Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoan eskainiko da haur minbiziaren eta gaixotasun ultra arraroen kontrako ‘Il Soldato & Friends’ ongintzazko VII. kontzertua

Gipuzkoan eskainiko da haur minbiziaren eta gaixotasun ultra arraroen kontrako ‘Il Soldato & Friends’ ongintzazko VII. kontzertua

Columbus Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ongintzazko gala liriko bat antolatu du haurren bizi-itxaropena eta kalitatea hobetzeko dirua biltzearren

Columbus Fundazioak sustatutako ‘Il Soldato & Friends’ birak ongintzazko zazpigarren kontzertua eskainiko du urtarrilaren 28an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, arratsaldeko 20:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Berriki, hainbat emanaldi eskaini dituzte Errusian eta AEBn, eta lehen mailako artistek eskainitako kontzertu bira honen helburua da dirua biltzen jarraitzea gaixotasun neurodegeneratibo ultra arraroak dituzten haurrek terapia genetikoan oinarritutako tratamendua jaso ahal izateko, eta haur minbiziaren aurkako protoiterapiako programan sartzen laguntzeko.

Orain arte, Fundazioaren lehen urte honetan, bere ahalegin guztien helburua izan da protoien bidezko terapia (Espainian, oraindik, eskuragarri ez dagoena) eskura jartzea mediku taldeek tratamendu hori egokia dela adierazi dieten gaixo minbizidunei. Bira honekin, Columbus Fundazioak bere bigarren osasun programa aurkezten du, zeinak terapia genikoak erabiliz konponbideak garatzen dituen gaixotasun ultra arraro monogeniko neurodegeneratiboetarako, hala nola aminoazido aromatikoen deskarboxilasaren eskasiarako (AADC), haurren parkinson gisa ere ezaguna dena. 

            “Nahitaezkoa da erakundeok biozientzien alorreko ikerketa bultzatzen jarraitzea, gure apustu estrategikoetako bat, eta etorkizuneko Gipuzkoarentzat funtsezkoa dena”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak. “Gipuzkoak bioenpresa dinamikoen belaunaldi berri bat dauka, osasun sistema publiko modernoa, eta gaitasun zientifiko-teknologiko garrantzitsuak ditu bere ikerketa zentroetan. Bide horretan aurrera egiteko, ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzen jarraitu behar dugu, horrek aukera emango baitigu ekosistema zientifiko aurreratu bat izateko, era guztietako erronkei aurre egiteko gauza izango dena, hala nola haur minbiziari eta gaixotasun arraroei aurre egiteko”.

            Era beran, Javier Garcíak, Columbus Fundazioaren sortzaileak, eskerrak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzagatik, eta azaldu du terapia genetikoa dela “tratamendu mota bat, geneak erabiltzen dituena gaixotasunak tratatu edo prebenitzeko, gaixoaren zeluletan gen bat txertatuz botikak edo kirurgia erabili ordez".  Zentzu horretan, gaur hedabideen aurrean aurkeztu duten proiektua “lau gaixotasunetan zentratuko da eta, horretarako, arlo horretako erakunde eta aditu onenekin lanean ari dira, terapia horiek garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eskuratzearren”.

Egitaraua, sarreren salmenta eta zero ilara

Kontzertua nazioarte mailan ibilbide handia egin duten bi artistek emandako gala liriko bat izango da. Artista horiek dira: María José Montiel mezzosopranoa, 2015eko Musikako Sari Nazionala eta Columbus Fundazioaren enbaxadorea; eta Marcelo Puente tenore argentinarra. Horiekin batera parte hartuko du Angel Luis Quintana musikariak, Espainiako Orkestra Nazionaleko biolontxelo bakarlariak, zeinak “Il Soldato” izenez ezagutzen den 1800eko Guadagnini biolontxelo bat joko baitu, Columbus Fundazioak lagatakoa. Italiako eta Frantziako opera zati ezagunak interpretatuko dituzte artistek, eta Nafarroako Unibertsitateko Orkestra Sinfonikoak lagunduta arituko dira, Borja Quitas maisuaren zuzendaritzapean.

Sarrerak salgai egongo dira, 40 edo 25 euroan, Victoria Eugenia antzokiko txarteldegian, edota bit.ly/ConciertoSanSebastian web orrian. Laguntzeko beste modu bat izan daiteke dohaintza bat egitea zero ilararako, www.fundacioncolumbus.org/donaciones-puntuales/ web orriaren bitartez edo ES31 2100 4553 13 0200198855 (Caixabank) kontuan transferentzia bat eginez.

Kontzertuarekin bilduko den diru guztia minbizidun haurrentzako protoiterapia jasotzeko programara, eta gaixotasun ultra arraroak tratatzeko terapia genetikoko programara bideratuko da, umeen bizi kalitatea hobetzea helburu duen puntako ekimen bat baita.

  

1479