Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa baino 84,1 milioi euro gehiago jasoko dituzte
Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa baino 84,1 milioi euro gehiago jasoko dituzte
Gaur elkartu da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan eman da 2021 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri.
Gipuzkoako udalerriek 582.048.463 euro jasoko dituzte 2021 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), erakunde hauek finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Hau da, pasa den urtean baino 100 milioi euro gehiago eta aurrekontuan jasotakoa baino 84,1 milioi euro gehiago. Ondorioz, lurraldeko udalek UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dituzte 84,1 milioi euro gehigarri hauek. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoak espero baino emaitza hobeagoekin itxi zuen 2021 urtea zerga bilketari dagokionean eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio. “Beti esan ohi dugun bezala, euskal sistema instituzionala arrisku partekatuan dago oinarrituta, onerako eta txarrerako”, gogoratu du.
Foru arduradunak gaur eguerdian Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan hartu du parte. Bileraren helburua atzo Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2021 urteko UFFFaren likidazioa. Topaketan parte hartu dute, Foru Aldundia ordezkatzen, Perona berak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak. Eudelen aldetik, parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Jon Iraola Eibarko alkateak; Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak; eta Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak.
2021eko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak aurrekontuan aurreikusitakoa baino 22,9 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 7,1 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 4,8 milioi euro gehiago; Eibarrek 3,1 milioi euro gehiago; Zarautzek 2,6 milioi euro gehiago; Arrasatek 2,5 milioi gehiago; Hernanik 2,3 milioi euro gehiago; eta, azkenik, Tolosak, 2,2 milioi euro gehigarri. Honekin batera, eta finantzaketa bideen esparruan baita ere, Ogasuneko diputatuak bileran gogoratu du udalek berriki jaso dutela Estatuko COVID-19 funtsetatik eratorritako 25 milioi euro, eta Gipuzkoak lurraldeak duen defizit gaitasunaren % 40 ere badagokiela, hau da, guztien artean 21 milioi euro inguru.
Peronak azaldu duenez, 2021 urtekoa inoizko UFFF funtsik handiena da, 53 milioi eurotan hobetu baitu orain arteko errekorra (2019 urtekoa). Peronaren ustetan, baliabide gehigarri hauek guztiek “nabarmen” hobetu dute lurraldeko udalen finantza posizioa eta, azpimarratu duenez, hau berri “benetan positiboa” da Gipuzkoa osoarentzat. “Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira eta, hori dela eta, finantza ikuspegitik indartsu egotea albiste oso positiboa da gipuzkoar guztiontzat, eskaintzen dituzten zerbitzuak indartzea esan nahi baitu”, gaineratu du. Azkenik, Peronak kudeaketa jasangarri eta arduratsu baten aldeko hautuarekin jarraitzeko dei egin die udalei, “oraina eta geroa uztartuz, orain arte egin duten bezala”.
2415