Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko deia egin du Aldundiak

Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko deia egin du Aldundiak

Diputatu nagusiak bere "kezka" partekatu du Gipuzkoako alkateekin, eta "erabateko laguntza eta lankidetza" eskaini die indarrak batu eta pandemiaren gorakada geldiarazi ahal izateko.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bilera telematikoa egin du gaur arratsaldean lurraldeko alkateekin, eta "erabateko babesa eta lankidetza" eskaini die pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta COVID-19ren hedapena "guztion artean mugatzeko", azken egunotan "bereziki kezkagarriak" bihurtu diren datuak ikusita. "Inoiz baino beharrezkoagoa da erakunde maila desberdinen arteko lankidetza, beti ere Osakidetzarekin koordinatuta. Osasun arloko murrizketak eta gomendioak betetzeko orduan inoiz baino zorrotzagoak izan behar gara eta errespetarazi egin behar ditugu, gure eskumenen esparruan ", adierazi du diputatu nagusiak, eta pandemiaren aurkako borrokan Gipuzkoako udal guztiak jokatzen ari diren “lan aktiboa eta ezinbestekoa” eskertu eta aitortu nahi izan du.

Olanok azaldu duenez, "gizarte gisa, harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta soilik lortuko dugu kasuen gorakada geldiaraztea eta kutsatze lerroak moztea". "Orain egiten dugunaren araberakoa izango da datozen asteetako bilakaera. Egungo egoerari buelta emateko, konpromiso eta esfortzu komunitarioari eusteko unea da, horrela bakarrik lortuko dugu eta kolektibo ahulenen bizitzak babestea", esan du Olanok.

Hirurogeita hamar alkate elkarte dira, Aldundiak deituta, gaurko bilera telematikoan, eta bertan izan dira, baita ere, Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta bigarren diputatu nagusiordea; eta Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua ere. Bilerak pandemiaren bilakaerari elkarrekin heltzeko balio izan du, bai eta Aldundiak eta udalek Gipuzkoako kutsatzeen gorakada mugatzeko Osakidetzak abian jarritako osasun-mekanismoetan lagun ditzaketen neurriak aztertzeko ere.

Eusko Jaurlaritzak LABIren aurreko bileran proposatutako neurri berriak –edukiera % 50era murriztea, bilerak sei lagunera murriztea, ostalaritzako ordutegiak murriztea– auzitegiek berresten dituen bitartean, diputatu nagusiak azpimarratu du administrazio guztiek "ahal dugun guztia" egiteko unea dela, "jendetza, festa eta gizarte-topaketa jendetsuak" saihesteko. Horretarako, berriz ere, "kontzientzia komunitarioa eta herritarra" eskatu du, hala izan dadin.

Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoera izan da topaketan aztertutako beste elementuetako bat, pandemiaren aurrean ahulenak diren gizarte-kolektiboetako bat artatzen baitute. Diputatu nagusiak berretsi egin du egoiliarren "osasuna eta segurtasuna" dela "lehentasun nagusia", eta, jakinarazi duenez, azken egunotan ia egoitza guztietan mugatu dituzte kanporako irteerak, oraindik “ez hain egoera epidemiologiko gogorrean” dauden udalerrietan izan ezik.

Egoitzetan PCR prebentiboak areagotzea

Diputatu nagusiak alkateekin partekatu ditu, halaber, egoitzetako kutsadurei aurre egiteko prebentzio neurriak. Joan den astean soilik, Aldundiak lurraldeko gizarte-zerbitzuetan ezarritako Zaintza eta Alerta Sistemaren esparruan, Aldundiko eta DYAko langileek osatutako talde espezializatuak 4.500 PCR prebentibo baino gehiago egin zizkien egoitza-zentroetako egoiliarrei eta langileei, eta COVID-19k gehien zigortutako eskualdeetan mapeoak gehitu dira azken asteetan – Urola Garaia, Goierri, Tolosaldea –. Beraz, uztailean zaintza talde hori ad hoc sortu zenetik, 28.500 PCR prebentibo baino gehiago egin dira Gipuzkoako egoitzetan. Era berean, Gizarte Politikako departamentuak datozen egunetan egoitzetako langileen artean prebentziozko PCRak egitea areagotuko duela jakinarazi du. Uztailetik 85 ikuskapen eta 117 desinfekzio egin dira Gipuzkoako egoitzetan.

  

1378