Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gizarteratze prozesuetan dauden pertsonak eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak dira protagonista Aldundiak antolatutako uda ikastaroan

Gizarteratze prozesuetan dauden pertsonak eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak dira protagonista Aldundiak antolatutako uda ikastaroan

UPV-EHUren uda ikastaroen esparruan, gaur eta bihar aztergai izango dira gizarteratzea eta indarkeria matxistaren biktimen arreta, parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegietatik.

Uda Ikastaroan parte hartu duten hizlariak.

Gaur eta bihar bitartean, irailaren 12 eta 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak urtero antolatzen duen UPV-EHUren uda ikastaroa egingo da, SIISekin lankidetzan. Arreta inklusiboago eta pertsonarengan zentratuago baten inguruan hausnartzeko asmoz, sektoreko profesionalak eta gizarte-programetan parte hartu duten pertsonak izan dira Miramar Jauregian egiten ari diren saioetan protagonistak. Parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik, banakako esperientziak partekatu eta entzun ahal dira gizarteratze-prozesuetan murgilduta dauden edo egon diren pertsonen testigantzen bidez. Bihar, eskema berari jarraituz, indarkeria matxistaren alorreko profesionalek eta emakumeek hartuko dute hitza, eta euren esperientziak eta bizipenak partekatuko dira.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak lagunduta, udako ikastaroari hasiera eman dio, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela lanean jarraitzea pertsonak, haien beharrak, eskaerak eta egoera zehatzak gizarte-politika guztien erdigunean jartzeko. Olanok defendatu duenez, lurraldeko gizarte-sare osoa bazterketaren eremuan egiten ari den ahalegina pertsonalizazioaren, prebentzioaren, komunitatearen aktibazioaren, parte-hartzearen eta lan-eremuarekiko eta enplegagarritasunarekiko loturaren ardatzetan oinarritzen da. Gaineratu duenez, “arretaren kalitatea eta bizi-kalitatea pertsonen beharretan oinarritutako eredu baterantz bat egiten duten bi kontzeptu dira, haien autodeterminazioa eta ahalduntzea bermatuz”.

Gizarte Politiketako departamentuak urtean 18.500 pertsona ingururi ematen die arreta, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretaren arloko zerbitzuen, baliabideen eta programen bidez. Diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusia desberdintasun sozialekin amaitzea dela, eta Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izatea. Hori dela eta, Foru Aldundiak 2022-2026 aldirako Gizarte Inklusioko Plan berri bat du abian, baita Elkar-EKIN Lanean enplegagarritasun-estrategia ere, helburu bera partekatzen dutela: lurraldeak gizarteratzearen eta laneratzearen aldeko eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboaren erakusgarri dira.

Zentzu horretan, Olanok Gipuzkoako eredu soziala nabarmendu du, “eredu propioa, non pertsonei beren bizitza-prozesuetan laguntzeko beharrezko laguntzak ematen dizkiegun. Pertsonek bizi-proiektu hobe bat bilatzen hasten diren prozesuei eusteko sareak ehuntzen jarraitzeko gai izan behar dugu”. Beraz, gizarte-berrikuntzak, ebaluazio-sistemak indartzeak eta gizarteratzearen arloko paradigma eta eredu berriak birpentsatzeak protagonismo handia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egunerokoan.

Ziurgabetasun sozial eta ekonomiko gero eta handiagoak markatutako egungo egoeraren aurrean, Aldundiaren lehentasun nagusia pertsona eta kolektibo ahulenak babestea da, “etorkizunean eta elkarlanean oinarritutako norabide irmoa ezarri dugu”, gaineratu du Olanok. Hala ere, ohartarazi du zailtasunez betetako testuinguruari aurre egin behar zaiola, “bazterketa-egoera konplexuak kronifikatzeko arriskua areagotu egiten da, eta premiazkoa da erantzun partekatuak eraikitzen jarraitzea, lurralde gisa ezaugarritzen gaituzten elkartasun eta konpromiso sozialetik abiatuta”.

Oraindik ere pandemiaren ondorioek markatutako testuinguruan, eta pertsonalizazioan eta bizi-kalitatean zentratuago dauden esku-hartze ereduak aldatzeko beharra gero eta gehiago onartzen denez, “Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzen du, erabakitasunez, gero eta gizarte inklusiboagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa lortzeko bidean”, ondorioztatu du Markel Olanok.

Parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea

Gizarteratzeari buruzko saioa testuinguruan kokatzeko, eta Mohamed, Jorge eta Maite gizarteratze-prozesuetan parte hartu duten, edo parte hartzen ari diren pertsonei paso eman aurretik, EDE Fundazioko Gorka Ruizek gizarteratzean aurrera egiteko gakoak jorratu ditu, parte-hartzetik, autodeterminaziotik eta ahalduntzetik abiatuta. Bihar, asteartean, eskema bera jarraituz, Ibain Aholkularitzako Sara Ibarrolak emango du hitzaldia, eta ondoren indarkeria matxistaren alorreko elkarteetako emakumeen mahai ingurua egingo da, Goizargi, Mujeres al Cuadrado eta Emaktivako kideek hartuko dute hitza.

Esparru komun horretatik abiatuta, ikastaroak parte-hartze eta elkarrizketarako gune bat osatu nahi du. Jardunaldiekin amaitzeko, hizlarien eta udako ikastarora bertaratutakoen arteko elkarrizketak zabaldu dira, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren alorretan hausnartzen eta ezagutzak, esperientziak eta bizipenak partekatzeko helburuarekin.

  

2806