Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %10,9 hazi da apirilera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %10,9 hazi da apirilera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 109 milioi euro gehiago batu ditu

2018/05/14

Zerga bilketa metatua %10,9 hazi da Gipuzkoan apirilera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017ean baino 109 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) izandako bilakaera positiboak. Eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, BEZaren itzulketen gorakada nabarmendu behar da.

“Datuak onak izaten jarraitzen dute, eta poztekoa da 2018 honetan zerga bilketa izaten ari den bilakaera”, adierazi du Ogasun eta Finantza diputatu den Jabier Larrañagak. “Orain artekoa urte osoko bilketaren laurdena izan ohi da eta, beraz, udara ostera arte itxaron behar dugu ondorioak ateratzen hasteko, orduan izango baititugu kanpaina nagusien datuak”, gehitu du.

Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 20,7 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (%4,8). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 19,9 milioi euro gehiago bildu baitira. Kapital higikorren etekinen atalean, 0,8 milioi gehiago batu dira. Horrela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 15,6 milioi gehiago batu dira eta (+%15,6). Sozietateen gaineko Zergari begiratuta, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 25,3 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 2,3 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 27,7 milioi eurotan gutxitu dira.

Zeharkako zergei dagokionean, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,7 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 13,2 milioi euro gehiago: 20,8 milioitan hazi dira sarrerak (+%5), itzulketak 18,1 milioitan murriztu (+%11,3) eta lurraldeko arteko doikuntzak 10,5 milioitan igo (+%10,4). Azkenik, Tabako laboreen gaineko zergaren bilketa 1,9 milioi eurotan hazi da (+%6,8), eta Hidrokarburoena 2,4 milioi eurotan (+%2,5).

  

2873