Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia bezala kontsolidatu da Arantzazulab bere lehen urtean

Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia bezala kontsolidatu da Arantzazulab bere lehen urtean

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikizek sustatuko zentroa bisitatu du gaur goizean, ateak ireki zituenetik urtebete egin denean.

Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro eta gizarte berrikuntzan katalizatzaile gisa kontsolidatu da Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategia, bere ibilbidearen lehen urtean. Urtemuga medio, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du lehen hamabi hilabete hauetan proiektua “guztiz kontsolidatu” dela eta laborategiari “oinarri sendoa” ezarri ziola. “Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan Arantzazulab gobernantzan erreferentzia zentro bezala kokatzeak, gobernantzaren berrikuntzaren esparruan ardaztera eraman du laborategiaren jarduna, bertan zein nazioartean arreta piztuz”, nabarmendu du Olanok. Emaitzak ere aipagarriak izan dira: lehen urtean, 165 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin du, 85 eragilerekin konexioa egin du eta lankidetzan sakondu du, 7 batzordetan parte hartzen du eta 9 lankidetza hitzarmen sinatu ditu.
 
Olanok gaur goizean azpiegitura bisitatu du azpiegitura eta Arantzazulab-eko sustatzaile diren Fundazio buruekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintzia) eta Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiarekin batera, laborategiaren lehen urteko balantze bilera izan dute Arantzazulab-en egoitzan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati). Eragile denek gogoratu dutenez, misio argi bat du zentroak: elkarlaneko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena. “Lehen hamabi hilabete hauetan, erreferentzialtasun hori lortzeko oinarri sendoa jartzen hasi gara”, azpimarratu du Olanok. 
 
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, elkarlaneko gobernantza Etorkizuna Eraikiz ekimenaren zutabe nagusietakoa da, eta hori da hain zuzen ere Arantzazulab-ek lantzen eta jorratzen duen elementua. “Askotan diogu gauzak egiteko modua aldatu behar dela, herritarrengana hurbiltzeko politika publikoak egiteko moduak aldatu behar duela, eta eredu berri baten alde egiten dugula, gobernantza irekia eta elkarlanekoa. Bada, eredu hori bera ez da zerbait estatikoa, eta munduan eta gizartean ematen diren aldaketen aurrean egokitzen jakin behar du. Horregatik dugu ezinbestekoa Arantzazulab zentroak sustatzen duen berrikuntza ariketa”, esan du.
 
Gaineratu duenez, laborategiak gizarte berrikuntzan zubigile eta katalizatzaile izateko rola du: “Gure herriko eta nazioarteko askotariko eragileekin konfiantzazko harremanak landu, sareak eraiki eta lankidetzak sustatu ditu: erakunde publikoekin, elkarteekin, antzeko laborategiekin, fundazioekin, gizarte eragileekin eta enpresekin, politika- eta herri-ekimenekin”. Honekin batera, Arantzazulab herritarren topagune izateko ere sortu zela adierazi du Olanok, adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, zein Euskal Herriko kultura politiko ezberdinekin lan egiteko. “Horregatik, laborategiari aitortu dizkioten ekarpenen artean Topagune Neutral izaeraren aitortza nabarmendu nahiko nuke; izan ere, hainbat eragilek hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune gisa definitu dute Arantzazulab lehen urteko ibiliaren ostean”, aldeztu du.
 
Arantzazulab laborategia adostasun zabaletik abiatu zen, baita egitasmoaren inguruan erreferentziako eragileen lankidetzarako prestutasunetik ere. Egun, laborategiaren gobernantza egituran 12 eragile erreferentek parte hartzen dute, bere Zuzendaritza batzordean (Fundazio buruak) eta Aholku batzordean (Eusko Ikaskuntza, Agirre Lehendakaria Center, Telesforo Monzon eLab, Arantzazuko Adiskideak Elkartea, eta hiru unibertsitateak (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea). Eragile hauekin dagoeneko lankidetza hitzarmenak eta proiektu partekatuak abian ditu laborategiak.
 
Ekimen esanguratsuak
Hiru ildo nagusietan ekimen esanguratsuak abian jarri ditu lehen urtean laborategiak: Ikerketa, Esperimentazioa eta Dibulgazioa. Horietan guztietan berrikuntza eta egiteko modu berriak txertatu ditu bertako zein nazioarteko eragile askorekin lankidetzan. Aipagarriak dira, Ikerketaren esparruan, aipatutako 3 unibertsitaterekin sinatutako lankidetza hitzarmena, ikerketa kooperazioan egiteko espazio berritzailea abiatuz, 40 ikertzaile baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako topaketa batekin. Bi ikerketa esparru lehenetsi dira: Demokrazia eta Lankidetzazko Gobernantza. Egun, hiru unibertsitateetako hainbat ikerlarik lanean dihardute. 
 
Nazioartekotzean, nazioarteko sareetan posizionamendua landu da mundu mailako erakunde eta laborategiekin. Orotara, 86 eragile identifikatu dira, 20 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin da , eta nazioarteko 8 erakunderekin egitasmo ezberdinetan lankidetza abiatu da: OCDE (EU), TACSI (Australia), La 27eRegion (Frantzia), The GovLab (EEBB), VID unibertsitatea (Norbegia), Heilderberg eta Trier unibertsitateak (Alemania), McGill Unibertsitatea (Kanada), besteren artean. Gainera, nazioarteko ikerlari batekin Fellowship programa bat ere abiatu da, Arantzazulab-en esparruan adituak diren nazioarteko ikerlariak eta profesionalak erakarriz.
 
Esperimentazioaren alorrean, modu berritzailean eta ikuspegi eraldatzailearekin esperimentatzeko ekimen esanguratsuak martxan jarri dira. Batetik, Lankidetzazko Gobernantza herritarrekin praktikan jartzeko, esperimentazioko bi proiektu sendo abiatu dira (udal mailan zein lurralde mailan demokrazia deliberatiboarekin esperimentatzeko; aipagarriak dira Tolosako udalarekin zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiatutako lankidetzak), hainbat eragile aktibatuz. Bestetik, Euskal Herriko ko-sorkuntza ekosistema abiatu da Arantzazulab-en, ikaskuntzarako, elkar-ekintzarako eta esperimentaziorako elkargunea, 20tik gora gizarte berrikuntzako  eragile Arantzazulab-en ekosistemara erakarriz eta 2 proiektu elkarlanean martxan jarriz (lehiaketa publiko baten irabazleak izan zirenak, 12 proposamen jaso ondoren).  
 
Hirugarrenik, dibulgazioari dagokionez, ikerketaren zein esperimentazioaren bidez garatutako ezagutza gizarteratzea du helburu ardatza honek. Gizarte erronken ulermenean sakontzeko, ezagutza berria zabaltzeko eta herritarrei helarazteko 18 foro eta kongresutan parte hartu du Arantzazulab-ek, eta Unibertsitate ezberdinetan 9 formakuntza programa eman ditu baita ere.
  

2377