Gipuzkoanatura web berria abian da
Gipuzkoanatura web berria abian da
Informazio praktikoa eta eguneratua eskaintzen du parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei buruz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, ‘Gipuzkoanatura’ webgune berria (www.gipuzkoanatura.eus) martxan dago. Helburu nagusia da herritarrei parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei buruzko informazio praktikoa eta eguneratua ematea. "Tresna oso bat da, eta, batez ere, lurraldean barneratzeko eta bertan dauden altxorrak ezagutzeko gonbidapen bat, naturaren, paisaiaren eta kulturaren ikuspuntutik. Hori guztia une honetan, guztion konpromisoa funtsezkoa denean Gipuzkoako turismo, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko, eta hurbileko aisialdiak berebiziko garrantzia duenean", nabarmendu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Lehen begiratuan, erabiltzaileek bidezidorren bilatzaile bat aurkituko dute. Bidezidorrok Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak diseinatu eta inbentariatu ditu Gipuzkoako Mendi Federazioarekin lankidetzan. Ibilbide bakoitzaren maparekin batera, iraupenari, zailtasun mailari, distantziari eta gainerako xehetasunei buruzko informazioa ikus daiteke. Berrikuntza nagusietako bat da dagokion tracka ordenagailura edo GPSra jaisteko aukera eskaintzen dela, guztira 171 ibilbide desberdin, gehienak publiko guztientzat eskuragarriak. Izan ere, Gipuzkoan 1.500 km-ko bidezidor homologatu daude.
Halaber, webguneak Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako hezkuntza eta ingurumen aisialdiko jarduerei buruzko informazioa eskaintzen du, bai berrien atalean, bai agendan. Pandemiak iraun duen bitartean itxita egon diren parketxeetako zentroak dagoeneko prestatzen hasiak dira programazioak, ateak aurki irekitzeko asmotan. Gipuzkoan bost parketxe daude (Arditurri, Iturraran, Lizarrusti-Barandiaran, Anduetza eta Arantzazu), zehazki Oiartzunen, Aian, Ataunen, Zegaman eta Oñatin. Aldundiak bultzatzen duen fundazioan, bost udalerri horiek ere parte hartzen dute. Batez beste, 50.000 bisitari baino gehiago hartzen dira urtean.
Natura parkeak Gipuzkoako lurraldearen % 15 baino gehiago dira. "Benetako paisaia kulturalak dira, gure ondare naturala eta kulturala lotzen dituzten lotura estuak erakusten eta balioesten dituztenak. Izan ere, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko erlazioak denboran zehar errealitate fisiko konplexuak sortzen dituenean, paisaia kulturalez hitz egiten dugu, eta Gipuzkoak, gizakiak milaka urtez eraldatu dituen mendi erliebeekin, ongi erakusten du Paisaia Kultural bat zer den", adierazi du Lasak.
Natura parkeei eta biotopoei eskainitako atalean, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta, Aiako harria, Iñurritza, Deba-Zumaia eta Leitzarango gune babestuetan dauden bidezidorrak eta jolas eremuak erakusten dira. Biotopo babestuak natura parkeak baino eremu txikiagoak dira, baina natura balio oso garrantzitsuak dituzte horiek ere. Natura parkeen aldean, Gipuzkoako naturagune babestuen azaleraren % 1,8 baino ez dira. Hala ere, hedadura txikia izanagatik, kualitatiboki funtsezkoak dira intereseko espazioen eta espezieen kontserbazioari egiten dioten ekarpenarengatik. Euskal Autonomia Erkidegoan deklaratutako bost biotopo babestuetatik hiru Gipuzkoan daude; horietatik bi itsasertzekoak dira (Iñurritza eta Deba-Zumaia itsasertzeko zatia) eta hirugarrena ibaikoa (Leitzaran).
Azkenik, harremanetarako helbide batekin batera, webgune berrian informazio praktikoa eskaintzen da naturguneak babesteko, mendian ibiltzeko eta larrialdietarako: natura zaintzea, oinez ibiltzeko aholkuak, seinaleak, bidezidor motak... "Web orria martxan dela aprobetxatuz, Aldundiak dei egiten die Gipuzkoako herritar guztiei, uda atipiko honetan, lurraldeko landa inguruneaz eta bertako irakaskuntzez gozatzera; eta haren garrantziaz eta bertan bizi direnen lanaz kontzientziatzera. Konfiantza, konpromisoa eta kontsumoa gure esku daude. Horiek lagunduko digute gure lehen sektoreari eta jarduera turistikoari suspertzen. Denon ardura da, egoera zail honetan", gaineratu du diputatuak.
2362