Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gizarte politikan proiektu berritzaileak sustatzeko dirulaguntza deialdia onartu du Aldundiak

Gizarte politikan proiektu berritzaileak sustatzeko dirulaguntza deialdia onartu du Aldundiak

Europako funtsetatik eratorritako 875.000 euro bideratuko dira ekimen honetara, eta aurrerago beste 575.000 eurorekin indartuko da.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Europatik datorren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) parte den berrikuntza sozialeko proiektuak finantzatzeko diru laguntzen 2022eko deialdia onartzea. Lerro honek 875.000 euroko zuzkidura du, eta honako alor hauetan eragin nahi du: batetik, gizarte berrikuntzako proiektu pilotuak haurrak eta nerabeak babesteko, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko, desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia eta independentzia sustatzeko eta gizarteratzeko. Eta bestetik, etxean zainketa berritzaileak hobetzeko eta sustatzeko zerbitzu berriak ezartzeko edo egungo zerbitzuak egokitzeko proiektuak finantzatzeko oinarri espezifikoak.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak eman du gaur neurriaren berri, aste honetan egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko eman duen prentsa agerraldian. Bertan azaldu duenez, dirulaguntza deialdi hau datozen asteetan osatuko da, bigarren zati bati baitu. “Aipatutako lerroez gain, lantzeko falta dena da adinekoen arreta eta zaintza hobetzea helburu duten proiektu berritzaileak finantzatzea helburu duena. Adinberriren testinguruan kokatuko da laguntzen bigarren zati hau”, aurreratu du. Gaineratu duenez, 575.000 euro bideratuko dira honetara eta, honenbestez, guztira 1.450.000 euro izango lirateke gizarte eta zaintza arloko proiektu berritzaileetara bideratuko direnak.

          Foru arduradunak azaldu du pasa den urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren sektoreko entitateetan 13 proiektu berritzaile babestu zituela, eta beste 11 udalen zaintza ekosistema lokala sustatzeko proiektuak bultzatu zituen. Guztira, 1,2 miloi bideratu ziren honetara, eta ekimen hauen bitartez honako alor hauek bultzatu ziren: arreta eta zaintzarako tokiko ekosistemak sortu eta bultzatzea, tokiko eragileen konektibitatean oinarrituta, zaintzaren ekonomia bat garatzeko; zaintzak emateko eran berrikuntza sustatzeko eredu esperimentaletan oinarritutako esperientzia pilotuak diseinatu eta ezartzea, bai etxeetan, bai egoitza/erreferentziazko zentroetan; prestakuntzarako programen diseinua eta tresna digitalen garapena, zainketen berrikuntzarekin eta pertsonalizazioarekin lotuta; eta iraupen luzeko zainketetan berrikuntzari buruzko ezagutza sortzen duten azterlanak eta ebaluazioak egitea.

“Gipuzkoa lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua da, pertsona guztiei enplegua, babesa eta etorkizuna eskaintzen diena”, aldeztu du Mendozak. Nabarmendu duenez, gizarte politiken esparruan, aktibazio komunitarioa eta berrikuntza giltzarriak dira etorkizuneko zainketen arloan, Gipuzkoan gertatzen ari den arreta ereduaren eraldaketaren esparruan. “Gipuzkoako Foru Aldundiak bizkortu egin du azken urteotan zainketa pertsonalizatu, inklusibo eta komunitarioagoak lortzeko prozesua, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren bitartez. Helburua ondorengoa da: Etorkizuna Eraikizen esparruan, Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea eta lurralde osorako ibilbide-orri bat ezartzea”, azpimarratu du. Europatik etorritako baliabide hauek ere ahalegin horretara bideratzen direla gaineratu du Mendozak.

Esku-hartzea GI-3632an

Azkenik, Oiartzuneko GI-3632 errepidean esku hartzea bat onartu da baita ere gaurko Kontseiluan. Lanbarrengo industriagunea eta Oiartzungo herria lotzen ditu errepide honek, AP-8 autobidearen azpitik pasatzen den tunel baten bidez. Zehazki, bide horretako 0,590 eta 0,675 kilometro puntuen artean oin-horma bat eraikiko da, eta 0,675 eta 0,720 kilometro puntuen artean dagoen oin horma egonkortuko da. Guztira, 961.333 euro bideratuko dira honetara, eta lanak egikaritzeko epea lau hilabetetakoa da.

“Lan hauek aurretik egin izan ditugun esku-hartzeen jarraipena dira, eta errepidea bere onera itzultzea dute jomuga”, esan du Mendozak. Erabaki berri honekin, funtsean, aurreko proiektuko obretan amaitu gabe geratu zen oin-hormaren azken zatia eraikiko da, betelanaren drainatze baldintzak hobetuz osatuko dena. Era berean, eraikuntza eta egonkortze obrek eragindako zorua eta seinale horizontalak berrezarriko dira. “Honela, bide hau erabiltzen duten erabiltzaileen segurtasun eta erosotasuna hobetzea aurreikusten da”, adierazi du Mendozak. 

  

4444