Gizarte zerbitzuak finkatzeko 90 milioi euro zuzenduko dira
Gizarte zerbitzuak finkatzeko 90 milioi euro zuzenduko dira
Mendeko adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesik gabeko adingabeak eta inklusioan izango dira hitzarmenak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 90.478.287,78 euro zuzenduko ditu Gizarte Politiketan funtsezkoak diren lau jardun eremuetan lankidetza hitzarmenak diruz hornitzeko. Hitzarmen horien argitan, guztira 4.792 plaza beteko dira, 77 entitatek kudeatutako 246 zentroetan. Hitzarmenaren berritzea gaur goizean onartu du Gobernu Kontseiluak, Aldundiaren eskumenekoak diren gizarte zerbitzuak emateko, 2017ko aurrekontuaren baitan. Zehazkiago, honako eremuetan berrituko dira lankidetza hitzarmenak: mendeko adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesik gabe dauden adingabeak pisuetan nahiz beste zentro espezializatu batzuetan artatzeko; eta lankidetza hitzarmenak berritzeko, bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak gizarteratzean eta laneratzean diharduten entitateekin.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez, 37.618.434,65 euro bideratuko dira mendeko adinekoei hainbat zerbitzu eskaintzeko (2.525 plaza hitzartuak), hala nola, egoitzetan (1.194 plaza 22 zentroetan, 17 entitatek kudeatuak), unitate psikogeriatrikoetan (295 plaza hitzartuak 14 zentroetan), eguneko zentroetan (738 plaza, 25 entitatek kudeatutako 31 zentroetan) eta mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen zaintzan (298 plaza hitzartuak).
Bigarrenik, 30.827.456,70 euro zuzenduko dira desgaitasuna duten pertsonei zebitzuak emateko (1.555 plaza hitzartuak), zehazki, egoitza zerbitzuetarako (722 plaza hitzartuak, 9 entitatek kudeatutako 57 egoitzetan) eta eguneko zentroetarako (833 plaza hitzartuak 43 zentroetan, 6 entitatek kudeatuak).
Hirugarrenik, 8.466.137,62 euro erabiliko dira babesik gabe dauden adingabeak pisuetan nahiz beste zentro espezializatu batzuetan artatzeko, 114 plaza, hain zuzen ere, 8 entitatek kudeatutako 12 zentroetan.
Azkenik, Peñak aurreratu du 13.566.258,81 euro bideratuko direla lankidetza hitzarmenak berritzeko, bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak gizarteratzean eta laneratzean diharduten entitateekin. Guztira, 598 plaza hitzartuak izango dira, eta horien artean 438 plaza entitatek kudeatutako 59 egoitzetan; 160 plaza, aldiz, 8 eguneko zentroetan, 2 entitatek kudeatuak. Egoitza zerbitzuei eta eguneko zentroari dagokienez, azaldu du gastua kalkulatu dela plazen “erabileraren aurreikuspenaren” arabera, beti ere lankidetzan ari diren erakundeek onartutako tarifei jarraituz, hitzarmen bakoitzerako bizikidetzarako “aukerak kudeatze aldera”.
Diputatuak nabarmendu du lankidetza hitzarmen horien berritzeak irudikatzen duela Aldundiak egin duen “apustu sendoa” gizarte politikak “indartzeko eta jasangarritasuna lortzeko”. Horren harira, gaineratu du foru erakundeak Gipuzkoak gaur egun eta etorkizunean izango dituen hiru erronkei heldu diela: “Lehenengoa, biztanleriaren zahartzeak dakartzan egoerei aurre egitea; bigarrena, hainbat arrazoirengatik gizarte bazterkeriako arriskuan dauden edo egon daitezkeen pertsonak babestea eta, hirugarrena, sistemaren iraunkortasuna bermatzea”.
Anoetaren birmoldaketa
Anoetako estadioa berritzeko Aldundiak jarri beharreko diru atalak ere onartu ditu gaurko Gobernu Kontseiluak. Lau milioi euro dira guztira, bi 2018ko aurrekontuetan eta beste bi 2019ko aurrekontuetan, “hartutako finantziazio konpromisoa” beteaz, adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Obrak laster hasiko dira eta bi urte eta erdi inguru irautea espero da. 2019-2020 denboraldirako amaituta egongo dira. Gainera, Realak Anoetan jokatzen jarraitu ahal izango du tarte horretan, eta eragozpen bakarra aforoa murriztea izango da -25.000 ikuslera-.
“Beti esan dugu Anoetaren birmoldaketa lehentasuna dela Gipuzkoarentzat. Oztopoak oztopo, azkenean gauzatu egingo da, oso proiektu txukun batekin. Albiste bikaina da lurralde guztiarentzat”, azaldu du bozeramaileak. Lau milioi euro jarriko ditu Aldundiak, lurraldeko kirol instalazioak hobetzeko duela gutxi onartutako inbertsio planaren barruan -15,5 milioi eurorekin hornitua-. Anoetako plangintzaren barruan, kultur etxeko, Kirol Etxeako eta bulegoetako instalazioen segurtasuna eta ekipamenduak hobetzea, eta miniestadioa berritzea dago aurreikusita, bertan nazioarteko probak antolatu ahal daitezen: “Beraz, proiektua futbol zelaiaz haratago doa, zabalagoa da, eta oso inpaktu positiboa edukiko du lurraldearentzat, ekonomikoki, sozialki, eta kirol arloan”.
“Alde guztiek, bai erakundeok eta bai Realak berak, bereziki, dezenteko ahalegina egin dute, eta horri esker, azkenean merezi duen estadioa edukiko du Realak. Aforoa handitzeaz gain, pistak kendu, eta harmailak gerturatuko dira. Aspaldiko eskera da hau, dakizuen bezala. Zaleek jokalariengandik askoz ere gertuago egon ahal izango dute, eta baita aurkariaren gainean ere. Giroa nabarmen hobetuko du horrek. Esan dezakegu benetako futbol zelaia izango dela Anoetan, azkenean”, iragarri du.
Haren esanetan, estadio berriak “babes inportantea” eta jauzi kualitatiboa ekarriko dio klubari. “Reala ilusio motorra da Gipuzkoarentzat, lurraldearen animoaren termometroetako bat, nolabait esatearren. Zer esanik ez azken aldian, emaitza bikainak lortzen ari baita, oso urte zailak igaro ondoren. Anoetaren birmoldaketak, dinamika positibo horrekin jarraitzeko eta geroz eta anbizio handiagoarekin aritzeko indarrak emango dizkio”.
Gaineratu duenez, obra honek “ziklo aldaketa” islatzen du lurralde gisa ere. “Gipuzkoan geldialdia eta blokeoa atzean utzi, eta aro berri bati ekin diogu, non Gipuzkoaren proiektu estrategikoek aurrera egiten duten eta gauzatu egiten diren. Aurrerapauso bat ematen dugu, eta etorkizunari ilusioz eta indarberrituta egiten diogu aurre”.
Ingurugiroko laguntzak
José Ignacio Asensio Ingumeneko diputatuak 2017ko diru laguntzen deialdia aurkeztu du, Gipuzkoako iraunkortasuna eta ingurumenaren hobekuntza sustatzen duten udalei, mankomunitateei, eskualdetako entitateei, elkarteei eta enpresei zuzenduak. Laguntza horiek 490.000 euroko zuzkidura bat dute, eta gaurko Kontseiluan eman zaie onarpena.
Lau dira jarduera ildoak: etxeko hondakinen, antzekoen eta merkataritzako hondakinen prebentzioa eta birziklatzea sustatzen duten jarduerak, 200.000 eurorekin; energia berriztagarrien erabilera eta energia aurrezpena eta eraginkortasuna tokian sustatzen duten jarduerak, 100.000 eurorekin; Tokiko Agenda 21ak garatzeko eta tokiko edo eskualdeko garapena xede duten estrategiak eta planak idazteko jarduerak, 140.000 eurorekin; eta hezkuntza, prestakuntza, sentsibilizazio eta herritarren partaidetza hobetzeko eta aldaketa klimatikoari buruzko informazioa eskuratzeko programak, 50.000 eurorekin.
Aurten, laguntzak berrantolatu egin dira, irizpideak bateratu dira, prozedurak erraztu dira, eta balioespen irizpideak homogeneizatu dira, baina berrikuntzarik garrantzitsuena da deialdia lehen aldiz enpresei zabaldu zaiela, hartara, prebentzioa eta birziklatzea sustatzen duten jarduerak burutzen badituzte, diru laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten. "Garrantzitsua da enpresa horiek indartzea, produktu hauen merkaturatzeak arrakasta izan dezan. Gainera, alor horrek indar berritzaile handia du, eta garrantzitsua da sektore ekonomikorako eta enplegua eta aberastasuna sortzeko", azaldu du Asensiok.
Proposamenak balioesteko orduan, lehentasuna izango dute prebentzio jarduerek, eraginkortasunak, jardueren xede den herritar kopuruak eta izaera berritzaileak.
"Aldaketa klimatikoa, baliabideen gehiegizko erabilera eta bizitzari eusteko sistema naturalen bestelakotzea estutasun egoera edo maila orokorreko krisi bat sortzen ari dira, eta horrek eskatzen du iraunkortasuneko larrizko politiketara egokitzea eta maila guztietako neurriak exekutatzea, mundu mailatik toki mailara, eragile sozial guztien parte hartzearekin batera. Esparru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio politika propio bat ezarri eta garatzea, Gipuzkoako garapen iraunkorrago bat lortzeko. Orobat dagokio helburu horretan laguntzen duten tokiko eta eskualdeko erakundeei, enpresei eta gizarte zibileko erakundeei laguntzea", esan du Asensiok.
2606