Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Historia partekatuak

Historia partekatuak

Erakusketa Tabakaleran

2016/09/18

Historia partekatuak. XX. mendea Kutxa Bilduman Kutxa Fundazioaren Arte Bildumako lanen hautaketa berezian oinarritutako erakusketa da, joan den XX. mendean euskal arteak eta kulturak izandako bilakaera nabarmentzea duena helburu, aurreko eta ondoko mendeetan sartu-irtenak eginda.

Arte Bilduma hori Donostiako Aurrezki Kutxa eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa 1990ean batu zirenean sortu zen, orduan egin baitzuten bat euren arte-ondareek ere. Bilduma horrek garaiarekin batera egin du aurrera, eta horixe du ezaugarri nagusietakoa; izan ere, sortu zenetik eta egunera arte, artelan berriak jasoz joan da, etengabe. Modu ugaritara joan da artelanak eskuratzen: erosketak, donazioak, sariak edota espazio jakin batzuetarako enkarguak bide, kasurako. Nolanahi ere, Bildumaren zati handi batek erakundeak artistekin izandako harreman zuzenean du jatorria; hala gertatu da, adibidez, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea eta Rafael Ruiz Balerdirekin, besteak beste.

Lotura harengatik eman diogu erakusketari Historia partekatuak izenburua. Bildumaren osaerari egiten dio erreferentzia, lotura estua baitu jaioleku izan duen lurraldeko gizartearen eta kulturaren bilakaerarekin, ondarearen ikerkuntzan eta zainketan oinarrituta, ezagutzak areagotzeko asmo sendoaz, eta, betiere, memoria gordetzeko baliabide gisa.

  

1558