Iaz baino 367 milioi gutxiago bildu dira irailera arte, % 11,9ko jaitsiera
Iaz baino 367 milioi gutxiago bildu dira irailera arte, % 11,9ko jaitsiera
Foru bozeramaileak azaldu duenez, zerga bilketa zertxobait errekuperatu da azken hilabetetan, batez ere udako kanpainaren ondorioz.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuak 2.713,8 milioi euro jaso ditu irailera arte, pasa den urteko epe berean baino 367 milioi gutxiago. Ehunekotan, % 11,9ko jaitsiera da. “Jaitsieraren arrazoia, dakizuen bezala, COVID-19 gaitzaren pandemiak gurean izan duen eta izaten ari den eragina da, eta baita ere Aldundiak jarduera ekonomikoari laguntzeko hartu dituen zenbait neurriren inpaktua. Hala ere, eta batez ere lehenengo seihilekoarekin alderatuta, zerga bilketaren jaitsiera ez da hain handia izan”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Errekuperazio honen arrazoia, sakondu duenez, udako kanpainetan lortutako emaitza onak izan dira, batez ere Errentarenean, “inoizko onena” izan baita.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, astero legez, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Gogoratu duenez, pasa den astean egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan urte amaierako zerga bilketa aurreikuspenak errebisatu ziren eta, honen ondorioz, espero da Gipuzkoako pasa den urtean baino % 12,9 gutxiago biltzea, eta aurrekontuan ezarritakoa baino % 14,5 gutxiago. Foru arduradunak esan duenez, eta nahiz eta hasiera batean egindako jaitsiera aurreikuspenak baino zenbateko hobeak diren, beherakada “oso nabarmenak” dira. “Gaur gaurkoz, urteko lehen bederatzi hilabeteak kontutan hartzen baditugu, esan dezakegu helburuak betetzeko bidean goazela”, adierazi du.
“Hala ere, pandemiaren testuinguruan, benetan zaila aurreikuspenak egin eta agertokiaren bilakaera nondik joango den hautematea. Beraz, inoiz baino gehiago, zuhurtziaz eta arduraz jokatu behar dugu zerbitzu publikoen kudeaketan”, esan du Mendozak. Aldundiaren kasuan, gogoratu du erakundeak dituen lehentasun nagusiak diela gizarte politika indartu eta jarduera ekonomikoa berreskuratzen laguntzea. “Gaur gaurkoz ditugun zerga bilketa datu eta helburuekin, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioari esker, esan dezakegu finantza egoera onean gaudela erronka guzti hauei aurre egiteko”, azpimarratu du.
Irailera arteko zerga bilketara helduta, zerga nagusien bilakaera desberdina izan dela azaldu du Mendozak. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan (PFEZ), 40 milioi eurotan hazi da bilketa (+ % 3,4): “Enplegua babesteko hartu diren neurriak medio, ERTEak esaterako, lan merkatua krisiari eusten ari zaio”. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, zerga honen kanpainan egin diren egutegi aldaketek sarrera eta itzulketetan izan du eragina. Lehenak, sarrerak, atzeratu egin dira, mikroenpresek, enpresa txikiek eta ertainek irailean aurkeztu baitituzte beraien aitorpenak; itzulketa, berriz, aurreratu egin dira. Ondorioz, zerga honetan 149 milioi gutxiago jaso dira irailera arte (- % 50,9). “Egutegi aldaketen ondorio baten aurrean gaude, eta datozen hilabeteetan normalduko da zerga honen bilakaera”, esan du Mendozak. Azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) 118 milioi gutxiago jaso dira (- % 14,7), pandemiak kontsumoan izan duen eraginaren isla.
Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzetkao erabiltzaileen artean, gaur gaurkoz, 63 kasu positibo daude: 3 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, 29 Donostiako Alai-Etxen, 6 Bergarako Mizpirualden, 1 Donostiako La Paz egoitzan, 8 Donostiako Berran, 7 Donostiako Lamourousen, 8 Zumarragako Argixaon eta 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan. Hauetatik 6 ospitalean daude, eta beste 54 Eibarko Ospitaleko planta sozialean edo Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude, bi baliabide hauetan artatzen baitira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Azpiegitura hauen helburua da egoitzetatik kasu positiboak ateratzea, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izateko. Abuztuaren 11tik hona, hau da, bigarren olatuan, 33 egoiliar hil dira eta 70 sendatu.
Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, gaur gaurkoz 58 langile daude diagnostiko positiboarekin, 21 egoitza ezberdinetan. Bigarren olatuan, bestalde, 97 dira jada gaitza gainditu duten langileak. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 10 positibo berri atzeman dira eta desgaitasun dutenen arretarako baliabideetan 17 positibo atzeman dira, eguneko zentroan (1), lau egoitzetan (15) eta etxebizitza batean (1). Sare honetan 412 plaza egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioko sarean, bestalde, ez dago positiborik. Sare honetan 54 baliabide, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan. Adingabeen kasuan ere, non 400 plaza daude, ez da positiborik atzeman. Orain arte Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 28.346 PCR proba egin ditu, pasa den astean ia 5.000: egoiliarren artean 2.219 eta egoitzetako langileen artean 2.256.
1323