Gipuzkoako zerga bilketa metatua %34,7 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %34,7 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Foru erakundeak aurreko urtean baino 636 milioi euro gehiago bildu ditu
Zerga bilketa metatua %34,7 hazi da Gipuzkoan uztailera arte, aurreko urteko denboraldi berarekin alderatuta. Guztira 2.467 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2020an baino 636 milioi euro gehiago jaso. Iaz, apirilean, maiatzean eta uztailean, zerga-bilketa nabarmen jaitsi zen COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiengatik, batez ere aitorpenen atzeraketaren, gerorapenen eta itzulketak indartzearen eraginez;. Ondorioz, hilabete hauetako alderaketa ez da homogeneoa. Hain zuzen ere, PFEZaren eta ondare zergaren kanpainetan, sarrerak abuztuan kontabilizatu ziren 2020an, eta uztailean 2021ean; 2021eko uztaileko zerga bilketaren barruan daude ezohiko sarrera batzuk ere, 147 milioikoak, BEZaren lurralde arteko ezohiko sarrera batzuei dagozkienak.
Uztail arte, sarrera gordinak %23,3 handitu dira, eta itzulketak %0,9 murriztu. Zuzeneko zergak %47,9 hazi dira, zeharkako zergak %22,8 eta Estatuarekiko doikuntzak %31,5. Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 86 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (%9,8), zati batean ezohiko sarrera batzuen eraginez. Honela, PFEZa bere osotasunean hartuta, %40,0 handitu da bilketa aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 277 milioi euro gehiago. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak 17 milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 18 milioi euro igo dira, eta itzulketak milioi 1 euro hazi dira.
Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %27,3 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 148 milioi euro gehiago: 15 milioi igo dira sarrerak (%2,0); itzulketak 19 milioi euro handitu dira (%4,6); eta lurraldeen arteko doikuntzak 152 milioi euro handitu dira (%74,7). Bere aldetik, zerga berezien atalean Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa %15,6 igo da, hau da, 31 milioi euro gehiago aurreko urtearekin alderatuta; eta Tabako Laboreen gaineko Zerga %7,0 jaitsi da, 4 milioi euro gutxiago bildu baitira. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua, joan den urteko epe beraren aldean, 48 milioi handitu da BEZean eta 3 milioi hobetu da zerga berezietan.
2558