Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hiztun gisa ahalduntzeko dei egin die diputatu nagusiak gazteei

Hiztun gisa ahalduntzeko dei egin die diputatu nagusiak gazteei

Hizkuntza gutxituen inguruan esperientziak partekatzeko egonaldia egiten ari dira Hondarribian Euskal Herriko eta Irlandako 32 gazte.

Euskal Herriko eta Irlandako 32 gazte Hondarribian egonaldia egiten ari dira egunotan Hondarribian, hizkuntza gutxituen inguruan esperientziak eta gogoetak konpartitzeko Erasmus+ egitasmoa tarteko. Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, harrera egin die guztiei Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta dei egin die euskararen eta hizkuntza gutxituen aldeko “konpromisoa” hartu eta hiztun “ahaldun eta kritiko” bilakatzeko.

“Euskarak aurrera egin badu azken hamarkadan, hein handi batean izan da gizarteak atxikimendua eskaini diolako euskararen biziberritzeko ahaleginari. Erabilera desafio dugun honetan, ezinbestekoa dugu zuek, gazteek, engaiamendu horri eustea. Zuek zarete euskararen etorkizuna. Ikusi, ikasi, hitz egin eta gozatu hizkuntzarekin”, gonbitea luzatu die Olanok, Aldundiko Iargi aretoan egindako ekitaldian. Ordu batzuk lehenago Abbadia saria emateko ekitaldian egin bezala, “gizarte aktibazioa, elkarlana eta berrikuntza” lantzen jarraitzearen beharra nabarmendu du diputatu nagusiak, euskarari “arnas berri bat” emateko.

Harreraren ondoren txapela koloretsu bana jantzi die Markel Olanok euskaldun eta irlandar gazteei, Hizkuntza Berdintasuneko eta Gazteriako zuzendari Garbiñe Mendizabal eta Isaac Palenciarekin, hurrenez hurren, batera. Ekitaldian izan dira, baita ere, Zizurkilgo alkatea, Iker Urruzola, eta Elgoibarko Euskara eta Berdintasuneko zinegotzia, Maialen Gurrutxaga.

Erasmus + egitasmoaren helburua Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, soziolinguistikan pixka bat sakontzea, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea eta elkarrekin Europako herritartasuna eraikitzea da. Europan milaka herritar dira egoera diglosikoan bizi direnak eta Erasmus + egitasmoan parte hartzen ari diren 14 eta 16 urte bitarteko 32 gazteek euskararen eta gaelikoaren eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izango dute.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europa mailako Erasmus+ laguntzak babesten dute, Zizurkil eta Elgoibarko Udalek, Donibane Garaziko Lizeo Publikoak eta Galwayko (Irlanda) Muintearas Teo elkartearen  parte hartzearekin. Horrela, Donibane Garaziko Nafarroa Lizeoa, Zizurkilgo Zubimuxu ikastola eta institutu publikoa, Elgoibar ikastola eta herriko institutu publikoa, eta Galwayko Muintearas Teo elkarteko gazteak bildu dira aste honetan Hondarribian.

Zizurkilgo, Elgoibarko eta Donibane Garaziko 24 gazteak –zortzina herri bakoitzeko–, gaelikoaren berri izaten ari dira; Irlandako Galway herriko zortzi gazteek, aldiz, euskarak bizi duen errealitatera gerturatzen ari dira. Ezagutzaz gaiz, euskararen eta gaelikoaren erabileraren garrantziaz ohartaraztea eta kontzientziatzea da egonaldiaren beste helburuetako bat.

Hondarribiko egonaldiarekin amaituko da Erasmus Plusen baitan egingo den Hizkuntza gutxituei buruzko trukea. Aurrez, ordea, beste bi fase izan dira. Lehenengoan, gazte euskaldunak elkar ezagutzeko topaketa bat egin zen. Bigarrengoan, astebeteko egonaldia egin zuten Galwayn, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean. Besteak beste, gaelikoa egoera hobea dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten, TG4 telebistan egon ziren edota hainbat joko tradizional ezagutu zituzten.

Hondarribiako egonaldia abenduaren 2tik 9ra egingo dute eta gazteak astebetez egongo dira Euskal Herrian barrena. Egun horietan euskararen inguruko formazioa jasoko dute, hainbat bisita eta soziolinguistikaren inguruko hitzaldien bidez. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2deo, Real Sociedad edota Mondragon Unibertsitatea bisitatuko dituzte eta hainbat adituren hitzaldiak entzungo dituzte.

  

1743