Ikerketa eta garapenerako 4 milioi euro bideratuko dira aurten
Ikerketa eta garapenerako 4 milioi euro bideratuko dira aurten
Lurraldea Europako herrialde aurreratuenengana gerturatzeko ahalegin berezia egiten ari da Aldundia
Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko Programari dagozkion diru laguntzak adostu zituen atzo Gobernu Kontseiluak. 4.341.800 euroko inbertsioa egingo du Aldundiak 2017an lurraldean ikerketa eta garapena bultzatzeko. Gipuzkoako Zientzia, Teknologia Berrikuntzaren Sareko zentroek gauzatzen dituzten proiektu eta inbertsioei laguntza ematea du helburu programak.
“Lehiakortasunaren alde lurralde mailan egiten ari garen apustuan, jakintzak berebiziko garrantzia du. Ekonomia suspertzeko estrategiaren erdigunean dago ikerkuntza eta berrikuntza bultzatzea, apustu horren bitartez jakintza aurreratua sortu eta gure enpresetara iritsi dadin. Kudeaketa eta fabrikazio eredu berritzaileak, produktu lehiakorrak eta ekonomia aktibitate berria sortzea da helburua, azken finean. Horren guztiaren bitartez bakarrik lortuko dugu kalitatezko enplegua sorraraztea, gizarte kohesioa indartzeko”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.
Ikerketak eta garapenak duten garrantzia kontuan harturik, Aldundiaren helburuetako bat da lurraldea Europa mailan punta-puntako eskualde gisa kokatzea I+G arloan. “Ez gaude gaizki kokatuak: BPGaren %2,31 da sektorea, eta 7.000 lagun baino gehiago hartzen ditu. Europak I+G arloan duen batez bestekoa gainditzen du Gipuzkoak. Baina herrialde garrantzitsuenetik urrun gaude oraindik eta apustu hori sendotzeko ahalegin berezia egiten ari gara”.
Aldundia aktiboa izan da beti esparru honetan. Horren lekuko, azken 20 urteotan 26 milioitik gora bideratu ditu Zientzia eta Teknologia sarera, beti ere zientzia eta teknologia arloko euskal planen barruan, Europak bultzatutako lehentasunen artean. Gaur aurkeztutako deialdiaren bitartez, laguntza ematen zaie zentroei ekipamendua eta azpiegiturak egoera onean mantentzeko eta, bestetik, Euskadirako RIS3 Estrategiaren esparruan estrategikotzat jotzen diren lehentasunezko I+G proiektuak bultzatzeko, hau da, fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak. Gainera, sareko enpresa eta zentroen arteko elkarlana sustatzen da.
Berritasun gisa, deialdi honen baitan enpresetako I+G unitateetara bideratutako lerroa eguneratu egingo da, lurraldearen egungo errealitateari hurbilduz. Unitate hauek garrantzia handia dute enpresetan bertan berrikuntza eta ikerkuntza bultzatzeko, eta horregatik da hain garrantzitsua hauei ere laguntza eta babesa ematea beren inbertsioetarako: “Ahalegin handia eskatzen du horrelako unitate bat bultzatzeak eta apustu horretan lagundu nahi ditugu gure enpresak”. Iaz, guztira, 30 I+G ikerketa proiektu bultzatu ziren, eta 17 I+G unitate enpresetan. Ekipamendu aurreratua erosi eta mantentzeko 16 eskaera ere onartu ziren.
Legealdi honetako foru gobernuaren helburu nagusietako bat da susperraldi ekonomikoa finkatzea. Horretarako diseinatu eta abian jarri da Ekonomia Suspertzeko Plana, 2015-2019, 200 milioiko aurrekontuarekin. “Plangintza honen barruan, esan bezala, ezinbestekoa da jakintza berria sortu eta aplikatzea, produktu eta zerbitzu berriak garatuz, enpresa-eredu lehiakorra, dibertsifikatua eta presentzia globalekoa lortzeko. Horren guztiaren oinarrian daude ikerketa egiten duten eta jakintza garatu eta aplikatzen duten entitateak”, gaineratu du Lasak.
Basogintza bultzatzeko apustua
Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko 2017ko urterako diru laguntzak onartu zituen ere Gobernu Kontseiluak. 2.800.000 euro bideratuko ditu Aldundiak guztira, hainbat jarduera bultzatzeko: azpiegiturak egitea basogintza garatzeko, modernizatzeko edo egokitzeko; baso-sartzea eta baso azalera sortzea; nekazaritza eta basogintzako sistemak ezartzea; suteek, natur hondamendiek eta zorigaitzei aurre egiteko prebentzioa, eta horiek eragindako kalteen konponketa; baso-ekosistemen egokitzeko gaitasuna eta ingurumeneko balioa handitzeko inbertsioak; pinudi zaharrak moztea, izurriteak edo gaixotasunak saihestuz, edota baso-ingurumeneko zerbitzuak, klima zerbitzuak eta basoen zaintza.
Lasak argitu duenez, basoek “onura ugari” sortzen dituzte. Batetik, produktu berriztagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak egiteko beharrezko lehengaiak eskaintzen dizkigute eta, bestetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute ongizate ekonomikoari, dibertsitate biologikoari, karbonoaren ziklo osoari, oreka hidrologikoari, higaduraren kontrolari eta hondamendi naturalen prebentzioari dagokionez; horiez gain gizarte eta aisialdiko funtzioa ere betetzen dute.
Hori dela eta, beharrezkotzat jo du mendien funtzio ekonomikoak, ekologikoak eta sozialak “modu iraunkorrean mantendu eta garatzearren” hainbat inbertsio, ekintza edo lan egitea, sektorea babestuz. Gaur egun, 9.000 baso jabe inguru daude Gipuzkoan, lurraldean dagoen baso masaren %80 zaindu eta kudeatzen dutenak. Masa honek lurraldearen azaleraren erdia baino gehiago hartzen du: “Sekulako garrantzia dauka egiten duten lanak, lanpostuak sortu eta landa eremua mantentzen dutelako. Gure konpromiso osoa edukitzen jarraituko dute”.
Horren adibide, iazko deialdiaren arrakasta ikusita, aurten kopurua 800.000 euro handitu da, eta epeak ere nabarmen aurreratu dira, eskaerak errazteko. Laster argitaratuko dira oinarriak GAOn, onuradunek bete beharreko baldintzak, mendien ezaugarriak, eta abar zehaztuz.
Errepideetan aktuazio garrantzitsuak
Bestalde, Arrasaten, Bedoñako Lana lotunean biribilgunea egiteko proiektuari dagokion hitzarmena onartu zuen Kontseiluak. Herrigunearen hego-ekialdean dago lotunea. GI-627 errepidea, GI-3554 errepidearekin eta herriko bide-sarearekin lotzen ditu, eta Takolo biribilguneraino bide bat luzatzen du. “Mugimendu handia duen tokia izan arren, oso txikia da, eta oso zaila da hori guztia modu egokian antolatzea. Premiazko obra da arrasatearrentzat, aspaldiko eskaera”, azaldu du Lasak. Proiektuak aipaturiko bidegurutze hori biribilgune bihurtuko du, espaloiak handituko ditu, argiteria hobetuko du, eta oinezkoen eta txirrindularien arteko gurutzaketak antolatuko ditu, segurtasuna bermatuz.
Aurrekontua 607.543,35 eurokoa da, eta lanak 5 hilabeteko epean egitea aurreikusten da. Atzo onartutako hitzarmenaren arabera, Arrasateko Udalak beharrezkoak eta bere titulartasunekoak diren ondasunak Aldundiaren eskura jarriko ditu, eta baita 200.000 euro ere obrak finantzatzeko. Lotuneak San Andres industria poligonoaren komunikazioa ere hobetuko du. Gogorarazi behar da Fagor Ederlan enpresak jarduera berria hasi behar duela bertan, eta trafikoa handitzea espero dela: “Hori da gure apustua, gure enpresen lehiakortasuna eta ekonomia azpiegituren bidez ere bultzatzea”, azpimarratu du bozeramaileak. Obrak ekainean hasi, eta urte amaierarako bukatzea espero da.
Iruran, berriz, GI-3650 errepidearen zeharbidean, Kale Nagusia 25-29 zatia hiritartzeko proiektuari dagokion hitzarmena onetsi zuen Kontseiluak. Proiektuak lan hauek aurreikusten ditu: erdiko irlatxoa kentzea, espaloia zabaltzea oinezkoen segurtasuna hobetzeko, drainatze sarea berritzea, baita argindar, telekomunikazio, gas, argiztatze publiko, saneamendu eta horniketa sareak ere, eta galtzadaren zorua berritzea. Era berean, puntu jakin batean sestra aldatuko da, egun N-I errepideko irteeran sortzen den putzua desagerrarazteko, izan ere, ibaia hazia datorrenean Oriako ubidera ura drainatzeko arazoak izaten dira.
Aurrekontua 284.269,14 euro da eta lanak lau hilabeteko epean burutzea aurreikusten da. Hitzarmenaren arabera, Irurako Udalak proiektuaren lanak kontratatu eta gauzatzeko konpromisoa hartzen du. Aldundiak, berriz, bere eskumenekoak diren obrak finantzatuko ditu, 119.786,79 eurorekin.
Belauntzan, azkenik, GI-3211 errepidea zabaldu eta hobetzeko proiektua onartu zuen Kontseiluak. Obrak 146.663,22 euro kostatuko dira, hiru hilabeteko epearekin, eta maiatzean hastea espero da. Kasu honetan, Aldundiak bere gain hartuko ditu lan guztiak eta finantziazioa. Proiektua jendaurrean jarri zen hilabetez, eta ez da alegaziorik jaso. Udalak ere oniritzia eman dio, eta lursailen lagapena onartu du.
Errepidea hobetzeko, lan hauek aurreikusten ditu proiektuak: Villa Puyko harri-horma atzeratzea, eta horma berregiteko, kenduko den harri bera erabiltzea; finkaren goiko aldera iristeko jabari publikoko bidearen zati bat eraistea eta kokapen berrian berreraikitzea; eta errepideko harri-horma eraitsi eta kokapen berrian berreraikitzea. Era berean, proiektuak, ermitaren fatxadaren ondoan espaloi bat egitea aurreikusi du, ingurunean dagoenaren antzekoa, ermitaren goiko aldea eskailerekin lotzeko.
Zerga erreformari buruzko adierazpenak
“- Aurreneko aldiz ,euskal erakunde ezberdinetako ordezkariok, Lehendakariak barne, atea ireki diogu erreforma fiskalari, behar hori berbalizatuz. Uste dut aurrerapen garrantzitsua dela.
- Denak bat gatoz beharrezkoa dela diru sarrera gehiago edukitzea, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko, gizarte babeserako sistema indartzeko, eta horren bideragarritasuna bermatzeko etorkizunera begira, atzean inor ez uzteko. Errnka potoloak dauzkagu mahai gaineran, derrigor heldu beharrekoak, eta elkarlanean egin behar dugu hori.
- Hori bai, uste dugu eztabaida hau datuekin landu behar dugula, modu objektibo eta sosegatuan, demagogian eta errealitatea kontuan hartzen ez duten planteamenduak alde batera utzita.
- Halaber, uste dugu beharrezkoa dela zerga armonizazioan sakontzea, eta hiru aldundiak elkarlanean aritzea. Eztabaida honetan ere ezin dugu ahaztu ekarpen legearen erreforma, premiazko kontua delako Gipuzkoarentzat”.
Aurreneko aldiz ,euskal erakunde ezberdinetako ordezkariok, Lehendakariak barne, atea ireki diogu erreforma fiskalari, behar hori berbalizatuz. Uste dut aurrerapen garrantzitsua dela.
1754