Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,2 igo da apirilera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,2 igo da apirilera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 2 milioi euro gehiago batu ditu
Zerga bilketa metatua %0,2 hazi da Gipuzkoan apirilera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 1.115 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018an baino 2 milioi euro gehiago batu dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nabarmen hazi dira lan etekinen gaineko atxikipenak, lan merkatua indartu izanaren adierazle. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, amatasun eta aitatasun prestazioei dagozkien itzulketa aipatu behar dira (PFEZari eragiten diote), eta baita ondare irabazien gaineko atxikipenetan emandako jaitsiera ere, pasa den urtean ezohiko sarrera bat egon baitzen. Nabarmen igo dira baita ere Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) itzulketak.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 24,9 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,5). Bestalde, gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 3 milioi (+%24) eta 0,2 milioi (+%3,2), eta behera egin dute ondare irabazien gaineko atxikipenek, 11 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%66,8). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 14 milioi gutxiago batu dira eta (-%3,5).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 3 milioi euro gutxiago bildu ditu: sarrera gordinak 6 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 3 milioi eurotan murriztu dira. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1,4 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 5,1 milioi euro gutxiago: 8,1 milioitan hazi dira sarrerak (+%1,3), itzulketak 13 milioitan igo dira (+%2,9) eta lurralde arteko doikuntzak 0,2 milioi eurotan murriztu dira (-%0,2).
Eranskinak:
2432