Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hirugarren sektorearen diru laguntzak indartu ditu Foru Aldundiak

Hirugarren sektorearen diru laguntzak indartu ditu Foru Aldundiak

Gizarte zerbitzuen eremuan diharduten entitateentzako diru laguntza deialdira 1.200.000 euro bideratuko ditu 2018an.

2018/01/16
Kontseilua urtarrilak 16

Gipuzkoan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. 1.200.000 euro bideratuko ditu guztira, honako lan ildoetan banatuta: gizarte esku hartzeko programak -860.000 euro-, prebentzioa eta sentsibilizazioa -250.000 euro-, gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak -40.000 euro-, eta ekipamendua erostea -50.000 euro-.

Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duten elkarteen jarduna bultzatzea dute helburu diru laguntzok: mendekotasuna edota desgaitasuna, babesik gabeko adin txikikoak, adinekoak, eta indarkeria matxistaren biktimak. Gizarteratze, familia edo boluntariotza arloetan lan egiten duten entitateak ere dira onuradun. Aurtengo deialdira 2017. urtekoan baino 150.000 euro gehiago bideratzea erabaki du Foru Aldundiak, gizarte inklusioari lotutako proiektuak indartzen jarraitzeko asmoarekin bereziki, Elkar-EKIN egitasmoari jarraiki, eta Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duten herrialdeen artean kokatzeko helburu estrategikoaren barruan.

Pasa den urtean, deialdi honen bidez, 236 programa jarri ziren martxan, Gipuzkoako 107 elkarteren eskutik -12 elkarte gehiago-. Arlo hauetan egiten dute lan: desgaitasuna edo mendekotasuna -64-, adinekoak -5-, familia -1-, adin txikikoak eta nerabeak -6-, gizarte inklusioa -28-, indarkeria matxistaren biktimak izan diren emakumeak -1-, boluntariotza -1- eta besteak -1-.

Gizarte esku hartzeko programek osatzen dute lan ildo inportanteena, eta dotazio ekonomiko altuena duena.  Horien barruan, arreta integrala bultzatzen da pertsona eta kolektiboentzat, honako ekintzak aintzat hartuta: harrera, laguntza eta baliabideen inguruko orientazioa; arreta psikologikoa –norbanakoa eta taldekakoa-; aholkularitza juridikoa; gizarteratze komunitarioko jarduerak egoera zailetan dauden kolektiboetan; autolaguntza taldeak; eta ikastaroen antolaketa elkarteetako bazkideentzat, kolaboratzaileentzat, eta boluntarioentzat.

Ikerketa proiektuak sustatzeko lan ildoari dagokionez, helburu bezala dauzka, besteak beste, gizarte zerbitzuek aurre egin beharreko gizarte behar berriak definitzea eta neurtzea, eta pertsonekin, familiekin eta taldeekin egin beharreko gizarte esku hartze berritzaileen emaitzak praktikan jartzea eta ebaluatzea. “Berrikuntza eta ikerketa ezin dira bakarrik arlo ekonomikora edo zientifikora mugatu. Gizarte politiketan ere, ezinbestekoa da esperimentatzea, etorkizunari aurre hartzea eta lan egiteko modu berriak frogatzea, Etorkizuna Eraikiz dinamikarekin egiten ari garen moduan”, adierazi du Lasak

Aurtengo deialdian, iaz bezala, gizarte bazterketa pairatzen duten, edo pairatzeko arriskuan dauden pertsonentzako babesa emateko programetan jarri du azpimarra Aldundiak. Izan ere, “enplegua da pertsonen gizarteratzeko eta integraziorako biderik onena, eta justizia sozialaren oinarria, bizi proiektu duin eta autonomo bat izateko ateak irekitzen dituen neurrian”. Gogorarazi du Elkar-EKIN egitasmoaren eskutik 245 lagunek topatu dutela lana, 3.000ek eduki dutela onuraren bat, eta 2018an zehar 4.000 pertsonengana iristea aurreikusten dela. Azken txostenaren arabera, 11.200 gipuzkoar atera dira pobreziatik 2014az geroztik, baina Lasak ohartarazi duenez, “lanean jarraitu beharra dago gure gizarte babeserako sistema indartzeko, segurtasun sarea delako, eta pobrezia kasurik larrienen kronifikazioari aurre egin behar diogulako, besteak beste”.

Diru laguntzen inguruko informazio guztia GAOn argitaratuko da laster, eta Aldundiaren egoitza elektronikoan (www.gfaegoitza.eus) ere egongo da eskuragarri. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, oinarrien publikaziotik hasita. Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, gizarte ekimeneko entitate eta elkarteak, “horietako asko tamaina txikikoak”, funtsezko bazkideak dira gizarte babeserako gipuzkoar sistemak behar bezala funtzionatzeko. “Erakundeok haien eskutik joan behar dugu, haien gertutasunagatik, askotan gu iristen ez garen tokira iristen direlako, kaleko errealitatea ezagutzen dutelako, eta badakitelako zeintzuk diren behar zehatzak”. Ildo horretan, Aldundiak elkarlanerako hitzarmen finkoak dauzka Gipuzkoako hirugarren sektoreko 50 elkarterekin, eta beste 120 baino gehiagora iristen da diru laguntzen bitartez, horietako asko tamaina txikikoak.

Foru bozeramailearen esanetan, Gipuzkoaren gizarte arretarako sistemak, bi ezaugarri nagusi eta bereizgarri dauzka, “erreferente” bihurtzera eraman dutenak. “Alde batetik, hirugarren sektorearekiko elkarlana, etorkizunari modu kolektiboan aurre egiteko,eta gizarte ekonomikoki eta sozialki orekatua eraikitzeko oinarri gisa. Ezin da ekimen soziala ordezkatu; osatu behar dugu, guztioi eragiten diguten arazoei eta erronkei aurre egiteko modurik onena ahaleginak eta indarrak batzea delako, hain zuzen. Eta bestetik, pertsonengan, beraien bizi kalitatean eta duintasunean oinarritutako arreta, ezin dugulako inor atzean utzi, eta gutako edonork ikusi dezakeelako bere burua horrelako egoeretan”, amaitu du.

Giza Eskubideei Buruzko Baliabide Pedagogikoen Zentroa

Era berean, Kontseiluak oniritzia eman dio Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sinatuko duten lankidetza hitzarmenari, Aieteko Giza Eskubideei buruzko Baliabide Pedagogikoen Zentroaren proiektuaren fase pilotua garatzeko. Helburu horrekin, Aldundiak 67.500 euroko ekarpena egingo dio Donostiako Udalari, bi aurrekontu urtetan banatutakoa -2018-19-. Zentro horrek pedagogia baliabideak sistematizatuko ditu, giza eskubideen dibulgaziorako. Aieteko guneak Euskadin memoriarekin, bizikidetzarekin eta giza eskubideekin lotuta jada badauden azpiegiturak osatuko ditu, hain zuzen.

            Proiektuaren helburua da ongi informatutako komunitate bat sustatzea, herritarrek beren eskubideak ezagutu eta ulertzeko aukera izan dezaten, eta eskubide horiek egunero baliatu ditzaten; era berean, bilatu nahi da gizartea jabetzea iraganeko eta gaur egungo eskubide urraketez eta injustiziez, eta gure gizartearen aniztasunean bizikidetza baketsua oinarri duen etorkizuneko erantzuna emateko gai izatea.

Horretarako, hitzarmena sinatuko duten hiru erakundeei batera lan egingo dute, giza eskubideen eta bakegintzaren  defentsari lotuta dituzten helburu komunek bat egiten baitute erabat ekimen honekin. Zentroa Donostiako Aiete Jauregian egongo da, bertan baitago Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, erreferente bat bakegintzaren eta giza eskubideen sustapenean. Proiektu hau abian jartzeko, fase pilotu bat garatuko da lehendabizi (2018-2019). Fase horrek Zentroaren jardunerako eta lanerako oinarriak ezarriko ditu, eta hura amaitzean hiru erakundeek elkarrekin erabakiko dituzte ekimen honek etorkizunera begira dituen aukera desberdinak, egindako jardueren eta haien emaitzen ebaluazioan oinarrituta.

  

1341