Gizarte politika eta ekonomia sustapena indartuko ditu Aldundiak 2017ko aurrekontuaren ardatz gisa
Gizarte politika eta ekonomia sustapena indartuko ditu Aldundiak 2017ko aurrekontuaren ardatz gisa
2016an baino 19,3 milioi gehiago bideratuko ditu gizarte politika esparrura
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundiaren 2017ko aurrekontuak aurkeztu ditu, ekonomia sustapena eta gizarte politika ardatz dituztenak. Zehazki, 19,3 milioi gehiago bideratuko dira Gizarte Politika departamentura, mendekotasun laguntzak eta egoitzetako plazak indartu eta Kabia eta Elkar-Ekin programen garapenerako. Diputatu nagusiak azaldu duenez, esparru honetara doa aurrekontu hazkundearen %75 baino gehiago. “Europa mailan gizarte ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean egon nahi dugula esan ohi dugu, eta ekintzekin ari gara horretarako lanean”, esan du.
Diputatu nagusia hedabideen aurrean agertu da gaur 2017ko aurrekontuak aurkezteko, eta berarekin izan dira Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatua eta Jose Corchon Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia. Aurretik, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso du proiektuak eta ondoren Batzar Nagusietan izan da Olano, ekimena Eider Mendoza presidenteari eman eta batzarkide taldeekin partekatzeko. Guztira, Imanol Lasa foru bozeramaileak pasa den astean aurreratu bezala, 838 milioiko aurrekontu propioa izango du Aldundiak datorren urtean, aurten baino %3,16 eta ia 26 milioi euro gehiago. “Egonkortasunezko aurrekontua” dela adierazi dute foru arduradunek, Gipuzkoak egun dituen erronka nagusiei erantzun ematera bideratuta.
Gizarte politika da aurrekontuaren bi zutabe nagusietako bat, kudeaketa baliabideen ia %50 bertara bideratzen baitira. Pasa den urtean baino 19,3 milioi gehiago izango ditu aurten departamentuak, mendekotasun laguntzak eta egoitzetako plazak indartu eta hedatu eta Kabia eta Elkar-Ekin programen garapenera. “Gizarte zerbitzuetan inbertitzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, hemen inbertitzea Gipuzkoa osoaren aldeko inbertsioa baita”, esan du Olanok, datu bat azpimarratuz: aurten biztanleko 480 euro gastatu ditu Aldundiak gizarte zerbitzutan, eta datorren urtean 508. Honen harira, finantzaketarako hain beharrezkoak diren baliabideak ekonomia sustapenaren eskutik iristen direla gogoratu du. “Egiten dugun planteamenduan, bi esparruak estuki lotuta daude”, defendatu du.
Olanok, zentzu honetan, ekonomia agertokiaren irakurketa baikorra egin du. “Adierazle askoren bilakaera oso positiboa izaten ari da azken hilabeteetan, Barne Produktu Gordina edota langabezia tasa kasu, baina oraindik ziurgabetasunek jarraitzen dute eta ezin dugu erlaxatu”, esan du. Testuinguru honetan, diputatu nagusiak nabarmendu du inoiz baino garrantzitsuago dela ekonomia sustapenaren bidetik jarraitzea. Hori dela eta, zehaztu du Ekonomia Sustapeneko departamentuak pasa den urtean izan zuen %50eko aurrekontu hazkundeari jarraipena eman zaiola, eta Ekonomia Suspertzeko Planak datorren urtean beste 50 milioi bideratuko dituela lurraldeko enpresa ehuna indartzera.
Bi zutabe nagusi hauekin batera, bide azpiegiturak eta zerga iruzurraren aurkako jarduketa dira aurrekontua egiterakoan Foru Aldundiak kontuan izan dituen beste bi lehentasun nagusiak. Errepideen kasuan, Antzuola-Bergara bideko lanekin jarraituko du foru erakundeak, Gipuzkoako Biribilgunea proiektuari amaiera emango dion proiektua, eta horretarako 12 milioiko hazkundea du aurrekontuan Bide Azpiegituren departamentuak. Zerga iruzurraren kasuan, giza baliabideen atalean iragarritako 45 langile gehigarriren hazkundearen lehen fasea exekutatuko da, eta informatika arloan Big Data teknologien garapenerako baliabideak handituko dira. Pasaialdearen biziberritzeak, bere aldetik, berriro ere zortzi milioi euro izango ditu.
Horrela, 2017an departamentuak eskura izango duten kudeaketa aurrekontu propioak, hau da, finantza-zama kontuan hartu gabe, honako banaketa du:
DEPARTAMENTUA |
AURR. 2016 |
-IZFE 2016 |
DOITUTA |
AURR. |
ALDEA |
% ALDEA |
Diputatu Nagusia |
17.155.288 |
-166.270 |
16.989.018 |
18.033.557 |
1.044.539 |
6,15% |
Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola |
54.952.256 |
-1.174.060 |
53.778.196 |
53.823.610 |
45.414 |
0,08% |
Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa |
39.240.738 |
7.450.530 |
46.691.268 |
48.848.947 |
2.157.679 |
4,62% |
Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka |
70.102.181 |
-379.280 |
69.722.901 |
70.000.666 |
277.765 |
0,40% |
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa |
58.690.523 |
-316.070 |
58.374.453 |
59.835.579 |
1.461.126 |
2,50% |
Ogasuna eta Finantzak |
46.054.728 |
-3.817.130 |
42.237.598 |
44.379.605 |
2.142.007 |
5,07% |
Bide Azpiegiturak |
77.744.655 |
-255.800 |
77.488.855 |
89.412.404 |
11.923.549 |
15,39% |
Gizarte Politika |
345.378.480 |
-1.033.940 |
344.344.540 |
363.629.151 |
19.284.611 |
5,60% |
Ingurumena eta Obra Hidraulikoak |
21.495.831 |
-307.980 |
21.187.851 |
23.758.423 |
2.570.572 |
12,13% |
Batzar Nagusiak |
6.994.000 |
0 |
6.994.000 |
7.063.994 |
69.994 |
1,00% |
Beste gastuak |
508.303 |
0 |
508.303 |
237.198 |
-271.105 |
0,00% |
GUZTIRA |
738.316.983 |
0 |
738.316.983 |
779.023.134 |
40.706.151 |
5,51% |
Zenbakietara jaitsita, Larrañagak azaldu du IZFE (Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea) dela eta aurrekontua berrantolaketa burutuko dela 2017ra begira. “Zazpi milioi baino gehiago zeuden hainbat departamentutan sakabanatuta, eta banaketa irizpidea guztiz zaharkituta zegoen. Orduan, hau berrantolatu eta Gobernantza departamentuan zentralizatu dugu”, azaldu du diputatuak. Mugimendu honek ez du inongo eraginik Aldundiaren kudeaketan, eta hori dela eta, aurreko ekitaldiarekin alderaketak egiterako orduan ez da kontuan hartu.
Banaketari dagokionez, gizarte politikak kudeaketa aurrekontuaren ia erdia hartzen du bere gain, aurten izan duen pisua zertxobait handituz. Orokorrean banaketa aurtengoaren lerrokatuta dago, Bide Azpiegituretan nabarmentzen delarik, puntu bat irabazi eta %10,5 izatetik %11,5 izatera pasa baita.
2254