Gipuzkoako zerga bilketa metatua %2,2 igo da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %2,2 igo da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 82,3 milioi euro gehiago batu ditu
Zerga bilketa metatua %2,2 hazi da Gipuzkoan urrira arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 3.800 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018an baino 82,3 milioi euro gehiago batu dira. Hazkundearen zergati azaltzen dute, batez ere, bi zerga nagusiek izan duten bilakaera positiboek, hazi egin baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) zein Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bilketak. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, bi zerga hauetan nabarmen igo dira itzulketak: PFEZan, amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketen eraginez; eta BEZn, esportazioen hazkundea dela eta.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 73,9 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,9). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 48,3 milioi gehiago batu dira eta (+%3,7). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 2,2 milioi (+%2,8) eta 2,9 milioi (+%3,6), eta behera ondare irabazien gaineko atxikipenek, 27,4 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%34).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 0,7 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 17,9 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 17,1 milioi eurotan murriztu dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 18,3 milioi euro gehiago: 10,1 milioitan hazi dira sarrerak (+%0,8), itzulketak 64,3 milioitan igo dira (+%12,2) eta lurralde arteko doikuntzak 72,5 milioi eurotan hazi dira (+%18,3).
Zerga berezien atalean, bere aldetik, Hidrokarburoen Zergaren bilketa 38,1 milioi eurotan hazi da (+%11,7) eta tabako laboreen gainekoa 1,5 milioi eurotan (+%1,5). Azkenik, Estatuarekiko doikuntzen zerga-bilketaren alorrean, 29,7 milioi euro gehiago bildu dira BEZan eta 10,2 milioi okertu dira zerga berezienak.
Eranskinak:
2377