Gipuzkoako udaberriko natura ekitaldiak aurkeztu ditu Aldundiak
Gipuzkoako udaberriko natura ekitaldiak aurkeztu ditu Aldundiak
Iturrarango Landare Berezien Azoka, Larreen Irekiera eta Natura Parkeen Egunak ospatuko dira apiriletik ekaina bitarte.

Lurralde Oreka Berdea departamentuak datozen asteetan ospatuko diren hiru ekitaldi nagusiren berri eman du gaur Aldundian emandako prentsaurrekoan. Bertan izan da departamentuko diputatua, Xabier Arruti, baita aipatutako ekitaldiak azaltzeko ordezkariak ere.
Ekitaldi hauen helburua da Gipuzkoako natura eta lehen sektorearen balioa azpimarratzea eta herritarrei ingurune naturalaren zaintza eta babesa sustatzea. Xabier Arrutik adierazi duenez, "Gipuzkoa lurralde oreka berdea eta komunitate balioak uztartzen dituen lurraldea da. Duela 1.000 urte lehen aldiz ‘Ipuskoa’ izendapena idatziz jaso zuen dokumentuak, gure identitate kolektiboaren adierazgarri, gure ingurune naturalarekin eta elikadura-subiranotasunarekin dugun harremana erakusten du. ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ lemapean ospatzen ari garen mendeurrenak gure historiaren eta ondarearen ezagutza sustatzeaz gain, natura eta lehen sektorea balioan jartzeko aukera eskaintzen digu, eta ekitaldi hauek gure konpromisoa berresten dute naturaren eta lehen sektorearen alde.” Hori esanez, herritarrak gonbidatu ditu Gipuzkoako paisaiak eta landa-inguruneak ezagutzera eta lehen sektorearen garrantziaz jabetzera.
Jon Ander Azpirozek, Aiako alkateak, Iturrarango Landare Berezien Azoka aurkeztu du, apirilak 26 eta 27an ospatuko den azoka, Iturrarango Lorategi Botanikoan (Pagoetako Parke Naturalean, Aia). Azoka honek landare bildumazaleak eta naturazaleak biltzen ditu urtez urte, eta aurten 57 parte-hartzaile izango ditu, horietako 30 frantziarrak. Ekitaldiak jarduera osagarriak ere eskainiko ditu, hala nola argazkigintza ikastaroa eta lore-tailerrak. Urtero lagun asko erakartzen dituen ekitaldia da honakoa eta landare bildumazaleek galtzen ez duten hitzordua. Bertaratu nahi duen orok jada eskuragarri ditu sarrerak gipuzkoanatura.eus webgunean.
Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak Gipuzkoako Larreen Irekiera aurkeztu du. Aurten, apirilaren 27an ospatuko da, 11:30etan Gorosmendi gainan, Berastegin, eta helburua abeltzainei aitortza egitea da, baita abeltzaintza estentsiboaren onurak balioan jartzea ere. Ekitaldiak mendiko larreen irekiera sinbolizatuko duen abereen igoera izango du momentu esanguratsuenetakoa. Herritar guztiak daude deituta ekitaldian parte hartzera.
Azkenik, Jon Zubizarretak, Abaltzisketako alkateak, Natura Parkeen Eguna aurkeztu du, ekainaren 1ean eta 8an ospatuko diren bi hitzordu nagusi. Aiako Harria Parke Naturala (Oiartzungo Udalarekin elkarlanean) eta Aralar Parke Naturala (Abaltzisketako Udalarekin elkarlanean) izango dira ospakizun hauek hurrenez hurren, eta naturaren eta kulturaren uztarketa paregabea eskainiko dute, ingurumen-hezitzaileekin eta tokiko erakustaldiekin. Bi ekitaldi hauetan izena emateko argibideak, datak gerturatu ahala, aurrerago azalduko dira.
6894