Gizarte politiketako gastua %15 hazi da Gipuzkoan legealdia hasi zenetik
Gizarte politiketako gastua %15 hazi da Gipuzkoan legealdia hasi zenetik
Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur onartu diren foru aurrekontuen izaera sozialean jarri du azpimarra, eta “etorkizunera begira” daudela nabarmendu
%15 hazi da Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen gizarte politiketako gastua legealdia hasi zenetik. Hau da, 2018an 2015ean baino 50 milioi euro gehiago bideratuko dira mendekotasunari emandako laguntzak edota adinduen zaintza bezalako gaietara. Horrela dago jasota foru erakundearen datorren urteko aurrekontuan, Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkuraren oniritzia gaur jaso duen proiektua hain zuzen. “Datorren urtean, aurten bezala, Gipuzkoako inoizko aurrekonturik sozialena izango du”, azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak. Honek, gehitu duenez, argi uzten du foru Gobernuak gai honi ematen dion garrantzia. Gizarte politiketako biztanleko gastua ere errekorrekoa da: 525 euro gipuzkoar bakoitzeko.
2018ko foru aurrekontuak EAJ/PNV eta PSE-EEren babesa lortu dute. Alderdi Popularra, bere aldetik, abstenitu egin da, eta EH Bildu eta Ahal dugu-Podemosek aurka bozkatu dute. Osoko bilkuraren ostean, diputatu nagusia hedabideen aurrean agertu da Foru Aldundiaren aurrekontuen onarpenari buruzko irakurketa positiboa egiteko. Aipatutako gizarte politika, ekonomia sustapena, etorkizuneko politikak eta zerga iruzurraren aurkako dira proiektuaren ardatz nagusiak. Guztira, foru erakundeak 856,5 milioi euroko gastua aurreikusten du datorren urterako, aurten baino %2,22 gehiago.
“Legealdia hasi zenetik, lanean ari gara Gipuzkoako Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzeko, gizarte, genero eta hizkuntza ikuspegietatik”, gogoratu du Olanok. Azaldu duenez, gizarte politikak paper garrantzitsua du ahalegin honetan, “administrazio publikoetatik ezberdintasuna borrokatzea ahalbidetzen baitigute”. Alor hau, hain zuzen, eta foru arduradunak gogoratu duenez, urtetik urtera indartzen joan da foru Gobernua legealdia hasi zenetik.
Diputatu nagusiak berretsi du ekonomia sustapena dela oraindik ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu nagusia, zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzeko. “Gure ekonomia sustatuz aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen ditugu eta, honela, gure gizarte politika finantzatzeko behar ditugun baliabideak lortzen ditugu. Bide honetatik lortzen dugu daukagun ongizate mailari eustea”, azaldu du. Hori dela eta, foru erakundeak ekonomia sustapenaren aldeko apustuarekin jarraitzen du, legealdi hasieran alor honetako departamentuaren aurrekontuan jazo zen hazkundea finkatuz (%50 inguru hazi zen). Aste honetan bertan aurkeztu diren Ekonomia Suspertzeko Planaren emaitzak foru erakundea egiten ari den ahaleginaren adierazle ona dira, lurraldeko ehun ekonomikoa indarberritzeko.
Etorkizuneko politikak, berriz, aurrekontu proiektuaren hirugarren zutabea dira, Etorkizuna Eraikiz programaren bidez gauzatzen ari den alorra hain zuzen. Olanok azaldu duenez, kasu honetan 2018an 10,4 milioi euro bideratuko dira esparru honetan kokatzen diren proiektu estrategikoetara, hala nola, Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentro aurreratua edota Pasaiako mendekotasuna eta zahartzaroaren arretan erreferentziazko zentroa. Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz gaurtik biharko Gipuzkoa eraikitzen hasteko Aldundiak proposatzen duen dinamika da, “lurraldeko gizarte eta herritarren eskutik egin nahi dugun bidea”.
2587