Familia biologikoaren papera ardatz, Gipuzkoako Harrera Familien XXII. Topaketan
Familia biologikoaren papera ardatz, Gipuzkoako Harrera Familien XXII. Topaketan
Urteroko topaketa honetan, 150 familia eta profesional inguru elkartu dira, haurren babesean dihardutenak.
Gipuzkoako Harrera Familien XXII. Topaketak haurren babesarekin konprometitutako familia eta profesionalak elkartu ditu gaur, Donostiako Aquarium agertoki enblematikoan. Gipuzkoan, 315 haur eta gazte harrera-familietan bizi dira, 24 larrialdiko harreran eta 29 familia espezializatuetan.
Ekitaldiaren irekiera ofiziala Eider Mendoza diputatu nagusiak egin du, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Pedro Pérez Beroa Elkarteko presidenteak lagunduta. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, duela 35 urte hasitako babes-programa honek adingabeei etxe bat, familia bat eta etorkizuneko alternatiba bat eskaintzea du helburu.
Konpromisoa
Jardunaldian zehar, harrera eskuzabaltasun eta erantzukizun sozial handiko konpromiso gisa nabarmendu da. Gipuzkoako harrera-familien sareak handitzen jarraitzen duen arren, ez da nahikoa egungo beharrei erantzuteko, 100 haur eta nerabe inguru baitaude familia baten zain. Hori dela eta, Foru Aldundiak Gipuzkoako familiei dei egin die sare solidario honen parte izateko.
“Gipuzkoa komunitate solidarioa eta arduratsua da, herritar guztien ongizate integrala zaintzen duena, bereziki herritar zaurgarrienak babesteko konprometitzen eta antolatzen dena”, azaldu du Eider Mendozak, diputatu nagusiak. Horren lekuko, gaineratu duenez, harrera familiak beraiek dira, lurraldean daukagun “balio ederrenetako bat”, zalantzarik gabe. Izan ere, euskal kulturan, norbait “etxeko egiteak sakoneko esanahia” du. “Denok dakigu zer mailako konpromisoa dakarren pertsona bati etxeko ateak zabaltzea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet harrera-familiei eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek egunero egiten duten lan apartekoagatik", gehitu du.
Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik dira alor honetan diharduten elkarteak. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”, azaldu du. Izan ere, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabe askok zailtasun handiko errealitateak bizi izan dituzte beren familietan. “Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa dela adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea. Haurren ongizatea bermatzea delako, etorkizunera begira lurralde bezala egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetako bat”, aldarrikatu du.
Parte-hartzea eta esperientzien trukea
Haurren babesaren arloko 150 familia eta profesionalek baino gehiagok hartu dute parte topaketa honetan. Haiekin batera, Beroako ordezkariak, Lauka Familia Harrerarako Laguntza Teknikoko Zerbitzua eta Agintzari Familia Harrera Espezializatuko Programa izan dira bertan. Aurten, ekitaldiak funtsezko gaiak jorratu ditu, hala nola familia biologikoak babes-prozesuetan duen papera.
John Christopher Cabangi omenaldia
Eguneko unerik hunkigarrienetako bat John Christopher Cabang 23 urteko gazteari egindako omenaldia izan da. Gaztea harrera familia boluntario batek hartu zuen txikitatik, eta adin-nagusitasunera iritsi ondoren haiekin geratzea erabaki zuen. Kirol munduan murgilduta, Cabang Realarekin lehiatzen da atletismoan eta lorpen garrantzitsuak ditu, hala nola Euskadiko errekorra 110 metro hesidunetan. Gainera, domina lortu zuen Espainiako Txapelketetan, eta 2024ko Asiako Pista Estaliko Atletismo Txapelketan 29. postua lortu zuen munduko rankingean. Lehenengo 40ak Olinpiar Jokoetara joatearekin sarituak izan ziren. Espainiako Atletismo Federazioak parte hartzeko aukera eman zion, baina berak Filipina ordezkatzea erabaki zuen. Nazionalitate horrekin joan zen azkenean aurtengo Olinpiar Jokoetara, eta, zoritxarrez, lesio baten ondorioz, erretiratu egin behar izan zuen.
Etorkizun inklusiboa
Topaketa honek Gipuzkoak haurren eta nerabeen babesarekin duen konpromisoa berretsi du, gehien behar dutenei etxe bat eskaintzea erabakitzen duen familia bakoitzaren balioa eta eskuzabaltasuna azpimarratuz. Aldundiak eta erakunde laguntzaileek lanean jarraituko dute harrerasare hori indartzeko eta haur guztiei etorkizuneko aukera bat bermatzeko.
3565