Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Festa herrikoi baten bidez ospatuko dira Donostian Goya sariak

Festa herrikoi baten bidez ospatuko dira Donostian Goya sariak

"Handia" , Nur eta herensugearen tenplua" eta gainontzeko nominatu euskaldunei babesa eman nahi zaie.

2018/01/29

·Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Donostiako zinema aretoek ekitaldi interaktibo bat antolatu dute, eta bertan izango dira photocall bat, zuzeneko loturak "Handia" filmeko ekipoarekin, Estrella Vallejo mikroan, era guztietako sari eta sorpresak, eta bertaratzen direnentzako luntxa. Festaren izenburua "Handiak 13?" izango da, euskal produkzioak Goya sarietarako jaso dituen 13 izendapenei erreferentzia eginez.

·Aldundiak eta SADEk "Handia" babestu nahi dute festa honen bidez, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen filma eta bide batez, "Nur eta herensugearen tenplua" ere babestuko da, animazioko film onenaren sarirako izendatua.
 
·Ekitaldia otsailaren 3an, larunbata, ospatuko da, 21.00etatik aurrera, Trueba zinema aretoan. Sarrerak bi eurotan salduko dira, eta sadecine.com webgunean eta Truebako lehiatillan eros daitezke.

Goya sarien galak bere erreplika izango du Donostian, SADEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Trueba zinema aretoan antolatu duten omenaldiari esker. Horrela, bi entitateek babesa eman nahi diote "Handia" filmari, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen filma baita. Gainera, euskal zinemagintzari lotuta dauden gainerako produkzioak ere babestuko dira: "Nur eta herensugearen tenplua", Juanba Berasategirena, Zinemaldiaren azkeneko edizioan EZAEren saria jaso baitzuen; "Abracadabra", Pablo Berger zuzendari bilbotarrarena; eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrak "La Cordillera" filmerako egindako soinu banda. Euskal filmak Goya sarietarako jaso dituen 13 izendapenei erreferentzia eginez, "Handia 13?" izenburuarekin antolatu da festa, zeina datorren otsailaren 3an izango baita, 21.00etatik aurrera, Zinema Akademiaren sari emanaldia zuzenean jarraitzeko.

Hainbat jarduera antolatu dira gau horretarako: nahi duenak argazkia atera ahal izango du Altzoko Handiaren unibertsoan girotutako photocall batean; festa interaktibo bat egingo da, Handia filmeko ekipoarekin lotura zuzenak egingo dituena; Estrella Vallejo egongo da mikrofonora, sare sozialetan gertatzen denaren berri emanez; eta kiniela bat ere antolatuko da, bertaratutakoen artean. Kinielako irabazleek opari bonu bat jasoko dute, SADEko edozein zinema aretotan erabiltzeko. Gainera, Keler, BENCH eta Zinema Corner bezalakoen laguntzari esker, sarituen aldeko brindisa egingo da, eta sorpresak eta opariak banatuko dira bertaratutakoen artean.

Sarrerak salgai daude jada SADEko webgunean eta Truebako leihatilan, bi euroko prezioan, eta saltzen den sarrera kopurua gorabehera, Truebako bigarren aretoa ere irekitzeko aukera dago, Goya sarien gala zuzenean emateko.  Prezio hobariduna jartzea erabaki da, ekitaldira ahalik eta jende gehien etor dadin. Horri dagokionez, SADEko zuzendari nagusi Coro Odriozolak "etxetik irten eta hitzordua apuntatzera" animatu ditu zinemazale guztiak, eta bereziki filmetako ekipoen lagun eta senitartekoak".  Odriozolak iragarri du "inoizko Goya emanaldi dibertigarri eta interesgarriena izango dela", euskaraz egin den film honek lortu duen arrakasta eta euskal zinemagintzari eman dion bultzada ospatu nahi baitira.

Denis Itxaso Kultura diputatuak zinemagintzaren industriak eta sektoreko profesionalek erakutsi duten maila eta Gipuzkoan dagoen zinezaletasun izugarria azpimarratu ditu.  "Handia filmarena bezalako arrakastak estimulu bat dira susuatzen eta babesten jarraitu behar dugun zinemagintzarentzat.  Gipuzkoako enpresek eta profesionalek ekoiztu dute Handia, eta "Gipuzkoa" markaren eta gure hizkuntzarena adierazgarri garbia da. Bestalde, argi erakusten du nazioarteko mapan geure lekua egin dezakegula, norberarena sustatuz, bai talentuari dagokionez, bai egitura produktiboari dagokionez. Horregatik, arrakasta hau publikoari irekita egongo den festa batekin ospatzea pizgarri bat da zinemaren industriarentzat", azaldu dute.

Izan ere, Goya sarietarako 13 izendapenez gain, "Handia" filmak hamaika sari jaso ditu jada, hala nola Epaimahaiaren Sari Berezia Zinemaldiaren azken edizioan. Jose Luis Rebordinos, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria, ekitaldiaren aurkezpenean egon da baita ere, eta euskal zinemaren festa hau babestu nahi izan du. Bestalde, Zinemaldiak egiten duen lana azpimarratu nahi izan du, "gure zinema nazioartean sustatzeko, sustapeneko plataforma gisa, baina baita industria garapenerako espazio gisa". Euskal zineman "garrantzitsua da inplikatuta dauden guztiek" elkarrekin lan egitea, eta "norabide berean bultza egitea".

 

  

1868