Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak kirola egiten has daitezen nahi du desgaitasuna duten 2.500 pertsona

Aldundiak kirola egiten has daitezen nahi du desgaitasuna duten 2.500 pertsona

Pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta gizarteratzen laguntzea da helburua

Itxaso: «Gure helburua da desgaitasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta pertsona horiei gizarteratzen laguntzea kirolaren bidez»

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak, Alicia Figueroa, Kirol Egokituaren Federazioko zuzendari teknikoak, Isabel Landa Hegalak fundazioko ordezkariak eta Goizane Alvarez, Kiroleko Zuzendariak, kirol esparruan desgaitasunari eman beharreko arretari dagokion Gipuzkoako eredua aurkeztu dute, desgaitasunak dituzten pertsonei kirola egiteko aukera emateko eta bermatzeko ongizate sistemaren barruan.

2018an abian jarritako eredu berri hau desgaitasunen bat duten 2.500 pertsona kirola egiten hasteko plan bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euro xedatuko ditu lau multzotan banatuta: lehenengoan, herritarrei oro har zuzendutako zerbitzuak izango lirateke xede; bigarren multzoan, desgaitasunak dituzten ikasleak eskola kiroleko programan sartzeko laguntzak egongo lirateke; hirugarrenean, desgaitasunak dituzten errendimenduko kirolarientzako jarduerak eta zerbitzuak; eta, azkenik, laguntza teknikoa, ekonomikoa edo prestakuntza arlokoa eskaniko litzateke, udal, klub, elkarte, eta kirol arloko teknikari eta profesionalentzat. Desgaitasunari laguntzeko Gipuzkoako eredua Mugiment ekimenaren atal bat da eta desgaituei kirola egiteko aukera bermatzea du helburu, beren bizi kalitatea hobetzeko oinarrizko eskubide gisa.

«Kirola faktore garrantzitsua da ongizaterako eta bizi kalitaterako, eta kirolaren ondorio positiboak ez dira egoera fisikoa hobetzera mugatzen. Kirolak berebiziko eragina du gaixotasunen prebentzioan eta osasunaren hobekuntzan, gizarte ekitatean eta gizarteratzean, eta oinarrizko faktorea da oztopoak gainditzeko eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko. Hori dela eta, eredu hau jarri nahi dugu abian, desgaitasunak dituzten pertsonak beren bizi kalitatea hobetzeko eta gizarteratzea sustatzeko» azaldu du Itxasok.

Gipuzkoarren % 7k desgaitasunen bat du aitortuta, eta desgaitasunak eragindako pertsonen portzentaia % 10era ere irits daiteke, hau da, 50.000 pertsona baino gehiago. Horietatik erdia ez da aktiboa, sarritan, kirola egiteko aukera ematen duten zerbitzuetara iristeko zailtasunak direla eta. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eredu honen alde egin du Kirol Egokituko Federazioarekin, Hegalak fundazioarekin, udalekin eta elkarteekin lankidetzan; eredu honen helburuak dira bizitza aktiboa izateko eskubidea bermatzea; lurraldean zerbitzu eskaintza normalizatua izatea; Foru Aldundiak kirol egokituko eragileekin eta beste eragile batzuekin -Osakidetza, gizarte zerbitzuak- egiten dituen jarduerak koordinatzea; eta desgaitasunak dituzten pertsonen gizarteratzean aurrera egitea.

Ereduak lau jarduketa ardatz ditu:

  • Sartu: zerbitzu orokorrak egokitzea, desgaitasunak dituzten pertsonen gizarteratzea sustatzeko.
  • Segi: kirol jarduera egokituko lerro bereziak sortzea, bai aisialdiko kirolean bai lehiaketakoan.
  • Ongisegi: bakarkako laguntza programak, hortik abiatuta egokitutako kirol jarduera kolektiboak egiten hasteko.
  • Hobesegi: muga ekonomiko handiak dituzten eta mendekotasun maila handiko persona bat duten elkarbizitza unitateei xedatutako programak.

Programa horiek guztiak ezagutarazteko, Foru Aldundiak gida bat argitaratuko du desgaitasuna duten pertsonek kirola egiteko programak eta jarduerak jasotzen dituena; horrez gain, joan den maiatzean kirol politikei, desberdintasunari eta gizarte inklusioari buruzko jardunaldia egin da Miramar Jauregian.  

 

Eranskinak:

  

1961