Imanol Lasak elkartasuna adierazi due Pukas-Olatuko suteak kaltetutakoei
Imanol Lasak elkartasuna adierazi due Pukas-Olatuko suteak kaltetutakoei
Sua bereziki bizia izan da eta 71 suhiltzailek eta 29 ibilgailuk parte hartu dute itzalketa lanetan
Suhiltzaileen foru zerbitzuko arduradunek lagunduta, Imanol Lasa foru diputatua Pukas-Olatu enpresak Oiartzunen dituen instalazioetara joan da, atzo bertan gertatutako sute larriaren ondorioak bertatik bertara ezagutzeko. Kaltetu nagusia izan den Pukaseko arduradunekin batzartu da, eta Aldundiaren babesa eta elkartasuna adierazi dizkie. “Familia ekintzailea da, surfaren munduan aitzindaria, eta duela urte askotatik ona erreferente argia taulen diseinu eta ekoizpenean, edota txapelketen antolaketan. Gipuzkoa munduan ezagutarazi duen marka da, zalantzarik gabe. Egoeraren gogortasunaren barruan, enpresa aurrera ateratzeko eta lehenbailehen normaltasuna berreskuratzeko motibazioarekin ikusi ditut. Gure elkarlana eskaini diegu”, adierazi du.
Era berean, suhiltzaileek egindako lana goraipatu du Diputatuak, “oso baldintza fisiko zailetan ia ahitu arte” jardun dutela azpimarratuz. Izan ere, zazpi suhiltzaile artatu behar izan zituzten ospitalean, Bidasoa eta Donostiako zentroetan bero kolpeak jasan ondoren –eta ez kea arnasteagatik-. Denek jaso dute alta batek izan ezik, eta horrek ere laster jasoko du. “Beraien konpromisoa aintzat hartu beharra dago, bai prebentzioaren alde egiterakoan, eta baita oraingoaren gisako sute gogorrei aurre egiterakoan ere”. Halaber, Donostiako Udaleko suhiltzaile zerbitzuak eskainitako laguntza eskertu du, bertako 16 suhiltzaile aritu baitira lanean.
Arkaitz Orbegozo foru zerbitzuko arduradunak aditzera eman duenez, suhiltzaileek atzoko 17:04etan jaso zuten abisu deia, eta 17:16etan bertaratu ziren. Zortzi bat ordu behar izan zituzten sua itzaltzeko, goizeko ordubata arte, gutxi gora behera, baina zazpiak arte erreten bat mantendu dute bertan egoera kontrolpean zegoela bermatzeko. Substantzia kimikoak zirela eta, sua oso azkar zabaldu zen, eta leherketak izan ziren. Oso tenperatura altuak izan ziren: kanpoko aldean 200 gradura iritsi ziren, eta barruan, berriz, 1.000 gradutik gorakoak. Suhiltzaileek lanerako erabilitako elementuetako batzuk urtu egin ziren hori dela eta. Ur-harguneekiko pabilioiak duen kokapenak, eta egunotako eguraldi beroak areago zaildu dute esku-hartzea.
Sua bereziki bizia izan zen, eta inguruko instalazioetara zabal zedin saihestea izan zen suhiltzaileen helburu nagusia. Orbegozok azaldutakoaren arabera, azken urteetan eduki duten esku-hartze konplexuenetako eta handienetako bat izan da. Horren erakusgarri dira suhiltzaileek erabili behar izan dituzten bitartekoak. 71 suhiltzaile aritu dira lanean guztira, horietatik 55 foru zerbitzukoak, bost parke ezberdinetakoak gainera –Bidasoa, Kosta, Oria, Korosti eta Goierri-. Horiei, Donostiako udaleko parkekoak gehitu behar zaizkie. 29 ibilgailu mugiarazi behar izan zituzten guztira: 13 autoponpa, 5 eskilara eta 11 arin.
Olaturen biltegiaren egiturak oso kalte larriak jasan zituen eta metalezko estalkia erori egin zen. Recambios Oiartzun, aldameneko enpresa ere kaltetu zuen zuteak. Goiko solairua erre egin zen. Bertako arduradunekin ere batzartu da Lasa, Aldundiaren babesa helarazteko.
1393