Gipuzkoan miru gorria babesteko protokoloa nazioartean aipamenak jasotzen ari da kudeaketa onaren eredu gisa
Gipuzkoan miru gorria babesteko protokoloa nazioartean aipamenak jasotzen ari da kudeaketa onaren eredu gisa
Gipuzkoan miru gorria babesteko protokoloa nazioartean aipamenak jasotzen ari da kudeaketa onaren eredu gisa
"Raptor Research Foundation" zientzia aldizkariak Aldundiak basoaren kudeaketa eta espeziearen kontserbazioa bateratzeko burututako jarduerei buruzko artikulu bat jasotzen du
"Raptor Research Foundation (RRF)" sozietate ornitologikoak argitaratzen duen "Journal of Raptor Research" aldizkari zientifikoak artikulu bat jaso du Aldundiak 2016az geroztik Gipuzkoan basoen kudeaketa miru gorria (Milvus milvus) babestearekin bateragarri egiteko abian jarri duen protokoloari buruz. Harraparien ikertzaile eta kontserbazionistentzat munduko irabazi-asmorik gabeko elkarte profesional handiena dena 1966an sortu zen irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa, hegazti harrapariei buruzko informazio zientifikoa pilatzeko eta zabaltzeko. "Albiste bikaina da izen handiko erakunde batek Gipuzkoa kontserbazioko adibide gisa aipatzea, eta gure natura-ingurunea babesteko lanean jarraitzera animatzen gaitu", adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.
Miru gorria hegazti harrapari bat da, nekazaritza- eta abeltzaintza-sistema irekiei lotuta dagoena (landazabalak, Gipuzkoan), baina habia baso-masetan egiten duena. 60 eta 65 zentimetro arteko luzera du, 140 eta 170 zentimetro arteko hego-zabalera, eta oso erraz ezagutzen da, buztana urkilatua duelako. Europa hegoaldeko populazioak kontserbazio egoera txarrean daude eta, Espainian eta Euskadin galzoriko gisa katalogatuta daude. Harrapari honen Gipuzkoako habia gehienak pinu sailetan daude, eta horregatik erabaki zuen Aldundiak kontserbazioa eta basoko jarduna bateratzeko formulak aktibatzea. Horretarako, 2016an, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak jarduketa protokolo bat jarri zuen abian, Fauna eta Flora Zerbitzuko teknikarien eta basozainen arteko lankidetzatik abiatuta.
Protokolo honek, funtsean, 4 oinarri ditu: jabe batek sail bat mozteko asmoa duenean, Aldundiari eskaera aurkeztu behar dio. Aldundiak saila aztertzen du egiaztatzeko miru gorriaren habiarik badagoen. Habiarik ez badago, zuhaitzak mozteko baimena ematen du. Habiak badaude, behin-behinekoz mozketa debekatzen du (martxotik uztailera), espeziearen ugaltze-garaian, habiaren ingurunean eragozpenak saihesteko eta, ondorioz, arrautzak edo txitan abandona ez ditzaten. Abuztutik aurrera mozketak egin daitezke, baina habiaren inguruko 20ren bat zuhaitzak moztu gabe, espezie honek urtez urte habia bera erabiltzeko joera izaten duelako. Jabeei kalte-ordaina ematen zaie mozketa epe jakin batera mugatzen zaielako eta zenbait zuhaitz mozteko baimenik ematen ez zaielako.
Emaitzak oso positiboak izan dira. 2016-2022 aldian, protokolo hau 23 aldiz aplikatu da (23 habia), eta 64.638 euroko guztizko konpentsazio ekonomikoak eman dira. Horri esker, espezie honetako 37 txita salbatu dira. Protokoloa aplikatuko ez balitz, espeziearen produktibitateak 1,2 txorikume/bikote tasatik 1,0 txorikume/bikote tasara egingo luke
behera. Miru gorria bezalako espezie mehatxatuetan, ugalketako parametro hauek hamarren gutxi batzuk behera egiteak eragin demografiko handia izan dezake.
“Protokolo honek oso ondo islatzen du Gipuzkoa orekatu baten alde egiten ari garen apustua, kasu honetan, bateratzen baitugu basogintza gure fauna zaintzearekin; oreka ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Gainera, lankidetza du oinarri: batetik, sektore pribatuaren –jabeak– eta publikoaren –Aldundia– artean; eta, bestetik, Mendietako eta Landa Inguruneko Zuzendaritzako teknikarien eta basozainen artean, koordinatuta eta talde lanean jardun baitira hau guztia gauzatzeko”, baloratu du Arrutik. “Eta hori da legealdi honetan lortu nahi duguna: lehen sektoreari eta landa inguruneari bultzada ematea, lurralde oreka berdearen eta klima aldaketaren aurkako borrokaren zutabe direlako”.
838 ale neguan
Aurtengo neguan burutu zen Miru Gorri Negutarren Europa mailako errolda. Neguan, espezie hori baso jakin batzuetan biltzen da gaua igarotzeko, eta, hain zuzen ere, lo leku edo gaueko kontzentrazio-gune horietan kontaketak egitea da populazioen estimazioak egiteko erroldetarako erabili ohi den metodologia. Iberiar penintsulan neguan populazio gehiago egon ohi dira, Europaren erdialdean hazten diren eta negua klima epelagoetako eremuetan pasa nahi duten miru gorri gehienak hartzen dituelako. Gipuzkoak ere parte hartu zuen Europako errolda horretan, eta 23 basozainen eta bi teknikariren artean 32 lo lekutan egin zituzten kontaketak. Guztira 838 miru gorri zenbatu ziren, aurreko urtean baino nabarmen gehiago (2023an 432 izan ziren). Hazkunde nabarmen horren arrazoiak bi dira, nagusiki: negutarren eta habiagileen populazioa handitzea eta zenbait ale GPSarekin markatu izana, horrela beren mugimenduak aztertu eta lo leku berriak ezagutzeko.
2018