Ikerketaren, garapenaren eta talentua erakartzearen aldeko apustua finkatu du Foru Aldundiak
Ikerketaren, garapenaren eta talentua erakartzearen aldeko apustua finkatu du Foru Aldundiak
Diputatuen Kontseiluak 4,8 milioi eurotik gorako inbertsioa onartu du esparru honetan egitasmoa gauzatzeko
Gaurko Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman die bi diru laguntza deialdiri: alde batetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Gipuzkoako zentroen ikerketa eta inbertsio proiektua babesteko; eta bestetik, talentua erakarri eta lurraldean finkatzeko Fellows Gipuzkoa egitasmoa gauzatzeko. Bi egitasmo horietara 4,8 milioi eurotik gora bideratuko ditu 2018an, aurreko urteko diru kopuruari eutsiz. Europa mailan I+G arloan Gipuzkoa “puntako eskualde” gisa kokatzea dute helburu biek ala biek: “Etorkizuneko Gipuzkoa eraiki ahal izateko gakoetako bat da ikerketa eta ezagutza aurreratua bultzatzea, eta hori aplikatzea”, adierazi du gaur Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Aurreneko egitasmoak 4.341.000 euroko diru kopurua izango du. Ikerketa eta garapen arloan diharduten hainbat eragilek osatzen dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea. Irabazi asmorik gabeko entitateak dira guztiak, eta horien artean daude Teknologia Zentroak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroak, Enpresei lotutako I+G arloko Unitateak, Osasunari lotutako Ikerketa Institutuak, edota Unibertsitateko Ikerketa Azpiegiturak. Sare horrek presentzia nabarmena dauka gure lurraldean, askotariko ikerketa arlotan diharduten hainbat zentroren eskutik.
Erakunde horiek egiten duten ahaleginari laguntzea du helburu egitasmoak, I+G proiektuak garatzeko eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioak egiteko. “Aldundia lanean ari da Gipuzkoarentzako etorkizun hobea eraikitzeko, non enpresek eskuratu ahal izango dituzten teknologia aurreratuenak eta gauza izango diren balio erantsia eta kalitatezko lanpostuak sortzeko, non pertsonek ezagutza eskuratuko baitute hortik enpresa berriak sortzeko, non ezagutza honek terapia modernoenak, adinekoentzako zaintzarik onenak eta zerbitzu egokienak garatzeko aukera emango baitu. Xede horiei erantzuten die deialdi honek ere”, azaldu du foru bozeramaileak.
Gaur onartutako egitasmoaren bitartez, lau motatako proiektu babesten dira: enpresetako I+G unitateak garatutakoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen beste unitate batekin edo gehiagorekin elkarlanean; enpresako I+G unitate berriak sortzen dituztenak; ekipamendu edo azpiegitura aurreratuetan inbertitzera bideratutakoak; eta I+Gkoak, bereziki Euskadirako RIS3 Estrategiaren markoan estrategikotzat definitutako lehentasunekin harremana dutenak, hau da, fabrikazioa aurreratua, energia berriak eta biozientziak/osasunean. Diru laguntzek proiektuaren % 100 kostua har dezakete zenbait kasutan, 100.000 euroko mugarekin.
Legealdi honetan, 2015. urtetik 2017ko deialdira bitarte, Foru Aldundiak 11,8 milioi euro inguru bideratu ditu egitasmo horretara, guztira 173 proiektu diruz laguntzeko: horietatik, 25 enpresetako I+G unitateek bultzatutakoak, 46 inbertsiokoak, 100 I+G arlokoak, eta enpresetan I+Gko bi unitate berriren sorrera. Proiektuon lan esparruak mota askotakoak izan dira. 2017ko deialdian, adibidez, eta I+G unitateei erreparatuz, kardiologiari eta onkologiari bideratutako aplikazioak, edota aerosorgailuetarako hobekuntzak finantzatu ziren, besteak beste.
Inbertsioen artean, berriz, hauek izan ziren aipagarrienak diru kopuruari erreparatuta: fluoreszentziadun mikroskopio bat erostea CIC Biomagunerentzat, PVD makina Tecnaliarentzat, BCBLko Erresonantzia Magnetiko Funtzionalerako ekipoa berritzea, edota Fagor Aoeteken neurketa linealerako zehaztasun handiko bankada batean inbertitzea. I+G proiektuen arloak ere era askotakoak izan dira, neurri handi batean Fabrikazio Aurreratuarekin eta Biozientziak/Osasunarekin lotutakoak.
Urteetan zehar, sortu diren beharrei egokituz joan da egitasmoa, eta legealdi honetan ere zenbait berritasun bultzatu dira. Hala, deialdira aurrekontu handiagoa bideratu da, EHU-UPVko B motako ikerketa taldeek onuradun izateko aukera izan dezaten, eta zentro nagusiek proiektu bat baino gehiago aurkezteko aukera eduki dezaten. Horrez gain, eta RIS3 Estrategiako esparruei -fabrikazioa aurreratua, energia berriak eta biozientziak/osasuna- lehentasuna ematen jarraitu badu ere, proiektuetan bestelako arloak jorratzeko bidea zabaldu da.
Bestalde, enpresetako I+G unitateen eta beste zentroen arteko elkarlana hartu da kontuan, unitateei kontratazioa baldintza gisa eskatu gabe. Gainera, 2017ko deialdian, baldintzak malgutu ziren enpresetan I+Gko unitate berriak sortzeko diru laguntzak eskuratu ahal izateko. Iaz, esaterako, bi unitate berriren sorrera babestu zen: Angulas Aguinaga Research Center eta Sabicolabs. I+G enpresa berriek Sarearekin bat egiteak balio handia dauka, enpresa horiek ikerketan eta garapenean inbertitzeko hartzen duten konpromisoagatik.
Maila handiko ikertzaileak
Talentudunak erakartzeko eta eusteko Fellows Gipuzkoa Programari dagokionez, 480.000 euroko aurrekontua edukiko du, Gipuzkoan ikertzen duten entitateek nazioarteko goi mailako prestakuntza duten ikerlariak kontrata ditzaten laguntzeko helburuarekin. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bidez bultzatutako apustu estrategiak kontuan hartuta, bereziki baloratuko dira arlo horietara bideratutako lanak, hau da, elektromugikortasunera eta energia biltegiratzera, zahartzea edo Gipuzkoako Foru Aldundiak gure Lurraldetarako giltzarri identifikatutako beste erronketara.
Ikerlarien nazioarteko formazioarekin batera, Euskal Herriarekin lotura edukitzea aintzat hartuko da, ikerlarien itzulera errazteko asmoarekin, eta eskaera egiten duten entitateei kontratatutako pertsona hiru urtez mantentzeko konpromisoa eskatuko zaie. Emakumeak sartzea bereziki bultzatu nahi da, ikerlariaren kolektiboan gutxiago dira eta. Gainera, aurreko urteetako jarduerari jarraipena eman nahi zaio, egitasmo honetan parte hartu zuten ikerlariei babesa luzatuz, eta berriak erakarriz.
Horretarako, Fellows Gipuzkoa Programak bi ekintza mota aurreikusten ditu: bat ikerlariak erakartzeko, eta hartara, nazioarte mailako formazioa duten pertsonek Gipuzkoako hainbat entitatetako ikerketa-taldeak aberasteko; eta bestea, ikerlari horiei eusteko, eta entitate onuradunek hiru urtean zehar ikerlari horiei eusteko hartu duten konpromisoa babesteko. Gaurko Kontseiluan onartutako bi deialdietan, eskaerak aurkezteko epea aurtengo martxoaren 22an bukatzen da.
2000. urteaz geroztik, 36 ikertzaile etorri dira Gipuzkoara lanera deialdi horren eskutik. 2016an, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen zentro guztietara zabaldu zen deialdia, eta 9 ikertzaileri eman zitzaien babesa. Iaz, berriz, 10 ekintza lagundu ziren guztira. Gaur onartutako egitasmoa Gipuzkoa Talent estrategiaren barruan kokatzen da. Horren bitartez, gaur egun atzerrian lanean ari diren, nazioarte mailan esperientzia zabala eta prestakuntza maila ere handia duten 250 lagunek baino gehiagok aukera izan zuten Gipuzkoako 30 enpresen lana eta enplegu aukera zuzenean ezagutzeko, Gipuzkoa Talent Forum ekimenaren bigarren edizioari esker, zeina Miramon Teknologia Parkean egin baitzen joan den abenduaren 27an.
Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, talentua duten pertsonak “funtsezkoak” dira Gipuzkoa aurreratua eraikitzeko. “Lurraldeko ikerketa taldeetan nazioarte mailan bidea egin duten eta formakuntza bikaina duten pertsonak engaiatzeak, aberastu egiten du talde eta entitate horien jarduera. Talentua erakartzea ezagutza aurreratua eskuratzea da, gure zentro eta enpresetan, eta hori onuragarria da gizarte osoarentzat, laneko dinamika berriak sortzen dituelako, eta jarduera ekonomikoa suspertzen eta gure enpresak hobetzen laguntzen duelako. Apustu hori ezinbestekoa da produktu eta zerbitzu berriak diseinatzeko, eta jarduera ekonomiko eta enplegu aukera berriak sortzeko”, azaldu du.
N-634 errepidean egonkortze lanak
Bestalde, gaurko bilkuran, Kontseiluak oniritzia eman dio N-634 errepideko 25,915 eta 26,085 kilometroen artean, Getariko udal eremuan, lur-erauzketako ezponda egonkortzeko proiektuari. 538.748,85 euroko aurrekontua dute obrek, eta hiru hilabete irautea espero da. Ezponda egonkortzeko eta epe luzera segurtasun faktore nahikoa lortzeko, gutxieneko euspen tentsio bat aplikatu behar da lur-erauzketaren azaleran. Esku hartze eremuak 2.840 m2-ko azalera hartzen du. Bertan, babes-sarea ezartzea aurreikusten da. Bestalde, 26,060 eta 26,095 KPen artean, egun dagoen euste-horma berregingo da.
1889