Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Guztira 12 proiektu dira nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdiaren onuradunak

Guztira 12 proiektu dira nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdiaren onuradunak

· 800.000 euroko aurrekontuarekin, bost ekimen bultzatzaile, lau esperimental eta esplorazioko hiru ekimen jarriko dira abian, HARIAK HUBen laguntza teknikoarekin. · 2018az geroztik, ADINBERRIk 92 proiektu berritzaile abian jartzeko balio izan duten 6 milioi eurotik gorako laguntzen deialdiak egin ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Guztira 12 proiektu izan dira ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdiaren onuradunak. 800.000 euro dituen deialdi horrek nahi ez diren bakardadeei heltzeko eta horiek prebenitzeko ekimenak bultzatzea du helburu. Esplorazioko hiru proiektuak, 4 proiektu esperimentalak eta 5 bultzatzaileak gaur Donostian egindako ekitaldi batean aurkeztu dira. HARIAKekin, fenomeno horren aurrean Gipuzkoak duen estrategiarekin, erlazionatutako ehundik gora pertsona bertaratu dira.

 

Nahi ez diren bakardadeei buruzko laguntza monografikoen lehen deialdiaren proiektu onuradunak HARIAKen I. Jarduketa Planean (2022-2027) sartuko dira, eta “nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei heltzeko etorkizuneko tokiko ekosistemen enbrioi potentzialak” dira. “Beraz, mendebaldeko herrialdeetan gero eta zabalagoa den errealitate horri helduz politika publikoak zentratu behar dituen lurralde-ekosistema osoari lagunduko diote”, defendatu du ekitaldi honetan Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak.

 

Era berean, gogorarazi duenez une honetan Gipuzkoan tokiko 18 ekosistemetatik 7 —Elgoibar, Errenteria, Hernani, Lizartza, Pasaia, Oiartzun eta Zestoa— arlo horretan ari dira lanean, eta, deialdi horri esker, udalerri horietako batzuk ez ezik, beste herri batzuek ere (Antzuola, Astigarraga, Beasain, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Hondarribia, Leintz-Gatzaga eta Oñati) “bat egingo dute nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko lurralde osoan eragina izango duten ekimen berritzaileak abian jarriz”.

 

Proiektu onuradunek HARIAK HUBen laguntza teknikoa izango dute. Tresna horrek HARIAK Estrategiaren Idazkaritza osatzen du, eta ekimen horiek beren garapen osoan gidatzeko, ondoan aritzeko eta laguntzeko balioko du. “Oso pozik gaude deialdiak jaso duen erantzunarekin, administrazio publikoa, osasun sistema, hezkuntza, hirugarren sektore soziala eta enpresa eremua ordezkatuta baitaude. Eta lurralde mailan, Gipuzkoako 10 eskualdeetatik 8ri emango zaie estaldura, eta hori lankidetzan oinarritutako lurralde aktiboaren adibide argia da ”, adierazi du Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendari nagusiak. Gogorarazi duenez, proiektu horiek integratuko dute Gipuzkoan arlo horretan

dauden 100 proiektu baino gehiago erakusten dituen eta webgunean eskuragarri dagoen HARIAKen Ekimen Mapa. “Mapa horrek handitzen ari den eta pairatzen duten pertsonen osasun emozional eta fisikoari nabarmen eragiten dien errealitate horretaz arduratzen den eta hari heltzen dion lurraldearen irudia erakusten digu”, adierazi du.

 

Era berean, zehaztu du ADINBERRIk laguntzen hainbat deialdi egin dituela 2018tik. Guztien artean 6.075.000 euroko aurrekontua izan dute, eta 92 proiektu finantzatu dira guztira.

 

Hiru lerro oraingo deialdian

 

Gaur aurkeztu diren azken deialdiko proiektuei dagokienez, hiru ildo aurreikusten dituzte: esplorazioa, esperimentazioa eta bultzada, eta “bakardadearen ikuspegian eta lanketan jauzi kualitatiboa emateko aukera ematen dute, ekosistemak eratuz, hainbat eragileren artean sinergiak sortzeko, eta, gainera, bakardadeen inguruko ekosistemen eraikuntza inkrementalaren berrikuntza ziklo osoari heltzen diote”, adierazi du ADINBERRIko zuzendari nagusiak:

 

Zehazki, hiru proiektu izan dira esplorazio ildoaren onuradun: Azpeitiko Udala eta Denontzat, ‘Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiako toki administrazioen ikuspegitik’ ekimenarekin; laneko bost ildorekin nahi ez den bakardadea ezagutu, tratatu eta horri aurre egiteko udal programa abian jarriko duen Urretxuko Udala; eta Asmoz eta Tekum fundazioekin batera generoaren araberako zahartzaroko bakardadearen inguruan sakonduko duen Arrasateko Udala.

 

Proiektu esperimentalei buruzko deialdiaren ildoari dagokionez, lau izan dira onuradunak: bata, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoarena, Donostiako Udalarekin, Osakidetzarekin eta Tknikarekin batera, nahi ez diren bakardade egoerei edo/eta bakartze sozialeko egoerei heltzeko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Susperraldi Unitateko pazienteekin eta haien zaintzaile nagusiekin; bestea, Lotura Giza Garapenarekin eta EHUrekin batera bazterketa sozial edo/eta etxegabetasun egoeran dauden pertsonen nahi gabeko bakardadeen aurrean ‘HIRU HARI’ programa abian jarriko duen Errenteriako Udalarena; hirugarrena, Beasaingo Udalarena, Dar Dar Produkzioekin batera, nahi ez den bakardadearen eta osasun mentalaren arteko zuzeneko erlazioari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta hezteko; eta lankidetzan oinarritutako kultur sorkuntza fenomeno horren aurrean eraldatzeko eta sentsibilizatzeko tresna gisa erabiliko duen Astigarragako Udalaren laugarren bat, Ados Teatroa, Derechos Humanos a Escena eta Gertu Kulturarekin batera, ‘El Eco’ izenekoa.

 

Azkenik, ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdi honetan bost proiektu bultzatzaile izan dira onuradun. Zehazki, Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udalen ‘Debagoiena ehunduz’ izeneko ekimena gauzatuko da, Oñati Dabilen Herriarekin batera, inguruko eragileak koordinatzeko eta dinamizatzeko, aukeratu gabeko bakardadeei aurre egiteko. Era berean, Hondarribiako Udalak, Zabalduz Kooperatibarekin batera, gizarte eta hezkuntza esku-hartze baten bidez adinekoa erdigunean jarriko duen ongizatera bideratutako zaintza komunitarioen ‘AuzoEKIN’ proiektua gauzatuko du.

 

Laguntza deialdi honi esker, Zestoa Zaintza Sareak, Zestoako Udalak eta Santa Casa de Misericordiak ere ‘Kaixo Adiskide!’-‘¡Hola Amigo!’ proiektua jarriko dute abian, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko, Zestoako Zaintza Sarea osatzen duten eragileekin lankidetzan.

Era berean, laguntza-ildo horren laugarren onuraduna Udalaren eta Zabalduzen arteko ‘Usurbilgo Zainketen Sare Komunitarioa’ Herri Zaintzailea proiektua izan da; bosgarrena, berriz, Beasaingo Udalak, EHUrekin batera, gauzatutako ‘Etxelagun I-Nahi ez den bakardadea arintzeko eta prebenitzeko etxebizitza prototipoa’ proiektua.

 

Gipuzkoa eta Europa bakardadeen aurrean

 

Ekitaldi honek, ADINBERRI buru den, eta nahi ez diren bakardadeek Europako politika publikoak zentratzea bilatzen duen Interreg Europe programaren ‘KORALE’ proiektu europarraren aurrerapenak aurkezteko ere balio izan du. Europako proiektu horretan Gipuzkoak Europako beste 5 eskualderekin egiten du lan: Viena (Austria), Aalst (Belgika), Danimarka Zentrala, Fingal (Irlanda) eta Lisboa (Portugal).

 

KORALE 2028an amaituko da, eta, horren ondorioz, politika publikoen gida bat eta 24 jardunbide on argitaratu eta estatu kideekin partekatuko dira. Oraingoz, Europak sei jardunbide egoki aintzatetsi ditu, horietako bi Gipuzkoatik abiaraziak, eta, beraz, laguntza monografikoen deialdi honetako proiektuak Europara eskalatu eta gainerako herrialdeetarako erreferente bihur litezke.

  

4366