Hurkoak 30 urte bete ditu Gipuzkoako pertsona ahulenen ondoan
Hurkoak 30 urte bete ditu Gipuzkoako pertsona ahulenen ondoan
Aldundiak Hurkoa fundazioarekin sinatutako hitzarmena zabalduko du, babesgabetasun egoeran dauden pertsonen tutoretza zerbitzua hobetzen jarraitzeko.
Gaur goizean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Jose Luis de la Cuesta Hurkoa fundazioko presidentearekin, Maria Luisa Otaño presidenteordearekin eta Jose Ignacio del Pozo zuzendari kudeatzailearekin elkartu dira. Bilera Hurkoaren egoitzan egin da, fundazioaren 30. urteurrenaren testuinguruan. Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie Hurkoa osatzen duten pertsona guztiei -langileei, boluntarioei eta familiei-, Gipuzkoako pertsona zaurgarrienei laguntzen egindako lan "ordainezinagatik", tutoretza jardueraren bidez eta mendekotasun egoeran dauden adinekoei, desgaituei eta gaixotasun mentala dutenei arreta emanez.
Lan bilera egin baino lehen hedabideen aurrean egindako adierazpenetan diputatu nagusiak iragarri duenez, Gizarte Politikako Departamentuak Hurkoarekin duen lankidetza hitzarmena zabalduko du, mendekotasun egoeran dauden, desgaitasunen bat duten edo babesik gabe dauden pertsonen tutoretzan sakontzeko eta, horrela, "pandemiari aurre egiten jarraitzeko, pertsona ahulenak babestuz", azpimarratu du Olanok. Hurkoa fundazioak pertsona zaurgarrienen tutoretza gauzatzen du, haien interesak, ongizatea eta bizi kalitatea zainduz, eta, horretarako, bi erakundeen arteko hitzarmenak 60.000 euroko igoera izango du aurten, gehien behar duten pertsonen babesean lankidetza estuan jarraitzeko.
Hurkoa fundazioak hauskortasun egoeran dauden pertsonen eskubideak eta interesak babesteko lan egiten du, babesgabetasuna saihestuz eta arreta eta gizarteratzea bermatuz. Zentzu horretan, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen tutoretza jardueraz gain, COVID-19ak eragindako osasun krisia hasi zenez geroztik, Hurkoak etxeko arreta indartu du, etengabeko jarraipena eginez beren etxeetan dauden pertsonei, bai aurrez aurre, bai telefonoz, pertsona horiei behar dituzten erosketak eginez, eta laguntza espezifikoa eskainiz egoera delikatuagoan daudenei.
Markel Olanok gaineratu duenez, Hurkoak orain, COVID-19aren testuinguruan, egiten duen lana, zein duela 30 urtetik hona egin duena, "oso garrantzitsua" da, hain zuzen ere, hainbat arreta moduren bidez, "pertsonarengan eta bere beharretan jartzen du beti arreta". Gipuzkoan 65 urtetik gorako 5.000 pertsona inguru daude hauskortasun egoeran, Hurkoak Adinberrirekin elkarlanean egindako hauskortasun egoeren azterketaren arabera. "Gipuzkoako arreta eta babes sistemak lurraldeko hirugarren sektore sozialarekiko lankidetza estua du oinarri. Hori da duen balio handia; izan ere, elkarteek, entitateek, boluntarioek eta erakunde publikoek gizarte eredu solidario bat bultzatzen dugu, pertsonak ardatz dituena eta desberdintasun sozialei aurre egiten laguntzen duena", azpimarratu du diputatu nagusiak.
Jose Luis de la Cuesta Hurkoako presidenteak, Aldundiak Hurkoaren jarduerari emandako babesa aitortu nahi izan du, eta hauskortasunaren arreta jarri nahi izan du heldu beharreko erronketako bat bezala: "Babesgabetasun-egoerak ahalik eta lasterren atzemateko modua aurkitzea komeni da, pertsona horiei lagundu nahi bazaie eta hainbeste abusu eta tratu desegoki saihestu nahi badira, autonomia eta gaitasuna galtzen ari direnen eskubideak eta interesak errespetatzea eskatuz".
Hurkoa fundazioa 1990ean sortu zen, Caritasen ekimenez, hauskortasun, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran dauden adineko pertsonak edo gaixotasun mentalak dituztenak eta haien familiak zaintzeko, babesteko eta defendatzeko, betiere "kalitatea eta goxotasuna" oinarri hartuta. Era berean, adinekoen tratu txarren aurkako sentsibilizazio programak egiten dituzte, baita aisialdiko, denbora libreko eta boluntarioen prestakuntzako programak ere. Gaur egun, Hurkoan 145 boluntario ari dira lanean; 441 pertsona ditu tutoretzapean; eta, azken urtean, guztira, 760 pertsona baino gehiago artatu ditu.
Hurkoak 30 urteko ibilbidean zehar, 6.000 pertsona baino gehiago artatu ditu eta 4.000 familia inguru aholkatu ditu. Tutoretzaren arloan, mendekotasuna duten 2.160 pertsonak jaso dute Hurkoaren laguntza hiru hamarkada hauetan. Horietatik, 1.221 kasutan desgaitasun eta tutoretzako izapide judizialetan esku hartu zen, eta Hurkoak 953 pertsonaren tutoretza edo kuradoretza gauzatzeko erantzukizuna hartu zuen. Hauskortasunaren arretarako eremuan, fundazioak 236 pertsonari lagundu die, eta Gros auzoko 'Nuestra Señora de las Mercedes' eguneko zentroan mendekotasuna duten 2.559 pertsona zaindu ditu.
2143