Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gladys Sarira hautagaitzak aurkezteko epea ireki da

Gladys Sarira hautagaitzak aurkezteko epea ireki da

40 urte arteko emakumeen ibilbidea saritu eta proiekzioa sustatzea du helburu Gladys Sariak.

2024/04/26
Gipuzkoako Foru Aldundia

PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatuta Gladys Sariaren laugarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesa, eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza du ekimenak.

Laugarren edizio hau aurkezten izan dira Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin-zuzendaria, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria eta Idoia Bustinduy Danobatgroup industria-taldeko komunikazio-arduraduna.

IV. edizioa du Gladys Sariak eta erreferente bilakatu da euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakume gazteen aitortzan. Izan ere, neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz. Hautagaitza irabazleak, gainera, 4.000 euroko diru-saria jasotzen du.

Olatz Arbelaitzek azaldu du sektorean emakumezko erreferente berriak sortzearen garrantzia: “Gladys del Estal sariak mundu digitalean diharduten eta oso profil desberdina duten hiru emakume puska saritu ditu orain arte eta ondorioz, hiru erreferente berri ezagutarazi ditugu gizartean. Baina ez dira nahikoa. Askoz erreferente gehiago behar dira oraindik gizarte osoak izan dezan sektorean aritu daitezkeen profil anitzen berri eta esparru digitaleko lanbideak neskato gazteentzat ere erakargarri izan daitezen.”

Hautagaitza gehiago jasotzea helburu

Aurkeztu berri den edizio honetan ahalik eta hautagaitza gehien jaso nahi dira. Gladys Sarirako hautagaitza norberak aurkeztu dezake edo hirugarren bat proposatu daiteke. PUNTUEUSeko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “sarritan, balizko hautagaiek ez dute sinisten sarirako egokiak izan daitezkeenik. Horregatik, hirugarrenen hautagaitzak proposatzeko bidea erraztu dugu, izan ere, Gladys Sarirako aproposak izan daitezkeen emakumeak pentsa baino gertuago ditugu.” Ingurune digitalean diharduten gertuko emakume gazteen inguruan hausnartzera gonbidatu du Arakistainek: “ziur nago denori bururatzen zaigula norbait”.

Balizko hautagaiak bere burua sarira aurkezteko izan ditzakeen barreren aurrean, hautagaiak proposatzeko bidea erraztu da. Norbait proposatzeko nahikoa izango da hautagaiaren izen-abizenak eta harremanetarako datuak ematea eta labur azaltzea hautagaia Gladys Sarira aurkeztearen arrazoia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Nerea Isasik, Euskal Herriko emakume informatikarien lana azpimarratu du: “emakume informatikariak lan eredugarri eta berritzailea ari dira egiten Euskal Herrian eta Gladys Sariak aukera ezin hobea eskaintzen du ahalegin horri proiekzioa eta balioa emateko.”

Gainera, etorkizun digitala eta berdinzalea lortzera bidean, emakume belaunaldi berriak zientziara eta teknologiara erakartzearen garrantzia nabarmendu du: “ereduak eta inspirazioa eskaini behar dizkiegu neska eta emakume gazteei.”

Arbelaitzek ere etorkizunari begiratu dio: “baliteke azken 30 urteetako inertziari buelta ematen hasiak izatea baina prozesua geldoa da eta oraindik lan asko dugu egiteko horretan.”

Hautagaitzak aurkeztea

Ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2024an 40 urte gehienez dituzten emakumezkoek parte hartu ahalko dute. Izena emateko epea 2024ko ekainaren 20a arte egongo da zabalik. Nork bere burua aurkez dezake sarira edo hirugarren batek proposa dezake hautagaia. Kasu bakoitzean, dagokion inprimakia betez aurkeztu behar da www.gladyssaria.eus webgunean.

Gladys Saria PuntuEUS Fundazioa eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Iazko edizioan, baldintza guztiak betetzen zituzten 28 hautagaitza ebaluatu zituen epaimahaiak, ordura arteko parte-hartzerik altuena.

Ane Iturzaeta, lehen saritua

Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995) Gladys Sariaren lehen edizioko irabazlea izan zen 2021an. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Informatika Ingeniaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko unibertsitatean. Gaur egun Custom Engineer bezala egiten du lan, eta bezeroen enpresak, sektore publiko zein pribatuetakoak, aurrera eramaten laguntzeaz arduratzen da. Horretarako eguneroko erronkei erantzuna ematen saiatzen da, adimen artifiziala eta datuak erabiliz.

Olatz Perez de Viñaspre, 2022ko irabazlea

Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) 2022ko Gladys Sariaren irabazlea izan zen. Ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da, UPV/EHUko Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak. Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian. Gaur egun irakasle agregatua da, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketa munduan ere dihardu.

Amaia Abanda, 2023ko irabazlea

Amaia Abanda Elustondo (Donostia, 1989) izan zen Gladys Sariaren hirugarren edizioaren irabazlea. Ibilbide akademikoari dagokionez, matematikaria da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) burutu zituen ikasketak. Ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen 2014-2015 ikasturtean UPV/EHUko Informatika Fakultatean. Azkenik Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean burutu zuen tesia aurkeztu zuen 2022an. Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan dihardu lanean datu zientzien ikerlari bezala.

Gladys Sariari buruz

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume horren lana gogoraraztea ere lehiaketaren funtsetako bat da.

PUNTUEUS Fundazioari buruz

PUNTUEUSek aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .EUS domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean. Eta hura da, 2013an onarpena jaso zuenetik, .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea.

PUNTUEUSen misioa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da, eta hau gauzatzeko .EUS domeinuaren zabalkundea sustatu eta transformazio digitaleko proiektu aurreratuak jartzen ditu abian. Une honetan, ia 15.000 .EUS domeinu daude erregistratuta.

UPV/EHUko Informatika Fakultateari buruz

UPV/EHUko Informatika Fakultatea duela 47 urte estatu espainiarrean informatika ikasketak eskaintzen hasi ziren lehenengo 3 zentroetako bat izan zen. Gaur egun 2 gradu titulazio; Informatika Ingeniaritza eta Adimen Artifiziala; 4 master titulu eta 2 doktorego-programa eskaintzen ditu, eta bertako irakasle eta ikerlariek 17 ikerketa taldetan hartzen dute parte. Horrez gain, fakultateak lankidetza ugari ditu inguruko enpresekin.

  

2574