Gipuzkoako klima aldaketaren zentroa lankidetzan arituko da BC3 ikerketa zentroarekin
Gipuzkoako klima aldaketaren zentroa lankidetzan arituko da BC3 ikerketa zentroarekin
Asensio: “Klima aldaketa Gipuzkoako agenda politikoaren erdigunean kokatu behar da”.
José Ignacio Asensio: “Klima aldaketa Gipuzkoako agenda politikoaren erdigunean kokatu behar da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua Euskadiko Klimari buruzko Ikerketa Zentroko (BC3) arduradunekin elkartu da. Horren xedea da bi zentroen agendak bateratzeko lana egitea, eta Gipuzkoan GK2050 estrategia garatu eta ezartzeko lankidetza bideak eta akordioak aztertzea. Lansaioa Leioan egin da, BC3 zentroaren egoitzan, eta bertan parte hartu dute Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, eta Maria Jose Sanchezek, BC3ko zuzendari zientifikoak, bakoitza bere lantaldearekin.
Bilera horretan aztertu dira Gipuzkoak, Klima 2050 estrategiaren barruan, berotzearen arazoari eta horrek lurraldean dituen eraginei erantzun lokala eskaintzeko abian jartzea aurreikusi dituen estrategiak eta jarduera planak. Politika horiek txertatuko dira Ingurumen Departamentuak aurten abian jarriko duen Klima Aldaketaren Zentroan, eta horiek ezarri eta garatzeko lankideen sare bat eratuko da, non BC3 zentroak zeregin nagusia beteko duen.
Jose Ignacio Asensiok kokatu du topaketa hau Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroko lankideen sarea eratzeko burutzen ari den harremanen barruan; hala, dagoeneko, Birziklatzearen Klusterrarekin, GK Recycling, eta Tecnaliarekin elkartu da. Kasu honetan, foru diputatuak azpimarratu du BC3rekin egindako saioa mugarri garrantzitsua izan dela lurraldean erantzunak eskaintzeko elkarlanean, betiere Euskadik klimari buruz ezarrita dituen estrategien barruan, eta “kontuan izanda oso garrantzitsuak direla koordinazioa eta lankidetza estua”.
BC3ko ordezkariek, bestalde, zentroaren jarduera eta ikerketa lerro nagusiak aurkeztu dituzte. Horien gaineko ezagutza eskaintzen dute eta beste eragile batzuekin batera politikak diseinatzen eta konponbideak bilatzen ari dira, bakoitzari dagozkion esparruetan ezarri ahal izateko ikuspegi orokor batetik.
Topaketa horretan, Ingurumen Departamentuak eta BC3 zentroak aztertu dituzte 2018ko urte amaieran abian jartzekoa den Klima Aldaketaren Institutuaren inguruan egin daitezkeen ekarpenak eta zabaldu daitezkeen lankidetza bideak. Parte hartzaileek oso positibotzat jo dute topaketa, eta denek ere beharrezkoa ikusi dute berotze globalaren arazoa Gipuzkoako agendaren erdigunean kokatzea, aldaketa klimatikoa arintzeko eta horretara egokitzeko politikak ezartzearren.
1347