Gipuzkoarren %89,2ak tokatzen zaionean hartuko du COVID-19 gaitzetik babesteko txertoa
Gipuzkoarren %89,2ak tokatzen zaionean hartuko du COVID-19 gaitzetik babesteko txertoa
%6,4 bakarrik da txertoa hartzea nahiago ez duela diotenen ehunekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako udaberriko soziometroaren arabera.
Gipuzkoarren gehiengo zabalak (%89,2) tokatzen zaionean hartuko du COVID-19 gaixotasunaren aurrean babesteko txertoa. Horrela jasotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur argitaratu duen udaberriko soziometroaren arabera. Inkestak honen emaitzek diotenez, %6,4 bakarrik da txertoa hartzea nahiago ez duela diotenen gipuzkoarren ehunekoa. Eider Mendoza foru bozeramaileak esan du positiboa dela txertoaren aldeko jarrera hau hain hedatuta egotea Gipuzkoako gizartean baina, txertoa gero eta herritar gehiagotara zabaltzen den bitartean, herritarrek arduraz eta erantzukizunez jokatzen jarraitzeko eskatu die, “hau baita gaur gaurkoz egin dezakegun gauza bakarra, birusaren transmisioa murrizteko neurriak hartzen jarraitzea”.
Hedabideen aurrean agertu da gaur Mendoza, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan eman du apirileko soziometroaren emaitzen berri. “Inkesta honen bitartez, herritarren kezka eta iritziak aktiboki entzuten ditugu, eta ateratzen ditugun ondorioak politika publiko eraginkorragoak egiteko erabiltzen dira”, adierazi du. Kasu honetan, 2021eko apirilaren 26 eta 29aren artean egin zuen inkesta Gizakerrek, telefonoz. 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu ziren: 340 Donostialdean, 280 Bidasoa-Oarsoaldean, 280 Orian eta 300 Deba-Urola. Herri, adin eta sexuaren arabera estratifikatutako ausazko lagina erabili da inkestan.
Bestalde, ikerketa honen arabera, herritarrak erantzukizunez jokatzen jarraitzea da pandemiaren susperraldi berriren bat ekiditeko modua, gipuzkoarren % 69,9aren arabera. Soziometroak jasotzen duenez, gainerakoek erakundeetan jartzen dute azpimarra: Espainiako Gobernua (% 9), Eusko Jaurlaritza (% 8,9), udalak (%1) eta Gipuzkoako Foru Aldundia (% 0,6). “Pandemiaren aurrean, azken asteetan egiten ari garen bezala, azken ahalegina eskatzen diegu herritarrei, arduraz jokatzen jarraitzeko. Aldundiak, erakunde bezala, konfiantza osoa du gipuzkoarrengan”, esan du bozeramaileak.
Arlo berdinean, gipuzkoarrek 5,37ko nota ematen diote administrazio publikoek pandemiari eman dioten erantzunari, eta 5,09 batekin baloratzen dute gizarteak azken hilabeteotan izan duen jarrera. Erakundeka, udalak dira balorazio onena dutenak (5,56), ondoren Jaurlaritza (5,46), Aldundia (5,34) eta Espainiako gobernua (4,5). “Herritarrek beraien animo egoera 6,32arekin baloratzen dute, eta beraien egoera deskribatzeko erabiltzen dituzten ezaugarriak negatiboak dira: kezkatuta (%79), triste (%62,4), nekatuta (%55,7), gogaituta (%52,2)…”, azaldu du Mendozak.
Etorkizunari begira jarrita, baikortasuna mugatua da oraindik ere, gehiengoak uste baita oraindik ere denbora emango duela pandemia gainditzeak: batez beste, gipuzkoarrek uste dute beste 22 hilabete emango duela egungo egoera gainditzea. Hau honela izanda, %57,3k uste du udara hau ere ez dela egoera normalizatu batean eta, gainera, gehiago dira, pandemia okerrera egiten ari dela uste dutenak, hobera baino. “Hala ere, oso kontutan hartzekoa da noiz egin zen inkesta, apiril bukaeran, zeren eta ordutik hona dezente aldatu da bizi dugun egoera epidemiologikoa, eta honen eragin zuzena du emandako erantzunetan”, argitu du Mendozak.
Ekonomia eta kezka nagusiak
Ekonomia eta enpleguaren blokeari erreparatuta, gipuzkoarren egoera ekonomiko pertsonala zertxobait hobetu da abenduarekiko: 6,29eko batez besteko nota ematen diote, abenduan baino 0,04 gehiago. Gainera, orain gehiago dira azken bi-hiru urteetan egoera ekonomikoak hobera egin diela diotenak, nahiz eta gehiengoarentzat (ia %60) berdin jarraitzen duen egoerak. Lurraldearen ekonomiari erreparatuta, herritarren zatirik handienak uste du hobera egingo duela datozen urtetan. “Hemen, alde nabarmenak daude abenduarekiko: 9 puntu hazi da egoerak hobera egingo duenak dionen kopurua, eta 15,5 puntu jaitsi da egoerak okerrera egingo duela uste dutenena”, nabarmendu du Mendozak.
Erakundeekiko konfiantzari dagokionean, gipuzkoarren gehiengoak dio ez dela politikaz fio (herritarren %77,3) eta, gainera, adierazle hau +3,5 hazten da aurreko inkestarekiko. “Erakundez erakunde xehatuta konfiantza, Aldundia da gora egiten duen erakunde bakarra: udalak dira baloratuenak, 5,8ko konfiantzarekin, nahiz eta 0,01 jaitsi; ondoren Aldundia, 5,71ko nota eskuratzen duena, 0,15 haziz aurreko inkestarekiko; Jaurlaritzaren kasuan, 5,44arekin baloratzen dute, 0,05eko murrizpena udazkenarekiko; eta azkenik, Gobernu espainiarrak 3,82ko nota eskuratzen du, aurrekoan baino 0,22 gutxiago”, azaldu du foru arduradunak.
Bestalde, herritarren kezka nagusia ekonomia arlokoak eta pandemiarekin erlazionatutakoak dira. Buruhauste nagusia langabezia da, inkestatuen %44k nabarmentzen baitu. Gai berdinarekin erlazionatuta, krisi ekonomikoa kokatzen du kezka nagusien artean gipuzkoarren %14,9k. Ondoren, COVID-19, gipuzkoarren %23ren kezken artean dagoena. %19,1ak, Osakidetzan hobekuntzak aipatzen ditu kezken arloan. “Puntu honetan, oso azpimarragarria da udazkeneko inkestarekiko dagoen aldea: orduan COVID-19 gaitza zen kezka nagusia, %25,3k aipatzen baitzuen, eta langabezia %21,5ak bakarrik kokatzen zuen arazo nagusien artean; azken zifra hau, orain, bikoiztu egin da”, azaldu du Mendozak.
Bloke politikoa
Batzar Nagusien kasuan, okerrera egiten du bertan dauden alderdi guztiei herritarrek ematen dioten balorazioa. Alderdiz alderi xehatuta, EAJ-PNV da ondoen baloratuena, 5,44ko notarekin, udazkeneko inkestatik -0,36 puntu jaitsiz. Gertu du EH Bildu, 5,32 nota eskuratzen baitu, aurrekoan baino 0,44 gutxiago. Gainerako alderdiek honako balorazioak eskuratzen dituzte: PSE-EEk 4,53 (-0,29), Elkarrekin Podemosek 4,47 (-0,04) eta Alderdi Popularrak 1,97 (-0,26). Aldundia egiten ari den lana baloratzeko orduan, gehiengoak uste du foru erakundea ez dela ari ez ondo ez gaizki egiten (%39), edo ondo egiten ari dela (%36,2), eta oposizioaren paperari buruz galdetuta, hemen ere gehiengoak dio ez direla ari ez ondo ez gaizki egiten (%45,5), eta %15,4 dira diotenak ondo egiten ari direla.
Lider politikoen kasuan, ia gipuzkoar guztiek ezagutzen dituzte Espainiako Gobernuko presidentea, Pedro Sanchez, eta Iñigo Urkullu lehendakaria, eta %58,2k ezagutzen dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia. Arduradun politiko hauen kudeaketa baloratzerako orduan, 5,71ko nota eskuratzen du lehendakariak, 5,68koa diputatu nagusiak eta 4,88koa Espainiako Gobernuko presidenteak. Bestalde, nortasunari buruz galdetuta, gipuzkoarren ia erdia euskalduna bakarrik sentitzen da (%47) edo euskaldunagoa espainiarra baino (%18,6).
Azkenik, inkesta elektorala ere jasotzen du apirileko soziometroak eta, honen arabera, EAJ-PNVk irabaziko lituzke foru hauteskundeak gaur egingo balira, botoen %37,5 eskuratuko bailituzke; hau da, 2019ko hauteskundetan baino 1,6 puntu gehiago. EH Bildu litzateke bigarren indarra 1,3 puntu hazi eta guztira bozken %33,2 lortuz. PSE-EE hirugarren postuan geratuko litzateke, bozka guztien %16,3rekin, 2019an baino puntu bat gutxiago; ondoren Elkarrekin Podemos, botoen %7,7 lortuta, duela bi urteko bozketan baino 1,3 puntu gutxiago. Azkenik, Alderdi Popularrak botoen %4,1 (-0,7) eskuratuko lituzke, eta Vox-ek %0,9. Batzar Nagusietako eserleku kopuruetara eramanda, EAJ-PNVk bat gehiago izango luke; EH Bilduk bi batzarkide irabaziko lituzke; PSE-EEk ordezkari bat galduko luke, eta Elkarrekin Podemosek bi. Azkenik, PPk egun duen batzarkidea mantenduko luke, eta Vox-ek ez luke ordezkaritzarik erdietsiko.
COVID-19 partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, positibo bakarra dago, Zumarragako Argixao egoitzan dagoen egoiliarra. Txertoa jasota du, asintomatikoa da eta Eibarko COVID-19 zentroan dago. Egoitzetako langileen kasuan, egun 8 langile daude diagnostiko positiboarekin, 7 egoitza ezberdinetan. Gainerako baliabideei erreparatuta, eguneko zentroetan positibo bat atzeman da azken astean, eta ez dago kasu berriri ez desgaitasunean, ez gizarte inklusioan eta ezta adingabeei zuzendutako baliabideetan ere.
3503