tunel artifizial egin ziren; ondoren, 2005ean, inpaktu energia handi baterako diseinatutako babeserako pantaila dinamiko bat jarri zen. “Proiektuaren objektu den jarduketa-zatiko ezpondan dauden egonkortze neurriak eraginkorrak izaten ari dira luizi ohikoenetarako, baina ez dira nahikoak erorketa bat sortzen bada, bai harri zutabeak iraultzeagatik, bai bloke altueragatik (bloke txikietarako) eta energiagatik (bloke handietarako)”, azaldu du Mendozak.
Blokeak ez daitezen iritsi energia handiz euste-hormaren gainaldean kokatutako pantaila dinamikora, eta, erorketa bat gertatuz gero, egonkortze neurriak eraginkorrak izan daitezen, luizien aurkako babesak jartzeko proiektua hau onartzen da orain. Egingo diren lanak izango dira, funtsean, babes sare bat jartzea, batez beste 60 m-ko altueran, labarraren gailurraren eta landarez estalitako ezponda zabalenaren artean. Era berean, euste-horma 13 metro luzatuko da, mendi hegalaren oinean areka bat jartzeko, bloke harritsuak biltzeko; eta hormaren gainaldean 5 metroko altuerako pantaila dinamiko bat jarriko da. “Honela, esku hartze honekin, nabarmen hobetuko da errepide zati honetako erabiltzaileen segurtasuna”, esan du Mendozak.
Bigarren esku hartzea GI-2630 errepidean egingo da. Urretxu eta Bergara lotzen ditu bide honek, Legazpi eta Oñatin barrena, eta kasu honetan Legazpin egingo dira esku hartzeak. Batetik, herri honen sarreran eta Olaondoko biribilgunearen artean (2,200 eta 3,030 kilometroen artean) eta, bestetik, Bikuñako biribilgunearen eta GI-3520 (Motxorro) errepidearen bidegurutzearen artean (4,070 eta 5,070 kilometroen artean). Puntu hauek, gaur egun, itxura malkartsua dute, eta profila oso deformatuta, bai luzetara eta baita zeharka ere, eta zoruaren egiturazko akiduraren zantzuak ikusten dira. “Errepide zatiak zirkulazioa dela eta sortzen diren eraginak jasateko egitura gaitasuna izan dezan, baita errepide zati horren segurtasun eta erosotasun ezaugarri funtzionalak hobetzeko, eta iraungarritasunari, iragazkortasunari eta uniformetasuneri dagokionez zoru osoa babesteko onartu dugu gaur zoruaren egitura birgaitzeko proiektu hau”, adierazi du.
Egoitzetako partea
Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 77 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 24 gehiago), 9 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 14 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, egoiliar bat zendu da, 43 sendatu eta 68 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 45 egoiliar hil dira, eta 2.087 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 27 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 20 gutxiago) 16 egoitza ezberdinetan.
Diagnosi probei dagokionez (PCR eta listu bidezko PCR probak), abendutik hona 45.000 proba baino gehiago egin dira jada. Gainera, antigeno test ugari ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, amaitu du Mendozak. Azkenik, Aldundiak hiru erreferentziazko zentro dituela irekita ere gogoratu du Mendozak: Eibarko ospitaleko hirugarren solairua, Arrasateko San Juan de Dios eta Ordiziako San Jose egoitza.
2209