Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariak jaso du 2017ko Abbadia Saria

Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariak jaso du 2017ko Abbadia Saria

Irratsaio gisa girotutako ekitaldi batean, “euskara eremu berrietara zabaltzeko” egindako lanagatik errekonozimendua jaso du filologo donostiarrak.

Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariak  jaso du 2017ko Abbadia Saria

“Askotan aipatu ohi dugun esaldia da ‘katea ez da eten’. Ibon Sarasola bezalako hizkuntzalariek jarraipena eman diote Mitxelena, Txillardegi eta beren garaikideek hasitako bideari. Bide horri eutsi dio beste belaunaldi batek, bikaintasunez gainera. Ibon Sarasola eredu da ahalegin edo lan horretan". Hitz hauek egin ditu gaur arratsaldean Imanol Lasak, Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramaileak, 2017ko Abbadia Sariaren emate ekitaldian, aurtengo saridunak euskarari egindako ekarpena errekonozituz.

Lasaren esanetan, euskarak eta hizkuntza berdintasunaren aldeko lanak eskatzen du “inondik ere” gizarte ekimena, babes instituzionala eta legeen bultzada, sortzaileen lana, “baina baita ere ezagutza”. “Euskara batua tresna egokia eta behar-beharrezkoa izan da gure hizkuntza eremu berrietara zabaltzeko. Eta tresna hori erabilgarri izan dadin, ez dadin kamustu, Ibon Sarasolak baliabide ugari eskaini dizkigu euskal hiztunei”, gogoratu du.

Izan ere, 2017ko Abbadia Saria Ibon Sarasola (Donostia, 1946) euskaltzain eta hizkuntzalariak jaso du, euskarari eta “bereziki euskara batuari” egindako ekarpenagatik, haren lanaren garrantzia eta eragina “nabarmena” izan baita euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko garaian. Hala adierazi dute iazko irabazleak, Aitor Arregik –Moriarti ekoiztetxeko kide– eta Arantxa Urretabizkaia idazleak, epaimahaiko kideak biak, sari-emate ekitaldian.

Okasiorako irrati-estudio gisa atondu eta girotutako eszenatoki gainean, irratsaio bilakatu du Maite Artola kazetariak sari-emate ekitaldia, saiorako espreski lotutako kuña, boletin eta emanaldien bitartez. Irratsaioko momentu garrantzitsuenean, irrati-esatariak elkarrizketa egin dio Ibon Sarasola filologo donostiarrari.

Ondoren, Imanol Lasaren eskutik, Xare Alvarez artista gazteak egindako oroigarria jaso du Sarasolak.

Gizarteko, euskalgintzako eta euskal erakundeetako hainbat ordezkari bildu dira gaur Foru Aldundian, euskaltzain eta hizkuntzalariari errekonozimendua eskaini eta urteroko euskararen aldeko ekitaldi honetan parte hartzeko. Tartean ziren, foru bozeramaileaz gain, Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria; Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Pello Salaburu eta Miren Azkarate euskaltzainak; eta Elena Laka, Topaguneako lehendakaria, besteak beste.

Ibon Sarasola EHUko letren fakultatean Euskal Filologiako katedraduna da eta euskaltzain osoa 1988tik aurrera. Hiztegigintzan eta lexikografian aritu da bereziki, 1976an euskal hiztegi arauemailerako txostena aurkeztu zuenetik. Koldo Mitxelena euskaltzaina hil geroztik, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) (1987-2005) eta ondorengo Euskaltzaindiaren Hiztegia (2012) egitasmoen zuzendari izan da. Hainbat lan argitaratu ditu lexikografiaz, dialektologiaz eta euskal literaturaren historiaz, baita saiakerak, poesia eta narrazioak ere. 1997an argitaratu zuen Euskara batuaren ajeak saiakerak oihartzun handia izan zuen. 1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak lagundu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen, Patxi Altuna, Joseba Lakarra eta Blanca Urgellekin batera.

  

2627