Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hurkoa Fundazioak Boluntarioen saria jaso du, “esker onez” eta “boluntario gehiago lortzeko” dei eginez

Hurkoa Fundazioak Boluntarioen saria jaso du, “esker onez” eta “boluntario gehiago lortzeko” dei eginez

Mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu eta haien eskubideak defendatzeko moduagatik. 170 gonbidatu izan dira foru jauregian egindako sari-emate ekitaldian

2016/12/01

Markel Olano diputatu nagusiak 2016ko Gipuzkoako Boluntarioen saria eman dio Hurkoa Fundazioari. Foru jauregian egindako sari-emate ekitaldi jendetsuan, 170 gonbidatu bertan zirela -90 hirugarren sektorekoak izango dira eta beste 80ak Hurkoako boluntarioak- Olanok azpimarratu du Hurkoak egiten duen lan “solidario, eskuzabal eta ordainezina” dela, eta  “sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea dela”. Bere aldetik, Jose Ignacio del Pozo Fundazioaren gerenteak, saria jasota, “esker ona” adierazi die GFAri, sari honen epaimahaiari eta lagundu diguten elkarte guztiei. “Sari honek lagundu egingo digu gure lana ikusgarriago egiten, baita jendea guregana gerturatzen ere, boluntario gehiago behar ditugulako”. Eta gaineratu gaur egun, bizi itxaropena “inoiz baino handiagoa” denez, “gure adinekoen arazoak gureak ere badirela”. 

Hurkoa Fundazioa Donostiako Caritasen ekimenez sortu zen 1990ean, ahultasun, mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu, zaindu eta haien eskubideak defendatzeko. Era berean, beste jarduera batzuk burutzen dituzte, besteak beste, adinekoenganako tratu txarren aurkako sentsibilizazio programak, aisia eta denbora libreko programak eta boluntarioen prestakuntza programak. Gaur egun entitateak 143 boluntario ditu (104 emakume eta 39 gizon), 322 pertsona tutoretzapean ditu, eta 560 familiari baino gehiagori eskaini die laguntza. 

Gipuzkoako Caritasek proposatu du Hurkoa Fundazioa, eta lurraldeko elkarteetako ordezkariez osatutako epaimahaiak aho batez onartu du. Epaimahaiaren arrazoiak azalduz, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu du Fundazioak “ezin hobeto burutzen duela bere lana defentsa judizialaren eta tutoretzaren arloan hauskortasunean edo ahulezian dauden pertsonekin, adinekoak direlako, gaixotasun mental bat dutelako, desgaituak direlako edo bakarrik bizi direlako; eta pertsona horiek zuzenean artatzeaz edota familiakoak artatzeaz arduratzen da”.

Hurkoa Fundazioko boluntario gehienek, 66 urteko batez besteko adina dutenek, zenbait pertsonari lagun egiteko eginkizunak betetzen dituztela egoitza-zentroetan edo etxebizitzetan, programatutako zerbitzuekin, baina baita noizbehinkako edo unean uneko zerbitzuekin ere. Gaineratu duenez, “erosketak ere egiten dituzte, hala nola, arropa, janari-edariak, objektu pertsonalak, higienekoak, eta eguneroko behar guztiak. Edo, besterik gabe, une atsegin bat igaro, kartetan, egunkaria irakurtzen, berriketan –bisita jasotzen duen pertsona ondo sentiarazten duten gaiez–, edo bisita jasotzen duenak gustukoena duena egiten”. Del Pozok nabarmendu duenez, “gure boluntarioen lana egiteko kalitatea eta samurtasuna behar da. Eta horretan, uste dut gure boluntarioek, Hurkoako profesionalen laguntzaz, persona bakoitzari gertutasun, maitasun eta arreta paregabea ematen diotela”. 
Fundazioak Gipuzkoako hirugarren sektoreko entitate sarean (SARGI) parte hartzen du, eta hiru lokal ditu Donostia, Arrasate eta Irunen, zonaka banatutako boluntario sare batekin: Donostialdea, Donostia Ospitaleak, Eguneko Zentroa, Arrasate, Irun, Tolosaldea-Goierri eta Urola kosta, horietako bakoitzean arduradun edo koordinatzaile bat dagoelarik. Aurten, gainera, egoitza berri bat zabaldu du Donostiako Morlans auzoan, pertsona horiei eta beraien familiei ematen zaien arreta hobetzeko. Era berean, duela bi hilabete programa pilotu bat abiarazi dute Irunen, ahultasun egoeran dauden pertsonak antzeman eta artatzeko, beti ere laguntza modura menpekotasun maila handiagoa izan baino lehen.

Gipuzkoa, erreferentea Europan

Gipuzkoako Boluntarioen Saria duela 22 urte sortu zuen Aldundiak, Gipuzkoako hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioek ematen dute, hainbat erakunderen ordezkari gisa. Honako hauek izan dira azken edizioetako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011);  Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako  Elikagaien Bankua (2015).
Bukatzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa dela”, ondorengo datu hauek erakusten duten moduan: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan”. Zentzu horretan baieztatu du “Foru Aldundiak jarraituko duela elkarte horietako askori laguntzen, alderdi ekonomikoan nahiz informazioari eta prestakuntzari dagokionean”; era berean, nabarmendu du “Gipuzkoa erreferente bat dela Europa mailan mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretan”.  

  

1664