Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak hamar urte bete ditu

Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak hamar urte bete ditu

450.000 herritar baino gehiago zerbitzatu ditu fundazioak hamarkada honetan, eta ibilbidearen hausnarketari ekin berri dio.

Foru Aldundiak Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa sortzeari ekin zionetik hamar urte bete dira 2020an. Hamarkada honetan Fundazioak Gipuzkoako natur ingurunea ezagutzera emateko eta hark duen garrantziaz sentikortzeko ahalegina egin du, arrakastaz egin ere, epe honetan, 450.000 herritar baino gehiago zerbitzatu baititu.

Hamarkada honetako ibilbidearen balorazioa eta hausnarketa egiteko asmoz, Gipuzkoako gizartearentzat, erakunde aginte organoentzat zein langileentzat aberasgarri izatea nahi lukeen lanketa egiten ari da Fundazioa. Helburua, urte guzti hauetan ikasitakoa, etorkizuneko heziketa, aisia eta turismo jardueretan txertatzea izanik. Hausnarketa horretan hainbat puntu landu dituzte: egindako ibilbidea (2010-2020), hobekuntza arloak, etorkizuneko erronkak eta diruztatzea.

Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Fundazioko zuzendariak azaldu du Fundazioak “oinarri sendoak dituela egun eta fundazioarekiko erakunde sortzaileek duten ardura, oro har, irmoa dela, lurraldearekiko erantzukizunagatik eta zerbitzu publikoan diharduten erakundeek berezkoak dituzten eraginkortasun balioengatik”. “Gainera, kalitate maila areagotze urratsak ematen dira etengabe eta natura heziketaren, sentikortzearen eta aisiaren arloan Fundazioak lortu duen erreferentzialtasuna ukaezina da”, argitu du. “Lorpen horretan, erakunde sortzaileen bermea garrantzitsua izan da, sinesgarritasuna eman baitio”.

Gizarteari ematen dizkion zerbitzuen katalogo bateratua du Fundazioak, eta parketxeetan ematen den zerbitzua ere kalitatezkoa da, bezeroak asebeteta ateratzen direlarik. Izan ere, parketxeek artatu eta dinamizatzeko ardura duten enpresek erabat bereganatu eta barneratu dituzte Fundazioaren helburuak, baloreak eta lan dinamika.

Aiako harria Natura Parkeko Arditurri Parketxea, Aizkorri-Aratzeko Arantzazu Aterpetxea eta Parketxea, Aizkorriren magalean aurkitzen den Anduetza Parketxea, Ataungo Barandiaran museoa eta azkenik, Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran interpretazio zentroaren ardura du, besteak beste Fundazioak egun. Aterpetxe eta Parketxe hauen kudeaketaz gain, herritarrei zuzenduriko jardunaldiak ere antolatzen ditu fundazioak Gipuzkoako txoko ezberdinetan.

Aipatu bezala, etengabeko hobekuntza bilatzea du helburu Fundazioak, eta ondorioz, hausnarketa egitearekin batera, etorkizuneko erronka nagusiak zeintzuk izango diren ere zehaztu dituzte:

• Natur parkeetan, zein landa eremuan diharduten eragileekin elkarlana sustatzea.

• Gipuzkoa, Euskal Herriko ingurumen heziketan eta aisian erreferente nagusi izatea lortzea.

• Azken urteetako bezero eta bisitari kopuruari eustea (50.000 erabiltzailetik eta 500 taldetik gora urtean) eta ahal izanez gero, hura handitzea.

• Gizarteari eskainitako zerbitzuak aberastea, baliabideen mantenuari heldu ahal izatea eta komunikazioa berrindartzea.

• Eta azkenik, Fundazioari egiten zaion ekarpen ekonomikoa doitzea eta egonkortzea.

Zalduak nabarmendu du, “Gipuzkoako natur inguruneen, biodibertsitatearen eta lurralde orekaren garrantzia azpimarratzeko eta honen inguruan herritarrak sentikortzeko bidean ekarpen nabarmena” egin dutela hamarkada honetan, eta “bide berean lanean” jarraituko dutela “datozen urteetan ere”.

  

2409