Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ikus-entzunezkoen sorkuntzan barneratu dira 1.200 gipuzkoar nerabe, ‘Hi gazte!’-ri esker

Ikus-entzunezkoen sorkuntzan barneratu dira 1.200 gipuzkoar nerabe, ‘Hi gazte!’-ri esker

14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen artean euskarazko edukien lanketa, hedapena eta kontsumoa sustatzeko egitasmo berritzailea abiarazi da, hezkuntza sarearekin elkarlanean.

14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzea helburu, Hi gazte! proiektua abian jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, lurraldeko hezkuntza sarearekin elkarlanean. Gazteen artean euskarazko edukiak landu, zabaldu eta kontsumitzeko ohitura hedatu asmoz garatu da egitasmo berritzaile hau, bereziki sare sozialetan eraginez. Proiektuaren lehen hiru hilabetetan dagoeneko 1.200 nerabe barneratu dira lehen aldiz ikus-entzunezkoen munduan, euskaraz egin ere, hainbat gazte sortzaileren laguntzarekin.

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. Haiekin izan dira, baita ere, Iñigo Salaberria, HEIZE Euskal Eskola Publikoko Zuzendaritza Elkarteen Federazioko presidentea; Zigor Ibarzabal, Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna eta Elena Sanchez, Gipuzkoako Kristau Eskolako Pedagogia saileko ordezkaria. Izan ere, proiektu hau ikastetxetik kanpo nerabeen aisialdiarekin lotzen bada ere, ezinbestekoa izaten ari da hezkuntza sarearen partaidetza aktiboa.

“Ikus-entzunezkoen alorra hil ala bizikoa da, euskararen etorkizuna bermatzeko ahaleginean”, gogoeta egin du diputatu nagusiak, egitasmoaren berri emateko garaian.   Gogorarazi duenez, 2deo laborategia martxan jartzeko garaian egindako ikerketa batek “hainbat datu kezkagarri” azaleratu zituen. Esaterako, gaztetxoek ikusten dituzten eduki guztietatik, 10etik 7 gaztelaniaz direla, 2 euskaraz eta 1 ingelesez. “Belaunaldi berrien artean bereziki, pantailak eta sare sozialak dira edukiak kontsumitzeko euskarri nagusia. Testuinguru horretan, beraz, funtsezkoa da haur eta gazteen ikus entzunezko erreferente eta erreferentziak euskaraz aritzea”, azpimarratu du.

Irakurketa horretatik abiatuz, Hi Gazte! egitasmoaren onurak azpimarratu ditu Olanok eta gero eta Gipuzkoako nerabe gehiagorengana iristeko determinazioa adierazi du. Horretarako, aurtengo edizioa amaitzeko badago ere, dagoeneko datorren ikasturteko dinamika prestatzen ari da Foru Aldundia. “Egitasmo berritzailea da eta ikasturte honetan esperimentazio ariketa egiten ari gara, iaz sei ikastetxetan proiektu pilotu bat egin ondoren. Lehen ondorioen arabera, tekla egokiak ukitzen ari gara. Oso modu naturalean, euskaraz beren eduki propioak sortzen dituzte parte-hartzaileek eta, gainera, oso ongi pasatzen dute ariketa horretan. Dinamikak ikastetxetik kanpo egiten ari gara, aisialdiari lotutako ekintza gisa, eta sortzaile gazteak dituzte gidari, beren mintzaira eta interes gune berak dituzten pertsonak, alegia. Gainera, sare sozialen bitartez zabaltzen ditugu edukiak, zarata eta aktibitatea sortuz”, sakondu du diputatu nagusiak, zeinak osagai guzti horiei esker ekimena “arrakastaz” garatzen ari dela nabarmendu duen.

 

Sortzaile gazteak gidari

Hi Gazte! proiektua lehiaketa moduan egituratzen da, parte-hartzaileei proposatzen zaizkien desafioen inguruan, alegia, Garbiñe Mendizabalek azaldu duenez. Martxoan hasi eta ekainera arte, bi saio presentzial eta online saio bat antolatuko dira, guztira, eta datorren hilaren 16an egingo da sari banaketa ekitaldia. Ibilbide honetan guztian ikastetxeek erakutsitako “konpromisoa eta parte-hartze aktiboa” eskertu ditu Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.

Lehendabiziko erronka aurkezteko, martxoan Gipuzkoan barrena egindako aurrez aurreko saioak antolatu ziren. Horietan guztietan, sortzaile gazteak izan ziren gidari, gaur egun “jomugan” dauden musika eta sorkuntza estiloak jorratzen dituztenak: regetoia, trapa, rapa, musika elektronikoa, interpretazioa, literatura eta abar. Hain justu ere, Iratxe Aguilera Kai Nakai, Ilargi Arrizabalaga Ilargi konpositorea, Oihana Arana bertsolaria eta idazlea, Uxue Iturrate Ningra rap abeslaria, Oier Markotegi Odik musikaria eta Iholdi Beristain aktorea eta abeslaria izan ziren gidariak. Azken horiek guztiek beren lanak plazaratu, galderei erantzun eta gazteak sorkuntza prozesura gerturatu zituzten, parte-hartzaileak lema edo lelo bat sortzera animatuz.

Bigarren saioetan, berriz, Kai Nakairen eta Maialen Sorzabalbere gidoigilearen eskutik, ikus-entzunezkoen sorkuntzan jarri zuten arreta. Objektu bat proposatu zitzaien nerabeei, “atea”, eta ideia horretatik abiatuz bideo laburrak grabatu zituzten beren mugikorren bitartez. Azkenik, datozen asteetan online saio bana egin eta hirugarren erronka partekatuko du Aldundiak eta ekainaren 16an ezagutuko dugu nor den irabazlea.

Desafio guztietan, parte-hartzaileek sare sozialen bitartez partekatzen dituzte sortutako edukiak. Nabarmentzekoa da sareetan lortutako oihartzuna eta interakzioa. Egitasmoaren lehen hiru hilabetetan ia 30.000 erabiltzaile bakarrek egin dute bat Hi Gazte!-ren Instagram kontuan eta 4.600 interakzio baino gehiago lortu dituzte egitasmo honi lotutako edukiek.

Oraingoz proiektua Gipuzkoako 15 ikastetxetako nerabeekin bereziki landu bada ere, 14 eta 16 urte bitarteko edonork parte hartu dezake Hi Gazte! lehiaketan. Horretarako, egitasmoaren Instagram kontua jarraitu eta bertan argitaratuko den desafioan parte hartzea besterik ez da behar, sare sozialetara bideratutako ikus-entzunezkoak landuz. Higazte.eus webgunean xehetasun gehiagorekin jasota daude, baita ere, sariketaren helburuak, desafioen nondik norakoak, tutorialak,  sortzaileen bideoak eta abar.

  

2452