Hegoak Zabalduz, garapenaren inguruko argitalpen berria euskaraz
Hegoak Zabalduz, garapenaren inguruko argitalpen berria euskaraz
San Martin: Jaurlartitzari eskatzen diot Hezkuntzako curriculumaren barruan Garapenerako Lankidetza sar dezala”
Hegoak, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutua (UPV/EHU), Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzaz, onlineko argitalpen berria sortu du: Hegoak Zabalduz. Nagusiki, garapenaren inguruko gaiak jorratzea du helburu, nortasun dibulgatzaile batekin eta euskara hutsean. Prentsaurrekoan izan dira, Fernando San Martin, Lankidetza zuzendaria, Irati Labaien, argitalpenaren zuzendaria eta Karlos Perez de Armiño Hegoak-eko zuzendaria.
Jakina da, azken garaiotan, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoen etengabeko eraldaketa bizi duguna; aipagarriak dira, besteak beste: ingurugiroan egindako kalteak eta honen ondorioak, gerrate desberdinak direla bide sortutako errefuxiatuen krisia, generoari loturiko gaiak, edota desberdintasunen areagotzea. Honekin batera, historikoki erabili den hego-ipar banaketa ere kolokan jarri du hainbatek, garapena herrialde ororen ardura dela aldarrikatuz.
Guzti hau kontuan izanda, Hegoak ezinbestekotzat jotzen du tokiko gazteengan gai hauen inguruko gogoetak astintzea, bestela esanda, gazteengan hausnarketarako sena piztea. Garapenerako Hezkuntzaren bidez, gazteria kritiko eta eraldatzaile bat sustatu nahi du. Horixe da hain zuzen ere Hegoak Zabalduz argitalpenaren nahia: unibertsitate mailan dauden ikasleentzat ez ezik, erdi mailako zikloetako nahiz batxilergoko ikasleentzat ere gai hauen inguruko materiala eskuragarri jartzea.
Fernando San Martinek gogora ekarri du Aldundiak hitzarmen bat daukala sinatuta HEGOArekin diru laguntzen deialdira aurkeztutako proiektuen kanpoko baremazioa eduki ahal izateko, garapenari buruzko lankidetzaren inguruan etengabeko aholkularitza izateko, eta elkarlanean aritzeko esparru horren ikerketan.
San Martinek azpimarratu du gaur aukezten diren materialen kalitate eta balio handia bereziki hezkuntzan erabiltzeko. Ildo horretan, kooperazio sarean dagoen belaunaldien arteko etenari buruzko hausnarketa egin du. Horregatik, Aldundiak beka programa bat jarri du martxan gazte kooperanteei zuzenduta, hegoaldeko herrialdeak ezagutu eta bertan esperientzia aparta bizi dezaten; “izan ere, ziur egon bizitza aldatzen zaiola kooperazio mundua ezagutzen duenari eta baita ere bere inguruko errealitateari begiratzeko modua”, esan du eta Jaurlaritzari eta bere Hezkuntza Sailari eskatu dio hezkuntzako curriculumaren barruan Garapenerako Lankidetza sar dezaten. “Ez da nahikoa lankidetza alorreko agentziak, zuzendaritzak, zinegotzigoak…edukitzea, beharrezkoa baita gai hau, zeharka, eguneroko gaia izatea gure gazteen artean, beraiek baitira, edo izan behar dute, solidaritatearen etorkizuna, baina, batez ere, solidaritatearen oraina”, esan du.
Argitalpenari dagokionez, urtero bost ale argitaratuko dira, UPV/EHU irakasle eta ikerlariek idatzita. Lehen argitalpen-sorta honetan, dagoeneko 5 ale eskuragai daude Hegoa Institutuko web orrian (www.hegoa.ehu.eus), eta honako gaiez dihardute:
Garapenari buruzko pentsamenduaren bilakaera: Teoriak, estrategiak eta adierazleak. Lehen ale honek, garapenaren inguruan izandako eztabaidak mahaigaineratzen ditu, hots, gizakiaren ongizatea eta gizartearen aurrerakuntzaren nondik norakoak dira aztergai nagusiak. Egilea Luis Guridi.
Garapena eta iraunkortasuna: bilakaera, bateragarritasuna eta ikuspegiak. Bigarren ale honetan garapena eta iraunkortasunaren arteko harremana aztertu da.Egilea: Iker Etxano.
Garapena feminismotik aztertzen. Hirugarren testu honek, garapenaren kontzeptuaren inguruan hausnarketa egitea izan du helburu, baina kasu honetan feminismoa ardatz nagusi harturik.Egileak: Yolanda Jubeto eta Mertxe Larrañaga.
Garapenerako lankidetza eta bere bilakaera. Laugarren aletzat dugun honek, Garapenerako Lankidetza politikek azken hamarkadetan izan duten bilakaeraren errepasoa egitea izan du helburu. Egileak: Irati Labaien eta Jorge Gutiérrez.
Trantsizio ekosoziala helburu: Ondo bizi, denok, muga biofisikoen barruan. Bosgarren eta azken lan honek, krisi ekologiko globalaz jardun du. Eta besteak beste, etengabeko hazkundean oinarritutako sistemak dakartzan ondorioak bistaratzen ditu. Egilea: Joseba Azkarraga-Etxagibel.
Argitalpena: http://publicaciones.hegoa.ehu.es/es/categories/8
2230