Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumen Departamentuak balio ekologiko handiko 28 kilometro ibai berreskuratu ditu Gipuzkoan

Ingurumen Departamentuak balio ekologiko handiko 28 kilometro ibai berreskuratu ditu Gipuzkoan

Debako, Oiartzungo eta Oriako arro hidrografikoetako balio ekologiko handiko 10 ibai eta errekatan jardun du Aldundiak.

Ibaietako Oztopoak Iragazkortzeko Planak 37 oztopo kendu ditu arrain-faunaren irisgarritasuna hobetzeko. Horretarako, 1.780.000 euroko inbertsioa egin da 2018-2021 aldian, eta ibaia lehengoratzeko beste 8 obra aurreikusten ditu, 420.000 euro gehiago.

José Ignacio Asensio: «Ibaiek bizia ematen diote Gipuzkoari, karbono-hustubide naturalak dira, eta horiek zaintzea eta leheneratzea funtsezkoa da gure lurraldeko biodibertsitaterako eta oreka ekologikorako».

«Deskarbonizazioaren bidean, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteaz gain, sistema ekologikoak leheneratu behar dira biodibertsitatearen krisia berreskuratzeko; hori da pertsonen eta planetaren osasunerako txertorik onena».

Datorren astelehenean Ibaien Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna ospatuko denez, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosek Gipuzkoako ibai-sarearen baldintza naturalak berreskuratzeko egindako jardueren berri eman dute, Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidariaren baitan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ahalegin handia egin du azken hamarkadetan Gipuzkoako ur-masen egoera hobetzeko.

Horretarako, 2018ko apirilean, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Oztopoak Iragazkortzeko 2020-2035 Plan Gidaria idazten hasi zen. Plan horretan, Gipuzkoako arroen egoera aztertzen da eta 228 oztoporen gainean jarduteko proposamen bat jasotzen da, 8,5 milioi euroko inbertsio ekonomikoarekin.

Dagoeneko martxan dagoen Planaren helburua da gure ibaietan arrainen irisgarritasuna berreskuratzea, eta horrek, praktikan, gure ibai sarearen % 70 iragazkortzea ekarriko du. Orain arte, 28 kilometro iragazkortu dira ibaian, balio ekologiko handikoa, 1.780.000 euroko inbertsioarekin.

Egindako iragazkortze jarduketen xehetasunari dagokionez, nabarmendu behar da gaur egun guztira 11 proiektu egin direla. Proiektu horiek Gipuzkoako 10 ibai eta erreketan (Agauntza, Alkiza, Araxes, Ermuaran erreka, Goikola, Karrika, Leitzaran, Oiartzun, Urola eta Urtsuaran) kokatutako 37 oztopo iragazkortzea ekarri dute. Oztopo horiek gure lurraldeko 3 arro hidrografikotan (Deba, Oiartzun eta Oria) eta 10 udalerritan zeuden (Alegia, Anoeta, Beasain, Elduain, Elgoibar, Idiazabal, Lazkao, Leaburu, Mendaro eta Oiartzun). Jarduera hauek balio ekologiko handia dute lurralderako; izan ere, arrain-faunaren irisgarritasuna hobetzeaz gain, ibilguetako eta ibaiertzetako biodibertsitatea orekatzen laguntzen dute.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak adierazi duenez, «ibaiak Gipuzkoari bizia ematen diote, karbono-hustubide naturalak dira, eta horien kontserbazioa eta leheneratzea funtsezkoa da gure lurraldeko biodibertsitaterako eta oreka ekologikorako». Foru diputatuak gaineratu duenez, «deskarbonizazioaren bidean, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteaz gain, sistema ekologikoak leheneratu behar dira biodibertsitatearen krisia leheneratzeko; hori da pertsonen eta planetaren osasunerako txertorik onena».

Hurrengo ekintzak

2022an zehar, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak gure ibaietako ingurumena lehengoratzeko konpromisoa betetzen jarraituko du. Aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan ibaiak lehengoratzeko 8 obra egingo dira. Zehazki, 6 presa txiki eraitsiko dira Deba, Ermuaran erreka eta Oiartzun ibaietan, eta Oiartzun ibaiko Olaetxe errota eta Urola ibaiko HUAren presa txikiak iragazkortuko dira. Ekintza berri horiek aurrera eramateko 420.000 euroko inbertsioa egingo da.

Plan Gidariaren arabera, 2020-2035 aldian, Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arro eta ibaiadarretako 228 oztoporen gainean jardungo da, arrain espezieentzat iragazkorrak diren tarteen luzera hirukoiztea lortuz. Hamabost urte hauetan aurreikusitako obra guztiak eginda, gure ibaietatik 420 kilometro baino gehiago lehengoratuko dira, arrain espezieen iragazkortasuna areagotuz. Jarduketa horiei guztiei esker, nabarmen hobetuko dira arrain espezieen migrazio arazoak; izan ere, 2035. urterako, egungo 221 kilometro irisgarrietatik 616 kilometrora igaroko gara.

Jarduketa horietako askok Europar Batasunaren finantzaketa ere badute, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak Europako proiektu askotan (POCTEFA H2Ogurea edo LIFE Irekibai,
besteak beste) aktiboki parte hartu duelako.

Lan horren berri emateko, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak aplikazio bat jarri du herritarren eskura. Aplikazio hori Obra Hidraulikoen webgunean dago (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/obrahidraulikoak), eta bertan zehaztasun osoz ikusi daitezke 2000. urtetik aurrera ibaiak iragazkortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako jarduera guztiak. Bisore horren bidez, obra horietako bakoitza banaka kontsulta daiteke eta laburpen fitxa bat sor daiteke esku hartze bakoitzaren ezaugarri nagusiekin.

  

2712