Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hirien eta eskualdeen Europarekiko konpromisoa berretsi du Ardatz Atlantikoko Konferentziak

Hirien eta eskualdeen Europarekiko konpromisoa berretsi du Ardatz Atlantikoko Konferentziak

Donostiako Karta berria sinatu dute 13 erakundek, Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean antolatutako ekitaldian

2018/06/15

Gaur eta bihar bitarte, 18. Ezohiko Batzar Orokorra egiten ari da Donostian Ardatz Atlantikoko Hirien Konferentzia, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean antolatuta. 2000. Urtean sortutako europar esparruko lankidetza sarea da Konferentzia, eta eremu geografiko horretako 20 tokiko entitate hartzen ditu bere baitan, 4.000 udalerri inguru eta 400 milioi herritar baino gehiago ordezkatzen dituztenak. Irekiera ekitaldi ofizialean parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, eta Ardatz Atlantikoko Hirietako lehendakari eta Viana do Castelo Portugaleko hiriko alkate José María Costak.

Gaurko Batzarrean, besteak beste, hiri eta eskualde hauetako 40 arduradun instituzional eta teknikari inguru elkartu dira: Brest, La Rochelle, Rennes, Lisboa, La Coruña, Santander, la Mancomunidad de Iparralde, Le Cotentin eta Sligo. Jerry Lundy eta Albert Bore, Europako Eskualdeen Batzordeko kideak ere bertan izan dira. Batzarraren egitarauaren baitan, hainbat mahai inguru, eztabaida eta solasaldi antolatu dira, honelako gaiak jorratu dituztenak: herritar dimentsioa Europar Batasunaren erreforman, edota Brexit ondorengoko erronkak eta balizko eszenatokiak.

Hori horrela, hiri atlantikoek babesa adierazi diete Erresuma Batuko tokiko erakundeei, argudiatuz Brexitak ezin dituela muga artifizialak sortu Ardatz Atlantikoan, eta dei egin diote Europar Batasunari subsidiaritate printzipioari eutsi diezaion, eta europar politiken birzentralizazioa alde batera utz dezan. Horrez gain, elkarlanean garatzen dituzten proiektuen errepasoa egin, eta etorkizunerako estrategia finkatu dute, lankidetza sendotuz arlo ugaritan: garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean, segurtasunean, eta garapen jasangarrian.      

Ondorio nagusi gisa,  Arku Atlantikoaren Batzarrak Donostiako Ituna onartu du, “Tokikoaren eta herritarren garrantzia Europar Batasunaren etorkizunean” izenburupean. Hamairu hirik eta lurralde erakundek sinatu dute Donostiako Ituna. Sinatzaileek, “hirien Europa indartu eta defendatzearen” konpromisoa hartu dute, gizarte kohesiorako inklusioa bultzatuz, baita Atlantikoko itsas-ertzeko biztanleen arteko elkartrukeak sustatuz ere. Gainera, gizarte zibilari eta pertsonei protagonismoa emateko apustua egiten da, herritarren konfiantza berreskuratzeko eta Europako proiektuaren nortasunean sakontzeko; Europako Kultur Agendaren helburuetan sakontzeko helburua finkatzen da, eta baita Brexitaren ondorengo erronkei aurre egitea ere.

Gogoratu behar da 2018 urte garrantzitsua dela, Kultur Ondarearen europar urtea ospatzen baita. Gainera, 10 urte betetzen dira Ardatz Atlantikoko Hirien Konferentziaren Irun Politikoa adostu zenetik: Donostiako Karta deritzona. 2008an, itun horrek jada aurreratu zuen hazkunde jasangarri baten, eta atlantikoko hirien eta eragileen arteko lankidetzaren beharra, gaur indartu egin den konpromisoa, hain zuzen. 

Irekiera ekitaldian, Aldundia gobernantzari lotutako erreferentziazko nazioarteko sareetan parte hartzeko egiten ari den apustua goraipatu du Markel Olanok. “Atlantikoko Konferentzian ez ezik, aktiboki lan egiten ari gara OGP (Open Government Partnership), CGLU edota Nazio Batuen Itun Globalaren barruan legealdia hasi zenetik, eta lehen emaitzak jasotzen hasi gara dagoeneko”.

“Pertsonen Europaren” aldeko aldarria egin du, “giza eskubideetan eta justizia sozialean oinarritutakoa. Herritarren kezka dute etorkizunarekiko. Eta Gipuzkoak garbi dauka etorkizuna ezin dela eraiki Europarik gabe. Elkarbizitza eta lankidetza proiektua da EB, beste edozerren gainetik, belaunaldi eta herri desberdinetako pertsonek egiten duten ahaleginari esker aurrera egiten duena”. Sarean oinarritutako gobernantza eredu berria proposatu du Europarentzat, “hirien, eskualdeen, eta horien arteko lankidetza guneei erabakitzeko gaitasuna eskaini behar diegu. Klima aldaketa edota desberdintasunaren aurkako borroka bezalako erronkek pertsonei eragiten diete, eta tokiko esparruko konponbideak eskatzen dituzte. Hori da herritarren konfiantza sendotzeko modu bakarra, bai erakundeekiko, eta baita europar proiektuarekiko ere”.

 Donostiako alkateak, Eneko Goiak, “interesetan baino, balioetan oinarritutako gizarte eta politikaren antolaketa berria bultzatzea” beharrezkoa dela azpimarratu du. Hala, proiektu europarra “hirien Europa ere” ba dela aldarrikatu du, “askotan hiriek Estatuek baino hobeto eta azkarrago atzematen dituztelako jendearen arazoak non dauden”.

“Globalizazioa urruneko zerbait eta zerbait abstraktoa dela pentsatzen dugu, eta ez gara ohartzen gure etxe ondoan gertatzen ari den zerbait dela, hirietan bereziki. Zer motatako mundua sortzen ari garen ikusteko, gure hiriak aztertu behar ditugu”, azaldu du Goiak.

  

1348