Goi mailako 4 talentu ikertzaile Gipuzkoako I+G+b-ko sarean sartuko dira Fellows programaren eskutik
Goi mailako 4 talentu ikertzaile Gipuzkoako I+G+b-ko sarean sartuko dira Fellows programaren eskutik
Goi mailako 4 talentu ikertzaile Gipuzkoako I+G+b-ko sarean sartuko dira Fellows programaren eskutik
Aldundiak 471.051 euro bideratuko ditu lurraldeko ikerketa zentroen bikaintasun zientifikoa handitzea helburu duen programara
Goi mailako beste 4 ikerlari Gipuzkoako I+G+Bko ekosisteman sartu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fellows 2023ko laguntza programaren bidez. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Ane Insaustik gaur harrera egin diete ikerlari horiei beren ikerketa zentroetako ordezkariekin batera, foru ordezkariek proiektuen edukia xehetasunez ezagutzeko egin den lan topaketan.
Mendozak azpimarratu du Gipuzkoak hamarkadak daramatzala “talentuaren, zientziaren eta ikerketaren” lurraldea izateko lanean eta “beste askorentzat erreferentzia den sare bat” osatzen, eta nabarmendu du garrantzitsua dela “apustu hau mantentzen jarraitzea, etengabeko lasterketa delako eta buruan jarraitu nahi dugulako”. “Argi dugu pertsonak eta ezagutza direla lurralde lehiakor eta aurreratua izateko dugun aktiborik onena. Bizi ditugun eraldaketa handiko garai hauetan, gure ikerketaren ekosisteman funtsezkoa da bikaintasuna handitzen jarraitzea, laguntzen duelako ekonomia indartsua izaten eta gure ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen duten aurrerapenak egiten”, adierazi du.
Aldundiak iaz eta aurten 471.051 euro bideratu ditu programa honetara; hain zuzen ere, programak helburu du doktoretzaren ondorengo prestakuntza eta nazioarte mailako ikerketa taldeetan esperientzia duten pertsonak, Gipuzkoako ikerketa taldeetan txertatzea, zientzia maila handitzeko. Programak bi alderdi ditu: alde batetik, talentua erakarri nahi da, ikertzaile horiek EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen Gipuzkoako zentroetan parte har dezaten; eta bestetik, talentuari eutsi nahi zaio, hau da, zentro horiei lagundu nahi zaie ikertzaileak beren lantaldeetan hiru urtez izan ditzaten. Lehenengo urtean, ikertzailearen kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da; bigarren urtean, gastu horien % 80, eta hirugarrenean, gastuen % 70; horrela, zentroek ikerketa lanak epe luzeagoan egiten jarraitu ahal izango dute.
Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoarekin duten lotura, eta bereziki sustatzen da emakumeen laneratzea, eremu horretan dagoen genero arrakalari aurre egiteko. 2022tik, neurriak hartu dira programa honetan sartzen diren pertsonek jarraitasun bat izan dezaten laguntzeko programa amaitu ondoren, eta Ikerbasque Fundazioarekin lankidetza sustatu da Fellows Gipuzkoa programako bigarren urtean ebalua ditzan, ikerlariek aukera izan dezaten Fundazioaren bidez beren ibilbidea jarraitzeko.
Foru erakundeak programaren diru hornidurari eutsi dio, jarrai dezan aurreko deialdian programa horretaz baliatu ziren ikertzaileei laguntzen eta talentu berriak erakartzen. Hauek dira aurten sartu diren ikerlariak eta lantzen ari diren proiektuak:
Daniel Hernangómez (CIC nanoGUNE): Proiektuaren helburu nagusia da ulertzea teknikoki nola funtzionatzen duen qubit batek, ordenagailu kuantikoaren eta beste teknologia kuantiko bazuen funtsezko piezak. Qubit horrek badu berezitasun bat: modu erraz eta kontrolatuan sor daiteke, trantsizio metalen dikalkogenuroetako (dimentsio biko materiala) atomo hutsak erabilita. Haien funtzionamendua aztertzeko, hainbat metodo konbinatzen dira. Halaber, esperimentuetan qubitak tenperatura finituan manipulatzen dira. Horren ondorioz, qubitek gaitasun kuantikoa gal dezakete materialaren bibrazioekin akoplatzeagatik (bibrazio atomikoak) edo nukleo atomikoen espinarekin akoplatzeagatik. Proiektu honetan, ulertuko da fenomeno hauek nola eragin diezaioketen denbora dinamikari ere. Azkenik, garatutako teoria zabalduko da bi dimentsiotako beste material batzuetara, sistemaren parametroak optimizatzen saiatzeko.
Danila Merino (BERC Polymat): Proiektu honen helburua da ikertzea landare hondakin ez jangarrien balorizazioari buruz, eskuragarritasun handia eta kostu baxua baitute bioplastikoak prestatzeko; biopkastikoak nekazaritzan eta ontzietan erabili ohi diren petroliotik eratorritako polimeroen aldean aukera hobea dira. Bioplastikoak produzitzeko landare biomasa erabiltzeak atmosferako CO2a desagerrarazten du eta produktuaren bizitza erabilgarri guztian biltegiratuta mantentzen du. Horrela, bioplastikoak karbono hustubide gisa jarduten dira eta karbonoari eusten diote bizitza erabilgarrian zehar edo produktuak birziklatu arte. Espero da lagunduko duela ekonomia zirkularra eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizten nekazaritzan eta ontzietan erabilitako petroliotik eratorritako polimeroak biomasa prozesatuta zuzenean lortutako beste aukera biodegradagarri batzuekin, horrela saihesteko hondakin plastikoak pilatzea eta mikro eta nanoplastikoen sorkuntzari lotutako arrisku potentzialak.
Alberto Álvarez (Material Physics Center): Proiektu honen helburu nagusia da arkitektura mesoporosoak (2 eta 50 nanometro bitarteko tamaina duten porodun egiturak) fabrikatzeko metodologia berri bat sortzea, poro horien tamaina eta morfologia eta sortutako sistemaren konplexutasuna bezalako parametroen gaineko kontrol osoarekin, bloke-kopolimeroen automihiztaduran oinarrituta. Horren guztiaren helburua da erakustea egitura porotsu berri horiek hainbat gaixotasun infekzioso goiz diagnostikatzeko sistema sentikorragoak garatzeko duten ahalmena, gaixotasun horien tratamendu goiztiar eta eraginkorragoa ahalbidetzeko.
Jon Uranga (EHU): Protoien dinamika sistema entzimatikoetan: ligando, katalisi eta alosterizitatearen batasun selektiboari buruzko proiektuaren helburua da protonazioen egoeren bidez substratuen batasun selektiboko, erregulazioko eta katalisiko ekitaldiak lotzea. Prozesu biokimikoetan duen zeregina aztertzen du, hala nola substratuen lotura espezifikoan, katalisi entzimatikoan eta erregulazio alosterikoan. Lana fisiko-kimikaren oinarrizko printzipioetan oinarritzen da, eta entzimen funtzionamendua ulertzeko kritikoak diren mekanismo biokimikoak argitu nahi ditu.
Gainera, programari atxikita jarraituko dute Ane Gurtubay (BCBL, bigarren urtea), Ermal Ismalaj (CIC biomaGUNE, bigarren urtea), Naike Salvador (Biodonostia, bigarren urtea), Marta Ximenis (BERC Polymat, bigarren urtea), Yuemin Ding (Tecnun, bigarren urtea), Aitor Manteca (CIC biomaGUNE, hirugarren urtea), Ibon Santiago (CIC nanoGUNE, hirugarren urtea) eta Ane Escobarrek (MPC, bigarren urtea). Lantzen ari diren proiektuen artean dago minbiziaren aurreko medikuntza pertsonalizatuko gailuen garapena;
IoT (gauzen interneta) aplikatzea eraikin adimendunetan; irudi molekularreko agenteak garatzea bihotzeko gaixotasunak aztertzeko; sare talamokortikalak aztertzea irakurtzeko, arretako eta memoriako gaitasunak azaltzeko; material biobateragarri berriak garatzea inplante medikoetarako; urre partikulak erabiltzea garunean jarduera neuronala modulatzeko; edo tanten aplikazio mikrofluidikoa industriako prozesuetan.
2000. urtean programa martxan jarri zenez geroztik, Gipuzkoara 58 talentu zientifiko erakarri dira –horietatik 26 emakumeak– 11 ikerketa-zentro eta unibertsitatetara. 2023an laguntzak eman dira talentua atxikitzeko aurkeztutako 8 ekintzetarako eta 4 ikertzaileren kontratatzeko. Laguntza jaso duten 12 ikertzaileetatik bost emakumeak dira. "Azken urteotan, berdintasunaren bidean aurrera egin da ikerketa eta zientzia bezalako eremu garrantzitsu batean, baina oraindik ere asko dago egiteko", adierazi du Mendozak. Era berean, azpimarratu du programan bultzatutako proiektuak "lerrokatuta" daudela Gipuzkoa "biozientziak/osasuna, ekonomia berdea, teknologia kuantikoak edo fabrikazio aurreratua" bezalako arloen inguruan egiten ari den etorkizuneko apustuekin.
Bestalde, Ane Insaustik azpimarratu duenez, “Fellows programak gure I+G sarean giza kapital ikertzailearen bikaintasuna eta kualifikazioa handitzen laguntzen du, goi mailako "fitxaketa" horien bitartez. Gipuzkoan denbora daramagu eraldaketak lehiakortasunaren eta ongizatearen ikuspegitik lantzen, mugikortasuna, klima-aldaketa, zahartzea, osasun-terapia berriak edo digitalizazioa bezalako eremuetan. Eta talentu ikertzailea horiek bultzatzeko palanka bat da”. 13.753 pertsonak I+Gri lotutako jarduerak egiten dituzte lurraldean, 9.339k dedikazio osoan, eta Gipuzkoak, % 2,75ekin, argi eta garbi gainditzen du Estatuko eta Europako batez bestekoa, I+Gra bideratutako BPGd-aren ehunekoari dagokionez, baina diputatuak eskatu du "lanean jarraitzeko arlo horretan puntakoak diren herrialdeetara hurbiltzeko, horiexek baitira gure erreferentzia".
2067