Ikasle donostiarrek proposamenak aurkeztu dituzte Aurrekontu Irekien barruan
Ikasle donostiarrek proposamenak aurkeztu dituzte Aurrekontu Irekien barruan
Garraio publikoa izan da Donostiako Zubiri Manteoko ikasleei gehien kezkatu dien gaia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Aurrekontu irekien prozesuaren barruan, ostiralean antolatutako topaketan parte hartu zuten Donostiako Zubiri Manteoko ikasleek. Herritarren Partaidetzako zuzendari Joseba Muxika izan zen bertan. Luze jo zuen topaketak, hainbat ekarpen eta iradokizun egin baitzizkioten zuzendariari. Garraio publikoaren inguruan kezka berezia agertu zuten, eta Aldundiari eskatu zioten ordutegiak zabaltzea, bai goizetan, bai gauetan. Halaber, baserritar familiei laguntza gehiago eskaintzeko aukeraren inguruan galdetu zuten. Bidegorri berriak sortzea, miniestadioko atletismo-pista hobetzea, kultura babestea, edo gaixotasunen ikerketentzako laguntza handitzea izan ziren beste proposamen batzuk.
Aldundiak dituen proiektuen berri eman zien Muxikak, bere aldetik. Parte-hartzaileei beren jarrera ona eskertu zien eta topaketa “oso aberasgarritzat” jo zuen, bertan entzundakoak kontuan hartuko dituztela aginduz. Zuzeneko komunikazioaren balioa goraipatu zuen, erakundearekiko gertutasun handiagoa sortzeko eta oraindik ere gaur egun dagoen “ezagutza falta handiari” aurre egiteko.
Aurrekontu Irekien prozesuaren barruko topaketa izan zen ostiralekoa. Horri esker, gipuzkoarrek aukera dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontuen lanketan parte hartzeko.
Hurbiltzeko aukera izan ez zuten norbanako eta kolektiboek martxoan zehar aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera izango dute, bai etxeetan banatu den eskuorria betez eta udal erregistroan entregatuz, bai eta sarean ere, gipuzkoa.eus/partaidetza atariko aurrekontu irekien atalean. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.
Proposamen guztiak memoria batean jasoko dira, zein proposamen onartzen diren eta zein ez argudiatuz eta arrazoiak emanez, eta parte-hartzaile guztiei bidaliko zaie. Gainera, aurrekontuetan sartu diren eskaerak eta proiektuak nola gauzatzen diren ezagutzeko eta horien jarraipena egiteko aukera egongo da.
1747