Ingurumen Departamentuak eta Surfrider Españak herritarren zientzian sakonduko dute
Ingurumen Departamentuak eta Surfrider Españak herritarren zientzian sakonduko dute
Berritasun gisa, GKEak herritarren zientzian oinarritutako doako prestakuntza programa bat proposatu du; hari esker, erakundearen hezkuntza tresnak sustatu ahal izango dira.
Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, eta Xavier Curtok, Surfrider Españako koordinatzaileak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako kostaldean dauden itsas hondakinak aztertzen jarraitzeko eta, Surfrider GKEaren bidez, arazoaren inguruan sentsibilizatu eta herritarren artean ohitura onak sustatzeko. Kontxako hondartzan sinatu dute, Donostian.
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, lankidetza horren helburu nagusia da “itsasoko zaborren arazoari buruz sentsibilizatzea, ohitura onak erabiltzea sustatzea itsas kutsaduraren eragina geldiarazteko, eta sinergia-ekintza bat sortzea Gipuzkoako erakundeen, ikasleen eta herritarren artean, problematikari konponbide bateratuak bilatzeko”. Era berean, Asensiok gogorarazi duenez, “itsas hondakinen % 80 lur barruan sortzen da, giza jardueraren ondorioz. Arazoaren errora jo behar da, eta behin betiko heldu prebentzioari eta sentsibilizazioari”.
Bestalde, Xavierren Curtoren arabera, «Surfrider erakundearentzat garrantzitsua da hainbat urtetako lankidetza honekin jarraitzea; izan ere, haren bidez Gipuzkoako lurraldean hezten, sentsibilizatzen eta datuak biltzen jarraitu dezake gure erakundeak».
Hitzarmen berrian 30.000 € inbertitu ditu Ingurumen Departamentuak, eta akordioak 3 ardatz izango ditu oinarri. Haien artean, berriro nabarmentzen da «Kostaldea eta zu» zeharkako hezkuntza proiektua, zeinaren helburua baita herritarrek hobeto ulertzea zer rol betetzen duten itsasoko zaborren arazoan inplikatutako aktoreek eta elkarrekin lan egitea arazo horri buruzko sentsibilizazioan.
Aurten, berritasun gisa, «zientziabilizazioa» landuko du Surfriderrek, alegia, herritarren zientzian oinarritutako zenbait prestakuntza teoriko-praktiko, erakundearen bi programatan sakonduz: Ocean Initiatives eta Plastic Origins. Prestakuntza hori martxoaren hasieratik ari da egiten, herritarrei irekitako saio batzuetan. María Ballesterosek, Surfrider Españako hezkuntza eta boluntariotza arduradunak, honako hau adierazi du: «Edonork antola dezake itsasoko zaborren bilketa etxetik. Baina, prestakuntza horiekin, prozesu eta urrats guztiak kontuan hartzen laguntzen dugu. Pozgarria izaten ari da parte hartzaileek dauzkagun tresnei buruz gehiago jakin eta beren harri koxkorra jarri nahi dutela ikustea».
Bigarren ardatza OSPAR kanpainetan oinarrituko da, Gipuzkoako kostaldean hondakin bilketak egiteko eta bildutako hondakinen katalogazioari buruz oinarri zientifikoko analisi bat egiteko; hartara, herritarrei hurbildu ahal izango zaie itsas zaborrari lotutako problematikari buruzko ezagutza, eta haren prebentzioan jardun ahal izango da. OSPAR programaren esparruko itsas zaborren monitorizazio zientifikoari dagokionez, aurten Murgita (Donostia), Orrua (Getaria) eta Alkolea (Mutriku) hondartzak monitorizatuko dira.
Bestalde, GKEak ez ditu ahazten ibaiak. Maiatzaren amaieran, bilketa bat antolatuko da Orioko itsasadarrean, Plastic Origins mugikorreko aplikazioa erabiliz. Kirol eta monitorizazio proiektuen arduradun Idoia Fuertesen ustez: «Halako ekintzek kirola, zientzia, ingurumena eta boluntariotza uztartzen dituzte. Haiei esker, gure ibaietan dauden kutsadura motak aztertu eta aplikazioaren erabilera susta dezakegu. Oso jarduera aberasgarria izan ohi da izena ematen duten parte-hartzaileentzat».
Surfriderrek, halaber, oinarri-oinarritik landuko du sentsibilizazioa, eta aurten Zumaiena Ikastetxea eta Mutriku BHI institutuetara itzuliko da ingurumen hezkuntzari buruzko hitzaldiak ematera eta, ondoren, bertako hondartzetan itsas zaborrak bilduko dituzte gela bakoitzarekin. Mariak gaineratu duenez, «aurten lurraldeko ikastetxe eta eskola gehiagotara iritsiko gara. Ikastetxerik bada interesa duenik, mballesteros@surfrider.eu helbidearen bitartez jar daiteke nirekin harremanetan. Ikastetxearentzat ez du inolako kosturik izango».
Bestalde, abenduaren 5erako aurreikusita dago Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatzea. Aukera paregabea izango dute hala boluntarioen erakundeek nola boluntarioek berek haien ingurunean eragin onuragarria duten proiektuetan elkarrekin parte hartzeko.
2913