Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian
Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian
Ezaugarri berritzaileak erakutsi ditu aurkezpenean bertan, besteak beste ekosistema indartsua eta egiteko molde ez-ohikoak. Europan ez dago antzekorik.
Sorrera beretik da berezia hizkuntza berrikuntzako laborategia. Etorkizuna Eraikiz ekimena bera baino lehenago abiatu zen gogoeta prozesu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak sustatu zuena. Helburua zen euskara biziberritzeko erakunde publiko eta eragile sozialen artean biziberritze prozesua bera eraginkorrago bihurtzeko bidea aurkitzea. Ibilbide horrek topo egin zuen Etorkizuna Eraikizeko errei nagusiarekin, eta hor hizkuntza eta berrikuntza uztartuko zituen erreferentzia zentro bat kokatzeko aukera antzeman zen.
2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrarekin gidatu dute, Aldundiarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. 2020-2021 eratze lanetan eman ziren eta 2022an gorpuztu dira laborategiaren gida estrategikoa eta ekintza plana, hori kudeatuko duen lantaldea eta ekosistema, eta laborategia bere baitan hartuko duen espazio fisikoa, Errenteriako Madalen kalearen 27an.
Berezitasunetan lehena da lankidetzatik sortua izatea. Gogoeta eta diseinua lankidetza publiko-sozialaren parametrotan egin ondoren, lankidetza hori gobernantzara eraman da eta erabakigunean botere banaketa erreala gauzatu da. Badalaben Gobernu batzordean gehiengoak eraiki egin behar dira, erabakiak hartzeko ezinbestekoa da adostasun zabalak lantzea. Duela gutxi Aldundiak Danimarkara egindako bisitan ikusi da horrelako planteamendu batek ez daukala aurrekaririk Europako foroetan, eta lankidetzazko gobernantzaren kasu aurreratua dela haientzat ere.
Hori gutxi ez, eta erabakimen partekatuari erantsi zaio deliberazio irekiaren geruza, Badalaben interesa duen eta interesekoa den edonork erabakietan eragiteko sarbidea izan dezan. Honela lortu nahi da adimen kolektiboa aktibatzea, galderak zorrozteko, erantzunak aberasteko eta ekintzaren legitimazio soziala areagotzeko.
Bereizgarri nagusi honi esker, laborategiak dagoeneko lortu du 15 erakunde oso esanguratsu konprometituta egotea bere erabakigunean, eta beste asko prest egotea estrategia lantzeko, jarduera antzemateko, ekintzan bidelagun izateko eta egindakoa elkarrekin ebaluatzeko, aldiro hobekuntzaren bila.
Hain zuzen, aurtengo udaberri/udan landu da 2022-2024 tartean egingo denaren Gida estrategikoa, Gobernu batzordearen eta eragile sozialen/banakoen partaidetza zabalarekin, balorazio galdetegiak eta aurrez-aurreko lansaioak baliatuta.
Badalaben egiteko nagusia da euskara etorkizuneko agertoki eta interakzio sistema berrietan erabilia izan dadin, esperimentaziotik ekarpena egitea.
Ardatz horiek jarduera-ildotan garatzen dira eta egitasmo zehatzetan lurreratzen. Irailetik aurrera abiatuko direnak ezagutzera eman ditugu Errenteriako aurkezpenean, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendari nagusiaren eskutik. Bere hitzetan: “Berrikuntzak etorkizunera garamatza eta etorkizuna bete-betean biziko duten pertsonei galdetu behar zaie. Haien irudikapenetik abiatzen gara, etorkizun horretan euskarak eta hizkuntza gutxituek toki duina izan dezaten, komunitatea bere osotasunean garatzea ahalbidetuko duen balio-sistemari esker”
Irudikatutako etorkizun desiragarri horretan gaur eragiten hasteko, Badalabek espazioak, tresnak eta esperientziak diseinatuko eta eskainiko dituela adierazi du zuzendariak, bestela gertatuko ez liratekeen eta ausartak diren proiektuak gara daitezen, eta orain arte egindako bideari jarraiki, ez-ohikoak diren lankidetza harremanak eman daitezen.
Badalaben sorreran honako erakunde eta eragileek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Irrati Telebista, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arantzazulab, Euskaltzaindia eta Langune. Partaidetza horretan datza aurkeztu berri den zentroaren eragiteko ahalmena. Baina bi erakunde izan dira ezinbestekoak laborategia sortu zedin: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udala. BI erakundeon ordezkari gorenek hartu dute hitza aurkezpenean.
Markel Olano diputatu nagusiak mundu osoan bizi ditugun “sakoneko eraldatzeak” izan ditu hizpide, digitalizazioa, aldaketa klimatikoa, gizarte aniztasunaren areagotzea, kasu. “Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa dugu esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortzea, desafio nagusietan eragin eta, elkarlanaren bitartez, gure lurraldea eraldatzeko. Hori da, hain justu, Etorkizuna Eraikizeko erreferentzia zentroen helburua”, nabarmendu du.
Olanoren ustez, paradigma berri horiek “modu nabarmenean” eragiten diete hizkuntza gutxituei eta euskara ez da salbuespena. “Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan akuilu izango da Badalab. Aniztasunetik abiatuz, elkarlan zabal bat aktibatuz, ikuspegi eraldatzaile bati helduz, euskararen etorkizuna indartzeko tresna berritzailea da”, laburbildu du.
Eta Aizpea Otaegi alkatearena beste hau. “Bizi dugun ziurgabetasunean, argi pixka bat jartzera datorrela Badalab, geure buruari egin beharreko galderak zein diren ere zalantzan jartzera datorrelako, geure buruari egin beharreko galderak ere zein izan daitezkeen pentsatzeko gonbidapenarekin datorrelako.
“Herri honek, bilaketa horretan lagun dezakeela zalantzarik ez dut. Eta herri honentzat, Badalaben bidez zabalduko diren prozesuak eta bideak ikasgai izango direla ere badakit. Horregatik, pozez eta ilusioz ematen diogu ongi etorria Badalabi. Pozez eta ilusioz heltzen diogu bertako kide izateari.
Horixe opa diogu Badalabi, eta Badalab osatzen dugun guztioi, hizkuntzaren esparruari dagokionez ere, zer nolako etorkizuna eraiki nahi dugun elkarrekin eraikitzeko gaitasuna eta horren bila joateko ilusioa eta erabakimena.”
Olatz Olaso Badalaben lehendakariorde eta erakunde sozialen ordezkariak 2018ko udazkenean proiektu honen sorrera momentura eraman gaitu berriro. Askoren artean irudikatutako ideia, ametsa ekintzara ekartzeko egindako bidea azaldu du.
Euskararen biziberritzeak eta euskalgintzak bere DNAn izan duela eta duela berrikuntza eta esperimentazioa azpimarratu du. “Izan ere, gizartean eraldaketa bat sortu nahi dugu eta horrek behartzen gaitu berritzera”.
Badalab inor ordezkatuko ez duen eta elkarlanean proiektu berritzaileak martxan dituen laborategi moduan irudikatzen dutela aipatu Olatzek, eta horrekin euskalgintza aberatsago izango dugula etorkizunean. Bide horretan, gobernantzan ere ikasketa prozesu bat egiteko bidea aipatu du.
Erakunde publikoez gain, gazteak, teknologoak, aniztasunaren militanteak eta laborategia aurrera eramateko ardura dutenak aritu dira aurkezpenean. Guztien artean aletu dituzte Badalaben jarduera baldintzatuko duten aldagaiak: etorkizuneko joerak eta komunitate-nortasunaren biziraupena, ingurune digitalaren aukerak eta arriskuak, gizarte gero eta hibridoagoan nola funtzio hegemonikoak hartu, adimen kolektiboaren garrantzia aurrerabide egokienak bilatzeko...
Azken txanpan, Goiatz Oiartzabal zuzendariak aipatu dituen egitasmoen artean bi nabarmendu daitezke:
- Gazteekin batera prozesu espekulatibo bat egingo da. Etorkizuna irudikatzeko espekulazio prozesuaren oinarria da desiragarritasun klabean garatzen dela. Ulertu nahi da gazteek nolako etorkizun desiratua irudikatzen duten, gero horretan nola eragin antzemateko.
- Errenterian aniztasuna lantzen duten eragileekin batera abiatuko den lanketa, hizkuntzaren aldagaia, gizarte kohesioa eta komunitategintza uztartzeko.
Badalab Madalen kaleko 27an kokatzen da, azken bi solairutan, bakoitza 180m2 ingurukoa. Bertan kokatuko dira, batetik, Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta komunitate ekintzak hartuko dituena, ekosistemako eragileen eta herritarren erabilerara, ere, irekia egongo dena. Bestetik, proiektu taldeen zerbitzura Badatokia eta esperimentazio eta prototipatze espazioak ere egongo dira erabilgarri. Bertan bizikide izango ditu laster batean Errenteriako beste elkarte batzuk, aniztasunaren baitan euskaratik eragiteko helburua partekatzen dutenak.
Eraikinaren egokitzapenerako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 452.439,22€ bideratu ditu, eta Errenteriako udalak egoitzaren erabilerarako lagapena egin du.
Aurkezpenera bertaratutakoek “Mauriziak ez dau inor hil” ikuskizunean oinarritutako performance berritzaile baten parte izateko aukera ere eduki dute.
5163